Aldundiak proiektu pilotu bat abiaraziko du ikasleen artean bizikletaren erabilera sustatzeko - arabapress
Aldundiak proiektu pilotu bat abiaraziko du ikasleen artean bizikletaren erabilera sustatzeko
Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. mailako 500 ikaslek segurtasunari eta ibilbide seguruei buruzko ideiak jasoko dituzte ikastetxera joateko
Foru garraioan bidaia gehien egiten dituzten pertsonak aitortuko dira
Alavabus-en eta eskualdeko garraioaren txartelak dohainik izango dira irailaren 22an, “Autorik gabeko eguna” ospatzeko
Jon Nogales: Foru garraioak bidaiarien marka historikoa ezarri zuen 2024an, eta aurten hazten jarraitzen dugu. Bidezkoa da Arabako herritarrek garraio publikoarekin eta mugikortasun jasangarriarekin duten konpromisoa aitortzea

Gasteiz, 2025eko irailaren 15a.- Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak proiektu pilotu bat jarriko du abian aste honetan, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) Arabako ikasleen artean bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzeko. Proiektu horrek segurtasunari buruzko oinarrizko ezagutzak eskainiko dizkie 500 ikasleri udazkenean, eta ibilbide seguruak partekatuko ditu eskolara eta institutura bizikletaz joateko.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak eta Patricia Pérez Mugikortasun eta Garraio zuzendariak gaur aurkeztu dute ekimen hau Mugikortasunaren Europako Astea ospatzeko ekintzen programaren barruan. Programaren parte dira foru garraioa gehien erabiltzen duten arabarrei aitorpena egitea, informazio kanpaina berezi bat, eta Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren txartelen doakotasuna irailaren 22an, "Autorik gabeko eguna" ospatzeko.
Nogalesek azaldu duenez, Mugikortasunaren Europako Astea 2002an sortu zen, joan-etorrietan baliabide jasangarriak erabiltzeko beharraz sentsibilizatzeko, eta azpimarratu du premia hori gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa dela, gure hiri eta errepideetako auto pilaketagatik eta planetaren berotzea elikatzen duten emisio kutsatzaileak geldiarazteko premiagatik.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak, helburu horiekin bat etorriz, "programa integral" bat prestatu du. Programa horren helburua da arabarren artean ezagutaraztea Alavabuseko linea erregularrak (Gasteiz kuadrillekin eta probintzia mugakideekin lotzen dutenak) eta Eskualdeko Garraioa (landagune txikiak eta oinarrizko zerbitzuak kokatzen diren eskualde buruak lotzen dituena) osatzen dituzten foru garraio publikoaren sistema.
Horretarako, foru diputatuak azaldu duenez, datozen egunetan informazio kanpaina berezi bat egingo dugu, 46.000 informazio liburuxka postontzietan banatuta, Arabako etxe guztietan, Gasteizen izan ezik. "En línea zurekin" izena duen liburuxkan testu idatzia egongo da eta baita QR kode bat ere, informazioa emateko Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren lineen ibilbideei eta ordutegiei buruz, tarifei eta deskontu progresiboaren sistemari buruz eta txartelak online erosteko eta erreserbatzeko moduari buruz.
Halaber, informazioa ematen du emakume eta adingabeentzako eskatutako gaueko geldialdi zerbitzuaren funtzionamenduari buruz, web eta APP bidezko bidaia planifikatzaileari buruz eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu integralari buruz, 945182060 telefonoaren, posta elektronikoaren eta sare sozialen bidez.
Liburuxka Arabako etxeetara iritsiko da, hozkailuan jartzeko autobus baten forma eta Alavabusen logoa duen iman batekin, foru garraioa Arabako etxeen bihotzean egon dadin.
Kanpaina hori osatzeko, autobus geltokian Alavabuseko bidaiarien artean eta beste zerbitzu batzuen erabiltzaileen artean poltsa berrerabilgarri bat banatuko da, aipatutako liburuxkarekin, imanarekin eta "Ezagutu Araba garraio publikoan" argitalpenarekin.
Ibilbide seguruak ikastetxeetara
Mugikortasunaren Europako Astearen foru programaren bigarren ekimena proiektu pilotu bat garatzea da, ikasleek bizikleta erabil dezaten ibilbide laburreko joan-etorrietarako garraiobide gisa. Proiektu pilotu horrekin aste honetan hasiko gara Amurrio, Agurain, Dulantzi, Iruña Oka, Guardia, Oion, Kanpezu, Murgia, Zuia eta Erriberabeitiko 11 ikastetxetan.
Kanpaina Lehen Hezkuntzako 6. maila eta DBHko 1. maila hasten duten 11-13 urteko ikasleei zuzenduta dago, eta sentsibilizazio eta prestakuntza saio bat izango da. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek bide segurtasunari eta bizikletaren erabilerak dakartzan onurei buruzko ezagutzak jasoko dituzte, eta bizikletari buruz duten trebetasuna hobetzeko jolas jardueretan parte hartuko dute; DBHko 1. mailako ikasleek, berriz, mekanikari eta ikastetxera bizikletaz joateko ibilbide seguruei buruzko oinarrizko prestakuntza ere jasoko dute.
Guztira 500 ikaslek hartuko dute parte proiektu pilotu honetan, eta asmoa da programa horri jarraipena ematea. Opari gisa, ikasleek bizikletarako argi sorta bat, islagailudun motxila eta eskumuturreko batzuk, bizikletan dabiltzanean hobeto ikusteko, txirrina, konponketa kita, ur botilatxoa eta Araba Bizikletaz liburuxka jasoko dute, azaldu du Patricia Pérez zuzendariak.
Mugikortasunaren Europako Asteko programaren hurrengo ekintzaren helburua da Eguneroko bizitzan foru garraio publikoa gehien erabiltzen duten arabarrak publikoki aitortzea, 2024an Alavabusen eta Eskualdeko Garraioan bidaia gehien egin zituzten hiru pertsonak saritzeko egingo den ekitaldi baten bidez. Sariak emateko ekitaldia datorren ostiralean, irailak 19, egingo da, Foru Jauregian.
Sariak hauek izango dira: bizikleta tolesgarri bat iaz foru garraio publikoan bidaia gehien egin zituen pertsonarentzat; bigarrenarentzat 90 euroko karga duten bi BAT txartel, guztira 180 euro; eta 90 euroko karga duen BAT txartel bat hirugarrenarentzat.
Foru garraioak 2,4 milioi erabileratik gorako errekor historikoa hautsi zuen 2024an, eta aurten ere kopuru horiek hobetzen jarraitzen dugu, urtarriletik uztailera % 13 haziz... Uste dut bidezkoa dela Arabako herritarrek garraio publikoarekin eta mugikortasun jasangarriarekin duten konpromisoa aitortzea, esan du Jon Nogalesek
Amaitzeko, Alavabus-en eta Eskualdeko Garraioaren lineetako txartelak dohainik izango dira bidaiari guztientzat irailaren 22an, astelehenean, “Autorik gabeko eguna” dela eta. Hamar urte dituen neurri horrek mesede egingo die honako linea hauen erabiltzaileei: Alavabuseko 1-16 lineei, Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako emakidetan bilduta; Gasteiz Miranda de Ebrorekin eta Durangorekin lotzen duten lineak, 18. eta 19. lineak; eta Eskualdeko Garraioaren linea guztiak.
alavabus.eus web orrian daude kontsultagai linea eta emakida horien ibilbideak, geralekuak eta orduak.

