Kirola | 2026 02 05

Arabako 25 kirolari, erakunde eta enpresa aitortuko dituzte Gure Kirola Sariak galan iaz izandako lorpenengatik

2025eko merezimenduengatik emango dira sariak, eta, horrez gain, erakunde, enpresa laguntzaile eta etorkizun handiko kirolariak sarituko dira

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak gala honen bosgarren edizioa antolatu dute otsailaren 12an Europa Jauregian
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 5ean. Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Gure Kirola Sariak jaia antolatu dute otsailaren 12an. Ekitaldian, Gasteizko eta Arabako kirolari, klub eta erakundeak omendu eta aintzatetsiko dituzte, 2025. urtean lortutako kirol-merezimenduengatik. Gainera, Kirolaraba Fundazioak kirola bultzatzen lagundu duten enpresak eta etorkizun handia duten kirolariak sarituko ditu.

Europa Jauregian egingo da galaren bosgarren edizioa, 18:30etik aurrera, Gasteiz hiribideko Almudena Cid aretoan.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak nabarmendu duenez, “Gure Kirola Sariak ekitaldia hitzordu paregabea da Araban dugun kirol talentu itzela aitortu eta balioesteko. Gure kirolaren bereizgarri diren ahalegina, konstantzia eta etengabeko hobekuntza irudikatzen dute sarituko ditugun pertsona, klub, entitate eta enpresa guztiek. Erreferente dira Arabako gizartearentzat eta, bereziki, belaunaldi gazteenentzat. Sail honek konpromiso sendoa du kirolarekin, dimentsio guztietan, oinarritik hasi eta goi-mailako lehiaketetara, sinetsi egiten dugulako balioak sortzeko duen gaitasunean. Horregatik, garrantzitsua da omenaldi honen bidez lorpen horiek ikusaraztea".

“Gure Kirola Sariak gala aukera ederra da bertako kirolarien ahalegina eta sakrifizioa aitortu eta balioesteko. Sariketak bikain islatzen du Udalak kirolarekin duen konpromisoa, gure hiriaren bereizgarria. Etorkizun handiko kirolariak izateaz harro dagoen hiria da gurea. Mundu osoko hainbat diziplinatan ordezkatzen gaituzte eta haurrentzako erreferente dira”, azaldu du Ana López de Uralde Kirol zinegotziak. "Kluben, federazioen, entrenatzaileen eta boluntarioen dedikazio eta lan handiaren emaitza dira lorpen horiek guztiak. Izan ere, haiei esker, Arabako kirolak arrakasta izaten jarraitzen du", adierazi du.

Guztira 22 kirolarik jasoko dituzte urrezko, zilarrezko eta brontzezko intsigniak haien ibilbide profesionala aitortzeko, eta 3 diploma banatuko dira aurreko ekitaldian lortutako arrakastengatik.

Urrezko intsignia (hori izango da ekitaldian banatuko den sari nagusia) jasoko dutenen artean, Ibon Navarro saskibaloiko entrenatzaile gasteiztarra dago, Unicaja taldearekin lortutako tituluengatik, baina baita beste kirolari batzuk ere, hala nola Sergio ‘‘Dinamita’ Sánchez Kick Boxingeko Munduko txapelduna, Salma Solaun, gimnasia erritmikoko Europako txapelduna, eta Patxi Peula, abiadura-patinajeko kontinenteko txapelduna.

Roberto Galdos parabmintoneko jokalariak eta Alba Aznar eta Óscar de Marcos erretiratutako futbolariek ere urrezko intsignia jasoko dute egindako ibilbide profesionala omentzeko. Guardiako erdilaria, Alavésen harrobian trebatutakoa, Athletic de Bilbao taldera iritsi zen 2009an, eta 16 denboraldiko ibilbidea egin zuen jokalari zuri-gorri gisa. Gainera, klubaren historian partida gehien jokatu duen bigarren jokalari bihurtu zen.

Bestalde, Alba Aznar joan den denboraldia amaitzean erretiratu zen zelaietatik, eta Alavés Gloriosas taldeko kapitaina izan zen. Zazpi denboraldi eman zituen Arabako taldean. Erdilari kataluniarra, gainera, Arabako taldeak Primera RFEF mailara eta Iberdrola Ligara egindako igoera historikoetan ere jokalari garrantzitsua izan zen.

Gure Kirola Sariak jaiaren bosgarren edizio honetan, Kirolaraba Fundazioak hainbat diziplinatako (pilota, karatea, igeriketa, curlinga, hipika, borroka, motoziklismoa, boxeoa eta samboa, besteak beste) lurraldeko etorkizun handiko 43 kirolarik jasoko dute saria.

Gainera, lurraldeko 9 enpresa ere aintzatetsi eta sarituko dituzte, txapelketak egiteko eta oinarriko klubei laguntzeko orduan kirolarekin duten lankidetza eta lotura estuaren omenaldi gisa.

Kirola Foru Aldundia

Ana del Valen adierazpenak

Ana López Uralderen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi

Sarituen zerrenda

Jaitsi