Gizarte Politiken Saileko foru diputatua | 2022 05 26

Foru Aldundiak ekainetik aurrera indartu egingo du desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako beste bi laguntzadun etxebizitzetako arreta

Begiraleen errefortzua izango dute eguneko 24 orduetan, eta horrek egoiliarrei arreta iraunkorragoa ematea ahalbidetuko du

Gasteiz, 2022ko maiatzaren 26a. Ekainaren 1etik aurrera, Arabako Foru Aldundiak hezitzaileen errefortzua handituko du, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako beste bi laguntzadun etxebizitzetako erabiltzaileei eguneko 24 orduetan arreta emateko.

Orain arte, Batzar Nagusietako eta Easoko etxebizitzek ez zuten hainbeste arreta ordu, eta erabiltzaileak eguneko zentroetara eta zentro okupazionaletara joaten zirenenean ez zegoen arretarik, nahiz eta errefortzuak egiten ziren hainbat egoeratan. Egoera hori ekainetik aurrera aldatuko da, begiraleak egongo baitira eguneko 24 orduetan, eta horrek aukera emango du “erabiltzaileei ematen zaien arreta nabarmen hobetzeko”, iragarri du Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko diputatuak gaur goizean, Arabako Foru Aldundian egindako agerraldian.

Laguntzadun etxebizitzak etxerik ez duten edo, familia edo lan arrazoiengatik nahiz arrazoi pertsonalengatik, beregaintasun pertsonalaren eta gizarte integrazioaren mailarik altuenak erdiesteko behar dituzten laguntza espezifikoak ematen zaizkien etxe bat behar duten pertsonentzako dira.

Batzar Nagusietako eta Easoko etxebizitzak Gasteizen daude, eta Apdemak kudeatzen ditu, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearekin (GOFE) sinatutako hitzarmen baten bidez. Guztira, 18 plaza dituzte.

Azken urteotan, Foru Aldundiak, pixkanaka, eguneko 24 orduko arreta ematen joan da erakundeak dituen laguntzadun etxebizitza guztiei, hain intentsitate handia behar ez duten etxebizitza gainbegiratuei izan ezik, horiek autonomia maila handiagoa duten pertsonei zuzenduta baitaude.

Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi