Gizarte Politiken Saileko foru diputatua | 2023 02 09

Foru Aldundiak arretaren kalitate adierazleen sistema bat jarriko du abian Arabako egoitzetan

 “Gure helburua da Arabako egoitzen sare osoa etengabe hobetzeko tresna garrantzitsu bihurtzea”, azaldu du Emilio Sola foru diputatuak

Gasteiz, 2023ko otsailaren 9a. Arabako Foru Aldundiak gizarte zerbitzuetako arretaren kalitate adierazleen sistema bat jarriko du abian. Proiektua datozen hilabeteetan abiaraziko da lurraldeko adineko pertsonentzako egoitzetan, eta pixkanaka ezartzen joango da gainerako gizarte zentro eta zerbitzuetan. Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak aurreratu duenez, helburua da kalitate adierazleen sistema hori “Arabako egoitzen sare osoa etengabe hobetzeko tresna garrantzitsu bihurtzea”.

Horretarako, Gizarte Politiken Sailak dagoeneko jaso ditu Arabako egoitza zentroek inkesta bati emandako erantzunak. Hain zuzen, inkesta horri esker, jakin ahal izango da “nola dauden Arabako egoitza publikoak eta pribatuak kalitatearen ebaluazioari dagokionez, ondoren adierazle baliozko, fidagarri eta erabilgarrien sistema bat sektorearekin adosteko eta ezartzeko”, gaur goizean Emilio Solak adierazi duenez.

Iñaki Artaza Gizarte Politiken Saileko Berrikuntzaren, Kudeaketa Sistemen eta Ebaluazioaren zuzendaria lagun zuela, foru diputatuak honako hau nabarmendu du: “administrazioen betebeharra da erantzukizun publikoko zerbitzuetan ematen diren zainketen kalitatea hobetzen laguntzea”. 

Ildo horretan, zehaztu du azken urteotan Foru Aldundia helburu horrekin konprometituta egon dela, abian jarri baitira gizarte zerbitzuetako arretaren kalitatearen ataria eta BeBai jardunbide egokien aitorpena, Gizarea arreta eredu berria eta ikuskatze plan berria, zeinaren bidez kalitate planak sartuko baitira pixkanaka Arabako egoitzetan. 

Orain arretaren kalitate adierazleen proiektu bat ezartzea “aurrerapauso bat da norabide horretan”, eta gaur egun egoitza zentroetarako eskatzen diren baldintza materialak, funtzionalak eta langile arlokoak osatzen ditu.

Egoeraren diagnostikoa
Proiektuak zenbait fase ditu. Martxoan, jardunaldi tekniko batean, zentroei egindako inkestaren emaitzari helduko zaio egoitza guztiekin. Gizarte Politiken Sailak galdera hauek egin ditu inkesta horretan: langileek benetan lan egindako ordu kopurua; nutrizio egoera, mina eta ultzerak edo erorikoak izateko arriskua, gogo aldartea, depresioa, bizi kalitatea eta gogobetetzea baloratzeko tresnak erabiltzea; edo pertsonen bizi historia egitea, haien lehentasunak eta nahiak jasota, besteak beste. 

Egoitza zentroei, halaber, kalitatea kudeatzeko eta hobetzeko ezarrita dituzten ekimenei buruz galdetu zaie; besteak beste, elikadurari, loturei, langileen gaitasun tekniko eta emozionalei eta erabiltzaileen eta senideen gogobetetzeari buruzko ekimenak.

Galdetegi baten bidez emandako informazioa diagnostiko bat egiteko oinarria izango da: “Arabako zentro publiko eta pribatuen sare osoaren argazki oso bat, haietan zaintzen dituzten pertsonen profilaren eta egoeraren eta haiek baloratzeko erabiltzen dituzten tresnen argazkia”. 

Sektorearekin adostua
Hortik aurrera, Foru Aldundiak nahi du “adierazleen sistema bat adostea, egoitzetako arretaren kalitatea bermatzeko, egoitzen sektorearekin lankidetzan, eta partaidetzan oinarrituta”, azaldu du Emilio Solak. Eta, azkenik, helburua da adierazle horiek “pixkanaka aplikatzea jardunean” Arabako egoitza guztietan.

Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak adierazi du horrelako ekimenek agerian uzten dutela “Arabako Foru Aldundiak egoitza arretaren kalitatea eta erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko duen konpromisoa”.

Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi