Hirigintza Plangintzaren Arabako Erregistroaren plataforma berria aurkeztu du Foru Aldundiak - prentsa
Hirigintza Plangintzaren Arabako Erregistroaren plataforma berria aurkeztu du Foru Aldundiak
Tresna berri honekin, Araba foru erakundeak beste urrats bat eman du Administrazio Elektronikoa ezartzeko

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 24a. Natividad Lopez de Munain Ingurumen eta Hirigintza Saileko zuzendariak Plangintzaren Erregistroaren lineako plataforma berria aurkeztu die gaur goizean lurraldeko udalei, aplikazio berri horren ezaugarrien berri eman dien saio batean.
Tresna berri honekin, Araba Foru Aldundiak beste urrats bat eman du Administrazio Elektronikoa ezartzeko. Horrela, bada, tresna horren helburua da eraldaketa digitalaren erronkaren esparruan legeriak administrazioei eskatzen dizkien baldintzak bermatzea, hirigintza plangintzaren izapidetzearen esparruan.
Araban, hasierako eta behin-behineko onespenaren lehen faseak udalei dagozkie; aitzitik, foru aldundiaren eskumena da 7.000 biztanletik beherako udalerrien plan orokorrak behin betiko onestea eta 3.000 biztanletik beherako udalerrien antolamendu xehatua garatzeko planak behin betiko onestea.
Lehenengo fase batean, LINEAko plataforma berri honi esker, Arabako udalek hirigintza plangintzako dokumentu teknikoak izapidetu eta administrazio espedientea autentifikatu ahal izango dute, dagozkien faseetan. Era berean, Arabako Foru Aldundiak plataformatik bideratuko ditu behin betiko onetsitako hirigintza planak.
Foru Aldundian ezartzeko bigarren fase batean, aplikazioak Hirigintza Plangintzaren Arabako Administrazio Erregistroa kudeatzeko ere balioko du, duela hamar urte Plangintzaren Arabako Erregistroa sortu eta arautzen duen 14/2009 Foru Dekretua betez ezarri zen aplikazioaren ordez.
Azken batean, aurkezten den Hirigintza Plangintzaren Erregistroaren plataforma berriak funtzio bikoitza du. Alde batetik, hirigintza planen izapidetze digitala eta administrazio espedienteen autentifikazio digitala ahalbidetzea. Eta bestetik, “hirigintza planak behin betiko onesteko eta Hirigintza Plangintzaren Arabako Erregistroan inskribatzeko prozeduretan, Arabako udalek foru erakundearekin harreman elektronikoak izan ditzaten erraztea eta bermatzea”, Natividad Lopez de Munain zuzendariak zehaztu duenez.