Ingurumena | 2024 09 04

Foru Aldundiak ibilgailuen joan-etorria mugatu du Gorbeiako Parke Naturalean oreinen marrualdian

Irailaren 9tik urriaren 13ra arte, araututa geratuko da ibilgailuen joan-etorria Zuia eta Zigoitia udalerrietako lurretako pistetan eta bideetan zehar

Gasteiz, 2024ko irailaren 4a.  Arabako Foru Aldundiak irailaren 9tik urriaren 13ra arte ibilgailuen joan-etorria mugatuko du Gorbeiako Parke Naturaleko oreinen marrualdian, bai eta erabilera eta jarduera batzuk ere, Zuia eta Zigoitia udalerriei eragiten baitie.

Oreinen sakabanatze geografikoa saihesteko eta ugaltzeko aldietan edo marrualdietan hautespen naturalaren alde egiteko helburu bikoitzarekin, beharrezkoa da espeziearentzat kritikoa den aldi horretan zehar ahalik eta gehien murriztea kanpotik datozen nahasmenduak naturagune babestuaren isurialde arabarrean.

Berariaz baimendutako kasuetan izan ezik, hau da, egur, larre, luberritze aprobetxamendu edo ikerketa zientifiko baimenduen kasuan izan ezik, debekatuta egongo da ibilgailuen zirkulazioa. Marrualdian zehar igarotzeko mugak dituzten pistak eta bideak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta zaldizko ibilbideek eta mendiko bizikletaz egindakoek ere parkeko arduradunen baimena izan beharko dute.

Era berean, perretxikoak eta basafruituak biltzea debekatuta dago aldi horretan, marrualdiaren eremuan, bai eta premiazkoak ez diren basogintza jarduerak ere, hala nola sastrakak kentzea, bakanketak edo mehazketak.

Berrea behatzea
Arabako Foru Aldundiak gogorarazten du marrualdia ikusi nahi duten pertsonek horretarako gaitutako gune berezietan egin beharko dutela, alegia, entzuteko, behatzeko, argazkiak egin eta filmatzeko behatokietan. 

    Irudiak bidexketatik kanpo grabatzeko jarduerek Parke Naturalaren berariazko baimena izan beharko dute. Baimen horrek lekuak, ordutegiak eta portaera arauak zehaztuko ditu.

Marrualdi eremuaren mugaketa:

Iparraldean: Arabaren eta Bizkaiaren arteko banalerroa, Arraldeko Haitzetatik (Zuia) eta Leizarandatik (Zigoitia).

Ekialdean: Murua herritik ”Leizaranda” dermioraino, Gorbeiako harrobietara doan pista eta hortik aurrera.

Hegoaldean: A-3610 errepidearen eta Gasteiz-Altube N-622 autobiaren gainean dauden Gorbeiako baso masen behealdeko bazterra, honako herri hauen lurretan: Murua, Manurga, Zarate, Aretxaga, Markina eta Sarria.

Mendebaldean: Baia ibaiarekin paralelo doan pista, Sarria herritik ”Arraldeko haitzak” dermioraino.

Ingurumena Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi