Enplegu sustapena | 2022 09 22

Foru Aldundiak tresna berriak aurkeztu ditu ihes jokoak enplegurako prestakuntzan aplikatzeko

  • Cristina González: “Berrikuntza gakoa da kolektibo behartsuenek eta laneratzeko zailtasunak dituztenek prestakuntza ekintzetan parte hartze handiagoa izan dezaten”
  • Tresnak doan eskura daitezke hemen: elmetproject.eu

 

Gasteiz, 2022ko irailaren 22a.- Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak jendaurrean aurkeztu ditu gaur ELMET Europako proiektuaren emaitzak. Lineako tresnen multzo bat da, ihes jokoen metodologia enplegurako lanbide heziketan aplikatzera bideratua.

Tresna horiek doan eskura daitezke elmetproject.eu web atarian, eta enplegurako prestakuntzako profesionalentzat eta prestakuntza zentroetarako dira.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak ELMET proiektuaren azken hitzaldiari hasiera eman dio, eta adierazi du prestakuntzaren arloko berrikuntza inoiz baino beharrezkoagoa dela kualifikazio txikita eta laneratzeko zailtasunak dituzten prertsonek prestakuntza jardueretan duten parte hartze txikiari buelta emateko.

“Prestakuntza ezinbestekoa da pertsona eta kolektibo horien enplegagarritasuna hobetzeko, eta, horretarako, erakargarriagoa izatea lortu behar dugu. Hori da ELMET proiektuaren izateko arrazoia: metodologiak eguneratzeko, kolektibo behartsu horiek prestakuntza ikastaroetan gehiago parte hartzeko eta haien laneratzea hobetzeko tresnak sektorearen esku jartzea.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saila ELMET Europako proiektuaren garapenaren buru izan da, esperientzia handiko beste lankide batzuekin batera: Thessalyko Unibertsitatea (Grezia), Business Foundation for Education (Bulgaria), Citizens in Power hezkuntza ikerketarako zentroa (Zipre) eta Media Creativa hezkuntza berrikuntzan espezializatutako enpresa (Espainia).

Proiektu hori 2020. urtearen amaieran jarri zen abian, eta gaur amaitu da azken hitzaldi horrekin, zeinean emaitzak aurkeztu baitira: ikastaro bat, enplegurako prestakuntzako profesionalak ihes jokoen diseinuan trebatzeko, irakasteko tresna metodologiko gisa; eta gida bat, ihes joko digitalen sorkuntzan gidatzeko.

Horrez gain, hiru offline ihes joko eta beste hiru lineako ihes joko ere eskaintzen ditu, gaur egungo lan merkatuaren hiru arlo gakotan trebatzeko: gaitasun digitalak, ingurumen jasangarritasunaren arloko trebetasunak eta soft skills (pentsamendu sortzailea eta kritikoa, komunikazio eraginkorra, talde lana eta kultura arteko giroetako lankidetza).

Produktu horiek guztiak eskuragarri daude elmetproject.eu webgunean, proiektuan parte hartzen duten herrialde guztietako enplegurako lanbide prestakuntzako irakasleek, ikaskuntza metodologia aktiboetan adituek eta pedagogoek testatu eta baliozkotu ondoren. Hain zuzen, horrek emaitzen dimentsio europarra nabarmentzen du, eta azken kalitatea bermatzen.

ELMET proiektuaren azken hitzaldia gaur izan da Dendarabako Vital Fundazioaren B aretoan, eta mahai inguru bat ere egin da: “Innovación metodológica en la formación para el empleo ante los retos del mercado de trabajo del siglo XXI”. Bertan izan dira Juan Carlos Ibarrola Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako zuzendaria, Juan Antonio Sánchez Corchero Europa Institutuko lehendakaria eta Xabier López de Santiago Egibideko Berrikuntzako eta Erakunde Harremanetarako zuzendaria.

Enplegu sustapena Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru diputatua Foru Aldundia

Cristina Gonzálezen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi