Gizarte Politiken Saileko foru diputatua | 2022 04 01

Foru Aldundiak bakardadeak prebenitzeko bigarren eskola jarriko du abian Bastidan

Emilio Sola foru diputatuak eta Laura Pérez Borinaga alkateak iragarri dute Bakardadeak Eskola urteko azken hiruhilekoan jarriko dela abian, herritarrak sentsibilizatzeko eta tokiko eragileekin koordinatzeko prozesu baten ondoren

Gasteiz, 2022ko uztailaren 1a. Arabako landa ingurunean bakardadeak prebenitzeko bigarren eskolak badauka kokalekua jada. Arabako Foru Aldundiak aurtengo azken hiruhilekoan abian jarriko du Bastidan (Arabako Errioxa) Bakardadeak Eskolako ikastaro eta lantegien programazioa. Hala iragarri du gaur goizean Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak Bastidara egin duen bisitan, Laura Pérez Borinaga bertako alkatea lagun zuela.

Proiektu horren ezarpena eta garapena herriko udalarekin izandako lankidetzaren emaitza da, eta beste urrats bat da bakardadeak prebenitzeko eskolen Arabako sarea eraikitzeko, Araba a Punto nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko foru estrategiaren barruan, zeina 2024ra arte egongo baita indarrean, foru diputatuak adierazi duenez.

Foru estrategiaren funtsezko helburuetako bat da Arabako landa inguruneko udalerriak elkartzeko eta ikasteko guneez hornitzea, nahi gabeko bakardade egoerak prebenitzeko, bereziki adinekoen artean. Bigarren Bakardadeak Eskola da. Izan ere, lehenengoa iaz hasi zen Laudion, eta udalerri horretan topagune gisa finkatu da.

Laudion ikasitakoa oinarri izango da bigarren esperientzia hori garatzeko. Oraingo honetan, ezaugarri desberdinak dituen udalerri batean egingo da —Bastida, besteak beste, udalerri txikia da, 1.500 biztanle inguru baititu—.

Alkateak gogorarazi duenez, udalerriak 65 urtetik gorako 338 pertsona ditu bere bi herriguneetan, hots, Bastidan eta Gatzaga Buradonen —% 48 emakumeak eta % 52 gizonak—; hau da, biztanleriaren % 23 inguru. Adineko horietako 84 bakarrik bizi dira.

Laura Pérez Borinagak gaineratu du Bakardadeak Eskolaren jarduera bat datorrela udalerri horretako udalak iaz egin zuen pertsona nagusiekin egindako partaidetza prozesuarekin eta prozesu horretatik ateratako ondorioekin. Era berean, iragarri du eskolaren behin betiko kokalekua herriko lehengo osasun zentroa izango dela, egokitze lanak egin ondoren, eta, bien bitartean, jarduerak Kultura Etxean egingo direla.

Bakardadeak Eskola Bastidan ezartzeko lehen fasean, udalerrian dagoeneko lanean ari diren gizarte eragile guztiak aintzatetsiko dira, eta egiten dituzten jarduerak ezagutuko dira, ekimenen artean sinergiak ezarri eta koordinatu ahal izateko. Fase horretan, “komunitate ehule” deritzonak, zeina figura gakoa baita prozesuan, Emilio Solak nabarmendu duenez, herritarrak sentsibilizatuko ditu eta eskolaren ezaugarri eta jardueren berri zabalduko du.

Bigarren fasean, urte horretako azken hiruhilekoan, inguruko eragile publiko zein sozialek sustatutako jarduerak programatzeari ekingo zaio, bai ikastaro eta lantegietakoak, bai elkartasun komunitarioko jarduerak.

Bakardadeak Eskolaren helburua da pertsonei tresna eta trebetasun sozialak ematea, modu egokian aurre egin diezaieten bakardade sentimenduak eragin ditzaketen inguruabar edo faktore batzuei, jakin dezaten nola kudeatu galerak –osasuna, maite dituzten pertsonak, autonomia, motibazioa, ilusioa edo bizi helburua–, eta beren bizi proiektuak egin ditzaten, zahartzaro betea eragozten duten sinesmen mugatzaileak eta estereotipo negatiboak baztertuz.

Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi