Ogasuna | 2026 04 01

Arabako Ogasunak batez beste 1.381 euro itzuliko dizkie zergadunei errentaren kanpainan

Foru Ogasunak zergadun guztien % 73ri egin dio proposamena Rentafácil bidez 

Kanpaina honetan zerga onurak aplikatuko dira etxebizitzarekin, bateratzearekin eta berdintasunarekin, gizarte aurreikuspeneko planekin, jarduera ekonomikoa hastearekin eta ingurumena errespetatzen duten ibilgailuak erostearekin lotuta
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 1a. Arabako Ogasunak batez beste 1.381 euro itzuliko dizkie zergadunei, Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak 2025eko errenta kanpainaren aurkezpenean zehaztu dituen zenbatespen ekonomikoen arabera. Foru arduradunak errenta kanpainaren berrikuntzak jakinarazi ditu: "iazko zerga berrikuspenaren ondorengo lehen kanpaina da, eta neurri horietako asko zuzenean nabarituko dira Arabako herritarren poltsikoetan. Ekarpen fiskala arintzen duen pakete batez ari gara, batez ere errenta ertain eta baxuena, zerga sistemaren ekitatea indartzen duena eta gehien behar dutenei laguntzen diena testuinguru ekonomiko zorrotz batean". 

Ildo horretan, espero da "125.705 aitorpen baino gehiago izango direla PFEZn zergadunen alde eragina izango duten neurrien onuradun", aipatu du Itziar Gonzalok. 

Foru diputatuak ohiko bizilekurako etxebizitza alokatzearen arloan aplikatuko diren zerga onura berriak aipatu ditu, "bai errentariarentzat, bai errentatzailearentzat, % 70erainoko hobari ehunekoarekin errentatzailearentzat, eta % 20ko kenkari orokorrarekin, errentariarentzat 1.600 eurora arteko mugarekin (ehuneko hori % 35era irits daiteke), 2.800 euroko mugarekin".

Era berean, lan etekinen atalasea 20.000 eurora igotzen da, eta hortik aurrera nahitaezkoa da aitorpena aurkeztea. Neurri horrek 12.200 pertsonari baino gehiagori egingo die mesede, eta 6,7 milioi euroko kostua izango duela kalkulatzen da.Zerga onurak aplikatuko dira, halaber, bateratzearekin eta berdintasunarekin, gizarte aurreikuspeneko planekin, jarduera ekonomikoa hastearekin eta ingurumena errespetatzen duten ibilgailuak erostearekin lotuta.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aurkezteko kanpaina apirilaren 7an hasi eta ekainaren 25ean amaituko da. 202.576 zergadunek aurkeztu behar dute aitorpena, iaz baino % 1 gehiago.

Itziar Gonzalok azpimarratu duenez, "Foru Ogasunak lehentasunezko helburu batekin diseinatu du kanpaina hau: aitorpena ahalik eta errazen aurkeztea, egoera bakoitzera egokitzen diren bideak eta baliabideak eskainiz.Nahierako asistentzia da, pertsonalizatua, hurbileko zerbitzua duena, eraginkorra eta arina".

Rentafácil
Rentafácil bidezko proposamenak —modalitate erabiliena— guztira 147.928 arabarrengana iritsiko dira, hots, herritar guztien % 73rengana. 

Foru Ogasunak abisu gutun bat bidaliko die zergadunei, proposamena egin dela eta haren emaitza jakinarazteko. Proposamen hori apirilaren 7tik ekainaren 17ra bitartean onartu ahal izango da web orriaren bidez, ziurtagiri digitalarekin edo gabe; 900 111 202 telefonoaren bidez; edo erakunde laguntzaileen bidez. Likidazioa onartu ondoren, Ogasunak dagokion zenbatekoa itzuliko du 48 orduko epean, gutxi gorabehera.

Rentafácileko proposamenean aldaketa batzuk egin ditzake zuzenean zergadunak, baina izapide hori aurrez aurre egitea erabakitzen badu, aurretiko hitzordua eskatu beharko du. Bulegoetan hitzordua eskatzeko epea apirilaren 9tik ekainaren 5era izango da.

Alokatutako etxebizitza batean bizi diren zergadunek eta alokatutako etxebizitzen jabeek, lehenengo kasuan, ordaindutako zenbatekoa sartu ahal izango dute eta ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkaria aplikatu, eta, jabeen kasuan, errenta gisa jasotako zenbatekoa. Rentafácileko proposamenetan, etxebizitza kontuagatiko edo dohaintzengatiko kenkariak sar daitezke.

Rentared
Foru Ogasunak, Rentared modalitatearen bidez, zergadun bakoitzari aukera ematen dio aitorpena bere ordenagailutik modu arin eta errazean egiteko, Laguntza Programa deskargatuz eta ziurtagiri digital edo B@K/BAKQ ziurtagiriarekin sartuz. "Herritarrak animatu nahi ditugu modalitate hau erabiltzera, erosoa eta erabilerraza delako", azpimarratu du Itziar Gonzalok. "Modalitate honek administrazio digitalago, irisgarriago eta herritarren beharretara egokituago batekin dugun konpromisoa islatzen du".

Rentaraba
Modalitate honen barnean sartzen dira aitorpenak gestoriek eta aholkularitzek aurkeztea eta Foru Ogasunaren aurrez aurreko arreta. Zerbitzua apirilaren 13an hasiko da, Foru Ogasunaren Vitoria-Gasteiz, Laudio eta Laguardiako bulegoetan. 

Doako zerbitzu hori zergadun guztiek erabili izango dute, salbu eta 2025ean jarduera ekonomiko batean aritu direnek, beren ohiko etxebizitza saldu dutenek, higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenek, merkataritza sozietateetako kotizatu gabeko partaidetzak saldu dituztenek, alokairu turistikorako higiezinak izan dituztenek edo lekualdatutako pertsonen araubide bereziari heldu nahi diotenek. Halaber, ezingo dute zerbitzu hori erabili etxebizitzaz bestelako bi higiezin baino gehiagoren kapital higiezinaren etekinak lortu dituztenek, jaraunspen edo dohaintza bidez eskuratutako higiezinenak eskualdatu dituztenek, edo irabazpidezko ondasunen desegitea edo indibisoaren amaiera gehiegizko esleipenarekin dutenek, edo kriptodirua eskualdatu dutenek.

Aurreikuspen ekonomikoak
Arabako Ogasunak kanpaina honetan Arabako zergadunei 195,5 milioi euro itzultzea aurreikusten du. Era berean, kalkuluen arabera, ordaindu beharreko aitorpenen dirubilketa 110,5 milioi euro izango da.

Guztira, 202.576 aitortzaile inguru espero dira, eta horietatik % 70 inguruk itzultzearen aldeko emaitza izango dute. Horiek 1.381 euro jasoko dituzte batez beste. Gainerakoek, aitorpen positiboek, 2.191 euro ordaindu beharko dituzte batez beste.

Fortuna handien gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga apirilaren 7tik ekainaren 25era bitartean aurkeztu ahal izango dira. Zerga horiek ekainaren 25a baino lehen ordaindu beharko dira.

Ogasuna Foru Aldundia Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi

2025eko errenta-kanpainaren aurkezpena

Jaitsi