Nahi gabeko bakardadearen aurkako Arabako estrategiak auzotarren protagonismoa berreskuratuko du datorren larunbatean Laudion egingo den jai ekitaldi batean - prentsa
Nahi gabeko bakardadearen aurkako Arabako estrategiak auzotarren protagonismoa berreskuratuko du datorren larunbatean Laudion egingo den jai ekitaldi batean
"Laudioko Auzabezea-El Vecindario de Laudio" ekimenak auzo eta udalerri solidarioak, enpatikoak eta zaintzaileak sortzeko erronkari erreparatuko dio
Auzokideek udalerriaren balioak jasotzen dituen alfabeto bat eratzen lagundu dute, inor bakarrik senti ez dadin
Programa adin guztietarako jendeari bideratua da, eta egunean zehar gauzatuko da, besteak beste antzerkia, txikigunea, herri bazkaria, musika eta dantza bezalako jarduerak eginda
Gasteiz, 2023ko irailaren 18a. Nahi ez den bakardadearen aurkako "Araba a Punto" Arabako estrategiak jai ekitaldi bat egingo du datorren larunbatean Laudion. Haren helburua da lehengo auzotasunaren kontzeptua berreskuratzea, zeinaren bidez herritarrek, tokiko merkataritzak, eskolak, farmaziak eta hainbat eragilek laguntza sare oso garrantzitsua eskaintzen baitzuten, pertsonak lagunduta eta baliotsu senti zitezen. Ekitaldia Arabako Foru Aldundiak antolatu du, Laudioko Udalarekin lankidetzan, auzo eta udalerri solidarioak, enpatikoak eta zaintzaileak sortzeko erronkak duen garrantzia azpimarratzeko.
Jardunaldi horretan, jolas jardueren bidez, nahi ez den bakardadearen inguruan sentsibilizatu nahi dira herritarrak. Ekimenaren izena " El Vecindario de Laudio-Laudioko Auzabezea" da, eta hitz jokoak auzotarrek osaturiko abezedarioa bat du oinarri, udalerriaren balioak jasotzen dituena, eta elkarri laguntzen dioten eta elkar zaintzen duten auzokoen erkidego moduan "auzotasunak" daukan balioa berreskuratzea du helburu, inor bakarrik senti ez dadin. Pertsona horiek beren irudia eskaini dute udalerriaren balio bakoitza irudikatzeko, abezedarioko letrek identifikatuta horma irudi handi batean, inor bakarrik senti ez dadin.
Jai ekitaldia egun osoan zehar egingo da Herriko Plazan, eta adin guztietarako hainbat jarduera izango ditu. 11:30eko txupinazoak emango dio hasiera jardunaldiari. Gurutze Beitia aktoreak eta Mitxel Santamaria aktoreak aurkeztuko dute. Battuere Batukadaren emanladiaren eta Sorgina Txirulinaren haurrentzako antzerkiaren ondoren, Justi Larrinagak bakarrizketa bat eskainiko du, eta jai egunaren goiza dantza plazarekin amaituko da Patxi eta Konpainiaren eskutik.
Herri bazkariaren eta bingo musikalaren ondoren, Xandalo orkestrarekin dantzatu ahal izango dira (17:00etan), eta Jotake Erromeriak jaiari amaiera emango dio (19:00etan). Egun osoan txikigunea, gaztelu puzgarriak, haurrentzako jolasak eta tailerrak egongo dira.
Bakardadeari aurre egitea erronka zaila da, bizi zikloko edozein etapatan gertatu daitekeen banakako esperientzia subjektiboa da-eta. Arrunta da bakardadea zahartzaroarekin lotzea, oro har, haien babes sozialerako sareen murrizketa eta isolamendu sozial handiagoa sustatzen dituzten egoeren eraginpean daudelako adinekoak. Urteen joan-etorrian, saihestezina da galera nabariak edukitzea: lagun maiteak, lana, osasuna, autonomia… Inguruabar horien guztien ondorioz, isolamendu soziala areagotu egiten da, eta, horregatik, errazago agertu edo handitu daitezke bakardade sentipenak.
Arabako Foru Aldundiak bultzatutako Araba a Punto nahi gabeko bakardadearen aurkako estrategiak ikuspegi integral eta erkidetik lan egiten du, erakunde arteko koordinazioa bultzatzeko eta erakunde publikoen, pribatuen, hirugarren sektorearen eta, oro har, herritarren lankidetza sustatzeko. Honako hau du xede: sentsibilizazioa, prebentzioa, detekzioa eta horri aurre egiteko baliabideei zein zerbitzuei buruzko informazioa. Martxan dauden proiektuetako bat da Bakardadeak Eskolak. Lehenengoa duela bi urte jarri zen abian Laudion, eta orain Laudioko Udalak kudeatzen du.
Elkarteetan eta zerbitzu publiko zein pribatuetan parte hartzen dutenek eta gizabanakoek ere osatzen dute talde sustatzailea. Orain arte, zenbait erakundetako pertsonek osatzen dute; esate baterako, Caritas, Gurutze Gorria, Ascudean, Batekin, Nagusilan, Vivir con Voz Propia (Norberaren ahotsarekin bizitzea), Arabako Landa Inguruneko Emakumeen Sarea, Secot, Arabako Pentsionistak Lanean, Las Cuatro Torres (Lau dorreak), Ubicare, Erizainen Elkargoa, Psikologoen Elkargoa, Farmazialarien Elkargoa, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, Osakidetza, Sartu, Psikopompo eta Arabako udaletako udal ordezkariak.