Bide azpiegiturak | 2025 01 09

Bilbo/Gasteiz emakida bateratu berriak txartel merkeagoa eta hobekuntza garrantzitsuak eskainiko ditu

  • Autobuses La Unión SAri adjudikatu zaio datozen hamar urteetarako
  • Arabako hiriburuaren eta Foronda eta Loiuko aireportuen arteko linea zuzen bat hartzen du barnean

Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 9a.- Bilbo/Gasteiz emakida bateratu berrian, txartel arrunta gaur egun baino % 19,8 merkeagoa izango da, BAT, BARIK eta MUGI txartelen bidez ordaindu ahal izango da % 20ko deskontuarekin eta erabiltzaileen eskura jarriko dira hileko, hiruhileko eta urteko bonuak. Era berean, hobekuntza handiak egingo ditu erosotasun, segurtasun eta irisgarritasunaren arloan. 

Herri arteko garraio emakida berri hori modu kooperatiboan kudeatuko dute Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek, eta Gasteiz Bilborekin eta haren metropolialdearekin lotzen duten linea guztiak hartuko ditu barnean, eta berritasun nagusia izango da linea berri bat ezarriko dela Arabako hiriburuaren eta Foronda eta Loiuko aireportuen artean. Aurreikuspenen arabera, 2025. urtearen erdialdean jarriko da abian.

Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko adjudikatu dio Autobuses La Unión SA enpresari Bilbo/Gasteiz A-3700 emakida bateratua, hamar urterako, arrisku eta mentura modalitatean. Adjudikazio hori egin da lizitazio eta aurkeztutako eskaintzen balorazio prozesu konplexu baten ondoren. Prozesu horretan, Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak aktiboki parte hartu du.

Jon Nogales Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko diputatuak eta Sonia Pérez Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Saileko diputatuak nabarmendu dutenez, emakida berria abian jartzeak "hobekuntza handiak ekarriko ditu erabiltzaileentzako zerbitzura: txartelaren prezioa hobetuko da, ordutegiak zabalduko dira eta ibilgailuak eroso, seguru, eraginkor eta irisgarriagoak izango dira". 

"Eta, gainera, eskari historiko bati erantzungo dio: Gasteiz Foronda eta Loiuko aireportuekin zuzenean lotzea", gaineratu dute. 

Arabak eta Bizkaiak 2023ko martxoan adostu zuten A-3700 emakida bateratu berriaren proiektua, eta urte horretako udan onetsi zuten lizitazioa. Proiektu horren jatorria da bi foru aldundiek 2021ean sinatu zuten hitzarmena, Gasteiz eta Bilbo lotzen dituzten lineak elkarrekin kudeatzeko, hartara Arabako eta Bizkaiko herritarrei zerbitzu publikorik onena bermatzeko, baliabide publikoen erabileran efizientzia eta efikazia irizpideak kontuan hartuta.

Hobekuntza garrantzitsuak
Adjudikatutako proiektuaren arabera, A-3700 emakida bateratuak sei linea izango ditu guztira: bost une honetan jarduten duten zazpiak berrantolatzetik sortu dira, egungo mugikortasun beharretara egokitzeko –indarrean dagoen emakida 1987koa da– eta zerbitzu publikoa hobetzeko; eta seigarrena berria da, eta Gasteiz Foronda eta Loiuko aireportuekin lotuko du.

Emakida berriak hobekuntza handiak ekarriko ditu bi hiri eta lurralde historikoen arteko garraio zerbitzu publikora, indarrean dagoenaren aldean. Hobekuntza horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 

