Mugikortasuna | 2025 01 27

Foru Aldundiak martxoaren 31ra arte luzatu ditu Alavabuseko eta eskualdeko garraioko aparteko deskontuak

Hobaria % 50ekoa izango da BAT anonimoarekin, eta % 72ra artekoa BAT pertsonalizatuarekin, zenbat bidaia egiten den

Jon Nogales: "Deskontuek orain arte bezala jarraituko dute egoera argitzen den bitartean. Foru garraioaren erabiltzaileak ez dira kaltetuko dekretuaren aurka bozkatu zuten taldeen arduragabekeriaren ondorioz"

Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 27a. Arabako Foru Aldundiak datorren martxoaren 31ra arte mantenduko ditu Alavabus eta eskualdeko garraioaren txartel arruntaren prezioan aparteko deskontuak. Ordura arte, erabiltzaileek % 50eko deskontua izango dute BAT, BARIK eta MUGI txartel anonimoekin, eta % 62 eta % 72 artekoa BAT pertsonalizatuarekin, hilean egindako zenbat bidaia egin den.

Foru Gobernu Kontseiluak bihar onetsiko du deskontu horien luzapena, "neurri honi jarraipena emateko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko ibilgailu partikularraren alternatiba gisa. Nahi duguna da joan den astean Kongresuan deskontuak luzatzeko dekretuari uko egin zioten talde politikoen arduragabekeriak erabiltzaileei kalterik ez egitea", azaldu du Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak.

Nogalesek dio bi hilabeteko luzapen horrek hobari horiek bermatzen dituela, Espainiako Gobernua formulak bilatzen ari den bitartean dekretu horretan jasotako garraio publikoa babesteko neurriak onesteko.

Deskontuen luzapena Alavabuseko bidaiarien errepide bidezko garraio erregularraren hogei lineetara hedatzen da, zeinak hauexetan taldekatuta baitaude: Araba Erdialdeko, Aiaraldeko eta Arabako Errioxako emakidak; Gasteiz/Miranda de Ebro eta Gasteiz/Durango lineak, eta Bilbo-Logroño eta Bilbo-Iruñea ibilbide luzeko lineak. Hobari hauek eskualdeko garraio linea guztiei ere aplikatuko zaizkie.

Aldi baterako neurri hau indarrean da 2022ko irailetik, eta bat dator Arabako Foru Aldundiaren eta gainerako euskal administrazioen mugikortasunaren arloko ekintza gidatzen duten ildo estrategikoekin, besteak beste, Arabako Klima Estrategia 2050 edo Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea. Haien helburua da garraiobide kolektiboek gehiago parte hartzea mugikortasunean, ibilgailu partikularra gutxiago erabiltzea eta energia kontsumoa eta emisioak murriztea.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak txartel arruntaren prezioa eguneratuko du otsailaren 1etik aurrera –BAT, BARIK edo MUGI garraio txartel gabeko prezioa-, Araba Erdialdeko, Aiaraldeko, Arabako Errioxako eta Miranda/Gasteiz/Durangoko emakidetan (% 0,62ko igoera linea guztietan) eta Bilbo-Logroño ibilbide luzeko linean (% 3,05eko igoera). Igoera horiek eragina dute kostuen igoeran, kontratuetan ezarritakoaren arabera.

Mugikortasuna Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi