Foru Aldundia | 2025 09 02

Foru Aldundiak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Gasteizko sorbeltz arruntaren lehen errolda koordinatu dute

Alde zaharrean, Judizmendin eta Adurtzan daude habien ia erdiak, eta landa eremuan ia bosten bat

Gasteiz, 2025eko irailaren 2a. Sorbeltz arrunta zaurgarri gisa katalogatuta dago Espainiako Hegaztien 2021eko Liburu Gorrian. Eraikinetako baoetan egiten dituzte habiak, eta bao horiek suntsitzearen eta eraikin berrietan leku egokiak aurkitzeko zailtasunaren ondorioz, populazio ugaltzailea murriztu egin da, oro har. 

Sorbeltzak nahiko ohikoak dira Araban. Udan erraz ikus daitezke sorbeltz taldeak hegan, baina ez dakigu zein den haien populazioen benetako egoera, non ugaltzen diren eta populatzeko zer joera duten.

Zenbait faktorek, hala nola nekazaritza intentsiboak eta landa inguruneetan pestizidak erabiltzeak, airean ibiltzen diren intsektu eta ornogabeen populazioak pixkanaka desagertzea dakar, eta hori da haien elikagai bakarra.    Horri klima aldaketa eta berotze globala gehitu behar zaizkio, zeinek tenperatura igotzea eta lurzoruan hezetasunik ez izatea eragiten baitute. Horrek intsektu askoren lurpeko larbei eragin diezaieke, eta, beraz, baita sorbeltzaren baliabide trofikoei ere, eta horrek larriki zailtzen du kumeek bizirik irautea.

Parametro horiek hobeto ezagutzea da Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Zentroak abian jarritako Gasteizko sorbeltz arruntaren populazioen jarraipen programaren helburua. 

Egibide Jesús Obrero prestakuntza zentroko Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko goi mailako lanbide heziketako lehen mailako ikasleek egin dute lan hori, nahitaezko prestakuntza egonaldien barruan. 

Azterketa lan horretatik, ekainean egindako lehenengo jarraipen urte honetako emaitzak lortu dira “oso positiboak izan dira, eta Arabako hiriburuko eta gertuko herrietako sorbeltzaren egoeraren lehen irudia ematen digute. Guztira 59 umatze eremu detektatu dira, eta normalean haietako bakoitzak habia bat baino gehiago izaten du", azaldu du Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatuak.

Alde zaharrean, Judizmendin eta Adurtzan daude habien ia erdiak, eta landa eremuan ia bosten bat. Habiak egiteko eremurik ohikoenak eraikinetako zulo txikiak eta teilapeetako guneak izaten dira. Bitxikeria gisa, Arabako Natura Institutuak hainbat habia kutxa jarri ditu Elizbarrutiko Mintegian sorbeltzetarako, eta haietako 9 okupatu dituzte aurten. 

Foru diputatuaren ustez, "datu horiek informazio baliotsua ematen dute ikusteko Gasteiz zenbateraino den iragazkorra hiri biodibertsitatearekin, eta eraikin eta estalkietan obrak egiteko orduan gure basa fauna errespetatzen duten irizpideak identifikatzen laguntzen dute".

Foru Aldundiaren eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren asmoa esperientzia hori urtero errepikatzea da, habien mapa osatzeko eta etorkizunean hegazti hori monitorizatzen joateko.


 

Foru Aldundia Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi