Hirigintza, lurraldea eta udalerriak | 2025 12 03

Arabako hirigintza-plangintzan genero-ikuspegia txertatzeko gida aurkeztu du Foru Aldundiak

Gure lurraldeko herri eta hiriak herritar guztientzat berdintasunezkoak, seguruak eta inklusiboak izatea lortzeko helburua duen tresna da

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 3a. Garapen sozial, ekonomiko eta politikoaren funtsezko osagaia da genero-ikuspegia giza bizitzaren eremu guztietan txertatzea. Zeharkako ikuspegia da, eta pixkanaka aberastu egin da politika publiko eta pribatuen formulazioa, gauzatzea eta ebaluazioa, eta gizarte bidezkoagoak eta orekatuagoak eraikitzen lagundu du.

Testuinguru horretan, ezinbestekoa da genero-ikuspegia hirigintza-planetan txertatzea, berdintasunerako eskubidea benetan aplikatzen dela bermatzeko, Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko arauek ezartzen duten bezala.

Arabako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako Zuzendaritzak, lurralde-garapen ekitatiboarekin eta toki-erakundeen laguntzarekin duen konpromisoan, "Arabako udalerrien hirigintza-plangintzan genero-ikuspegia txertatzeko gida" egin du. Tresna tekniko hori udalei, talde idazleei, tokiko erakundeei eta hirigintza-plangintzan inplikatutako profesionalei zuzenduta dago.

Laura Pérez Borinaga diputatuak azpimarratu nahi izan duenez, "gida tekniko bat da, non, hirigintza genero-ikuspegidun lege- eta kontzeptu-testuinguruan kokatuta, izapidetzen den bitartean genero-ikuspegia planean benetan integratzea ahalbidetzen duen metodologia bat aurkezten den, abiapuntuko egoeraren diagnostikotik hasi eta indarrean sartuko den planean neurri zehatzak sartzeraino."

Hirigintzari aplikatutako genero-ikuspegiak hiri- eta landa-inguruneak diseinatzeko aukera ematen du, emakumeek eta gizonek hiri-espazioarekin duten elkarreragina kontuan hartuta. Lurraldearen konfigurazio fisikoak eragin erabakigarria du eguneroko bizitzako funtsezko alderdietan, hala nola mugikortasunean, irisgarritasunean, ekipamenduen erabileran, gizarte-harremanetan eta segurtasun-pertzepzioan, besteak beste.

Era berean, hirigintza-plangintzako tresnak xedapen orokorrak direnez, genero-eraginaren ebaluazioa egiteko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak zuzentzeko eta ekitatea sustatzeko neurriak hartzeko legezko betebeharra dute.

Hirigintza-plangintzak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak planteatu behar ditu espazioaren erabileran, mugikortasun-eredu desberdinekin, zenbait espazio publikotan segurtasunik eza eta arriskuaren pertzepzioa arintzeko irtenbideak emanez, irisgarritasun unibertsala lortzeko, zainketen azpiegitura kontuan hartzeko, zerbitzuak ekitatez eskuratzeko, etab.

Gida honen azken helburua lurralde-eredu orekatu baterantz aurrera egitea da. Eredu hori hiri- eta landa-inguruneek osatuko dute, eta herritar guztientzat berdintasunezkoak, seguruagoak, irisgarriagoak eta inklusiboagoak izango dira.

Gida berri hau aurretik argitaratutakoei gehitu behar zaie: "Arabako Lurralde Historikoan HAPO bat egiteko prozedurari buruzko gida" eta "Arabako Gida Akustikoa"; horiek guztiak plangintza berme tekniko eta juridikoekin izapidetzea eta onartzea errazteko lanabesak dira, haien balioak babestuz garapen iraunkorra, orekatua eta berdintasunezkoa sustatuko duen lurraldea lortzeko azken helburuarekin.
 

Hirigintza, lurraldea eta udalerriak Foru Aldundia Hirigintza Lurralde Oreka Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Saileko foru diputatua Erronka demografikoa

Prentsa oharra

Jaitsi