  • Gasteiz eta Bilbo arteko txartel arrunta egungoa baino % 19,8 merkeagoa izango da. Txartel arruntak 7,45 euroko prezioa du gaur egun; emakida berriko txartel arruntaren prezioa, berriz, 5,98 euro izango da.
  • BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango da, eta txartel arruntean % 20ko deskontua egingo da. Beraz, txartel horiekin Gasteiz eta Bilbo arteko bidaiaren prezioa 4,78 euro izango da. 
  • Ohiko bidaiarientzako bonuek txartel arruntaren gainean gutxienez % 25eko deskontua eskainiko dute publiko orokorrarentzat, eta % 30eko deskontua 26 urtera arteko gazteentzat. Hilekoak, hiruhilekoak eta urtekoak izango dira, gutxienez.
  • Ordutegi batzuk aldatuko dira maiztasun konstanteagoa eskaintzeko eta zerbitzua eguneko azken orduetara zabalduko da, batez ere ostiral eta larunbatetan: egunero 23:00ak arte bi noranzkoetan, eta ostiraletan eta larunbatetan 00:00ak arte.
  • Zuiako bizilagunentzat zerbitzua nabarmen hobetuko da. Izan ere, emakida berriarekin, honako bidaldi hauek izango dituzte:
    • Eskola egun diren lanegunak (irailetik ekainera): 6 bidaia noranzko bakoitzeko.
    • Eskolarik gabeko lanegunak (irailetik ekainera): 5 bidaia noranzko bakoitzeko.
    • Asteburuak: 4 bidaia noranzko bakoitzeko
  • Irisgarritasuna hobetuko da mugikortasun urria duten pertsonentzat: plataforma homologatua jarriko da eta berehala gaitzeko gordetako bi plaza egongo dira.
  • Ibilgailu berri erosoagoak (tarte handiagoa eserlekuen artean, bideozaintzako kamerak maletategian, entretenimendu sistema, wifia, USB kargagailuak, etab.), seguruagoak (segurtasun aktiboko eta pasiboko sistema berriak) eta efizienteagoak jarriko dira.
  • Bizikletak garraiatzeko ainguraketa bereziak jarriko dira maletategian. 

Gasteiz/Foronda/Loiu linea berriari dagokionez, Bizkairako ibilbidea Goya gasolina zerbitzugune zaharrean hasiko da, Florida parkearen ondoan, Arabako hiriburuko erdiguneko hotelei eta turismo ostatuei zerbitzua emateko. Hurrengo geltokiak Gasteizko autobus geralekua, Foronda eta Bolueta (Bilbo) izango dira, eta Loiuko aireportuan amaituko da bidaia. 

Autobusek Forondan eta Boluetan geldialdia egingo dute, baldin eta aldez aurretik erositako txartela duten bidaiariak badaude. Halakorik ez badago, zerbitzua zuzena izango da Gasteiztik Loiura.

Abiaburuko eskaintzan, egunean noranzko bakoitzeko bederatzi zerbitzu izango dira irailetik ekainera bitartean, eta noranzko bakoitzeko hamahiru uztailean eta abuztuan, hegaldien gehikuntzari eta udako bidaien eskari handiagoari erantzuteko. Loiura doan lehen zerbitzua 04:45ean izango da eta azkena 21:45ean; Gasteizera doazen lehen eta azken zerbitzuak, berriz, 06:30ean eta 23:30ean izango dira, hurrenez hurren. 

Linea horrek tarifa finko berezia izango du bere berezitasunagatik eta xedeagatik. Gasteiz eta Loiuko aireportuaren arteko txartelaren prezioa 15 eurokoa izango da, familia ugarientzako deskontuekin, gai horri buruzko legeria aplikagarriaren arabera. Erabiltzaileek BAT, BARIK eta MUGI txartelekin ordaindu ahal izango dute txartela, baina kasu horretan ez da deskonturik aplikatuko.

Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, 1,3 milioi pertsona baino gehiagok erabiliko dituzte emakida bateratuko sei lineak lehenengo urtean, eta haietatik 100.000 baino gehixeagok Gasteiz/Foronda/Loiu linea berria erabiliko dute. Aurreikusi da sei lineen eskaria pixkanaka haziko dela emakida bateratuaren hamar urteetan, eta aldiaren amaieran urtean 1,4 milioi bidaiariko zifra gaindituko dela.

Bide azpiegiturak Foru Aldundia

Jon Nogalesen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi