Foru Aldundiak zaintzako toki ekosistemen programa pilotu bat jarri du abian Urkabustaizen Laguardian eta Arraia Maeztun - arabapress
Foru Aldundiak zaintzako toki ekosistemen programa pilotu bat jarri du abian Urkabustaizen, Laguardian eta Arraia-Maeztun
Helburua da zaintza eredu komunitarioago, koordinatuago, prebentiboago eta pertsonengan zentratuago baterantz aurrera egitea, beren komunitate ingurunean eta etxeetan ahalik eta gehien iraun dezaten
Gizarte, osasun eta komunitate zerbitzuak gehiago integratzearen alde lan egin nahi da, eta hirugarren sektore sozialarekin eta ekimen pribatuarekin lotu, arretaren diseinua eta kudeaketa pertsonalizatua egiteko

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 5a.Arabako Foru Aldundiak, Gizarte Politiken Sailaren bidez, zaintzako toki ekosistemen programa pilotu bat abiarazi du Urkabustaizen, Laguardian eta Arraia-Maeztun, lurralde historikoko hiru landa udalerritan. Programak zaintza eredu gero eta komunitario, koordinatu, prebentibo eta pertsonengan zentratuago baterantz aurrera egin nahi du.
Zaintzako toki ekosistemen helburua da udalerri bakoitzean dagoen koordinazioa eta elkarrekiko zaintza aitortzea eta lehendik dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko lan egitea. Inplikatutako pertsonen eta eragileen entzute eta parte hartzetik abiatuta, proiektuaren helburua da udalerrrian gizarte zerbitzuak, osasun zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak integratzea eta hirugarren sektore sozialarekin eta ekimen pribatuarekin lotzea, arretaren diseinua eta kudeaketa pertsonalizatua egiteko.
Ekimena herritar guztiak inplikatzen dituen zaintzaren kultura sustatzean oinarritzen da, herri zaintzaile eta herri zainduak eraikitzeko eta pertsonak beren gizarte eta komunitate ingurunean ahalik eta denbora gehien egon daitezen errazteko.
Azken asteetan Urkabustaizen eta Laguardian programa hasi ondoren, gaur goizean lehen lan saioa egin da Arraia-Maeztun. Bertan izan dira Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputua, Nuria Pascual Berrikuntzaren, Kudeaketa Sistemen eta Ebaluazioaren zuzendaria eta Ana Asun Fernández de Monje alkatea.Topaketa horretan, oinarrizko gizarte zerbitzuetako, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE), Arabako ESIko eta herriko osasun zentroko profesionalek parte hartu dute.
Gorka Urtaran: “Udalerrien errealitatera egokitutako hurbileko zerbitzuak”
Gorka Urtaranek pertsonak beren ingurune komunitarioetan eta etxeetan geratzea sustatzen duten Europako estrategiekin lerrokatutako zaintza politika publikoetan kokatu du proiektua. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela aurrera egitea “pertsona eta haren harremanak ardatz dituzten arreta ereduetarantz, eta prebentzio ikuspegiarekin, hurbileko zerbitzuetan oinarrituta eta udalerrien eta haien inguru naturalaren errealitatera egokituta”.
Era berean, foru diputatuak azpimarratu du komunitate inguruneetan laguntza eta zaintza sareak indartu behar direla, eta “lotura eta atxikimendu espazioak” sortu behar direla, komunitatean zaintzak eta erantzunkidetasuna hobetzeko. “Azken batean, komunitate ikuspegia duen zaintzaren kultura sustatu nahi da, pertsonak non eta nork artatzea nahi duen ere kontuan hartuta”.
Lan metodologia, udalerriko zainketetan inplikatutako eragile guztien parte hartzean oinarritua, hainbat fasetan garatuko da: zainketen toki egituraren hasierako diagnostikoa egitea, ekintza pilotuak abian jartzea, ebaluazioa egitea eta Areté-Activa erakundearen laguntza teknikoa amaitu ondoren ekosistemaren jasangarritasuna bermatzeko behar den lana.
Hasierako diagnostikoari esker, funtsezko eragileak eta dauden baliabideak identifikatu ahal izango dira, bai eta zainketen tokiko sistemaren indarguneak eta ahuleziak ere. Horrek oinarri sendoa sortuko du, protagonistek beren ingurunearen benetako beharrei erantzungo dieten ekintza adostuak diseinatu ahal izan ditzaten.
Adinekoak, migrazioa, desgaitasuna...
Programak gizarte, komunitate eta osasun ikuspegiak integratzeko aukera emango du, hainbat kolektiboren erronkei ekiteko –adinekoak, migratzaileak, adingabeak, indarkeriaren biktimak, desgaituak, besteak beste –, denboran jasangarriak izango diren proiektu pilotuak eraikitzea erraztuko duen diagnostiko batetik abiatuta.
Ereduaren funtsezko elementua hausnarketarako eta diseinurako partaidetza guneen garrantzia izango da, eta gune horiek erakundeetako eragileen eta herritarren ordezkaritza izango dute. Komunitatearen ahalduntzea eta zaintzan partekatutako erantzukizunari buruzko kontzientzia kolektiboa indartzera bideratutako partaidetza izango da.
Proiektuaren finantzaketa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriotik dator, Euskal Autonomia Erkidegoak garatu beharreko proiektuetarako Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren eskutik.

