Foru Aldundiak eta Arabako Batzar Nagusiek frankismoak errepresaliatutako pertsonak omendu dituzte - prentsa
Foru Aldundiak eta Arabako Batzar Nagusiek frankismoak errepresaliatutako pertsonak omendu dituzte


Gasteiz, 2023ko irailaren 18a. Gaur goizean, Gasteizen, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Batzar Nagusiek omenaldia egin diete diktadura frankistak lurralde historikoan errepresaliatutako pertsona guztiei ekitaldi hunkigarri batean Ekitaldian, erakundeetako ordezkariek, frankismoaren biktimen kolektiboetako ordezkariek eta senitartekoek hartu dute parte.
Bi erakundeek urtero antolatzen dute ekitaldia, irailaren 18an, 1936. urteko egun horretan fusilatu baitzuten tropa frankistek Arabako Foru Aldundiko Kudeaketa Batzordeko lehendakaria zen Teodoro Olarte.
Omenaldi ekitaldian, bertaratuek minutu bateko isilunea egin ondoren lore eskaintza egin dute ‘In Memoriam’ monolitoaren aurrean, Probintzia plazako ‘Argi basoa’ eskultura multzoan, Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria eta frankismoaren biktimen senideak buru direla.
Ekitaldian izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado, foru diputatuak eta Batzar Nagusietako, Gasteizko Udaleko eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak.