Foru Aldundia | 2026 07 08

Foru Aldundiak abian jarri du lurraldeko zereal soroetan mirotz urdinaren eta zuriaren habiak babesteko urteroko kanpaina

Iaz mirotz urdinaren 25 habia eta mirotz zuriaren beste 4 hauteman ziren eta 43 txita babestu ahal izan ziren


Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 8a. Arabako Foru Aldundiak, aurten ere, mirotz urdinaren eta mirotz zuriaren jarraipena eta kontserbazioa egiteko kanpaina jarri du abian, lurraldeko zereal soroetan uzta lanak hastearekin batera. Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Sailak bultzatutako ekimen honen helburua da bateragarri egitea nekazaritza jarduera eta lurzoruan habiak egiten dituzten hegazti babestu horien kontserbazioa.

Programa horren bidez, Natura Ondarearen Zerbitzuak habien jarraipena egiten eta haien kokalekua bilatzen du, batez ere Arabako Lautadako, Arabako Mendialdeko eta Arabako Haranetako zereal eremuetan.  Era berean, nekazariei laguntza eskatzen zaie edozein aurkikuntza 689 23 12 11 telefonoaren bidez jakinarazteko eta errunaldien eta kumeen babesa errazteko.

Habia bat aurkitu ondoren, Aldundiko teknikariak lurzatiaren titularrarekin harremanetan jartzen dira babes neurri egokienak ezartzeko. Horien artean daude babes itxiturak jartzea, habiaren inguruko gainazala belarra moztu gabe edukitzea, edo, ahal dela, uzta atzeratzea txitak hegan egiteko behar den adinera iritsi arte.

Nekazaritza sektoreak biodibertsitatea kontserbatzean izandako parte-hartzearen aitortza egiteko, Foru Aldundiak konpentsazio ekonomikoak aurreikusten ditu emandako laguntzagatik. Laguntza horien artean daude 50 euroko ordainketa finkoa antzemandako habia bakoitzeko, 300 eurokoa uzta atzeratzeagatik eta 500 eurokoa  kumeek habia utzi arte hektarea bat uzta bildu gabe edukitzeagatik. Aurreko kanpainan, foru erakundeak 3.600 euro baino gehiago zuzendu zituen babes neurri horietara.

2025ean lortutako emaitzek jarduketa horrek garrantzia duela islatzen dute.  Kanpainan zehar, mirotz urdinaren 25 habia eta mirotz zuriaren 4 hauteman ziren eta haien jarraipena egin zen, eta 43 txita babestu eta salbatu ziren, teknikarien eta nekazarien arteko lankidetzari esker.

Mirotz urdina (Circus pygargus) eta mirotz zuria (Circus cyaneus) espezie mehatxatuen estatuko eta foru aldundiko katalogoetan sartuta daude.  Lehenengoa, kaltebera gisa katalogatuta dago, eta bigarrena, interes bereziko espezie gisa. Bi espezieek lurrean egiten dituzte habiak, batez ere zereal laboreen soroetan (garagarra, oloa eta garia), eta labore horiei eragiten dieten karraskariez eta ornogabe handiez elikatzen dira. Horregatik, izurriteen kontrol biologikoko lan handia egiten dute, eta espezie batzuk kontrolatuta izaten dituzte, gainpopulaziorik egon ez dadin. Hortaz, euren harri koxkorra jartzen dute ekosistemen funtzionamendua hobetzeko.

Arabako Foru Aldundiak kanpaina honetan laguntzeko eskatu die nekazaritzan lan egiten duten pertsona guztiei, eta gogorarazi du uztan dabiltzala habia bat aurkituz gero, funtsezkoa dela arrautzak edo txitak ez maneiatzea, behar besteko azalera segatu gabe uztea eta aurkikuntza berehala jakinaraztea, espezie horien eta haien kumeen babesa bermatzeko.
 

Foru Aldundia Ingurumena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi