Maroñoko urtegiko ingurumena berreskuratzeak bide berdea sortzen du urbazterreko ingurunean, eta begiratokiaren eremua hobetzen du - prentsa
Maroñoko urtegiko ingurumena berreskuratzeak bide berdea sortzen du urbazterreko ingurunean, eta begiratokiaren eremua hobetzen du
Bi ekintza horiek Aiaraldeko Berehalako Jarduketa Planeko jarduketen parte dira, A8 proiektu eragilearen esparruan (Ingurumena eta mugikortasun jasangarria), eta Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituzte


Gasteiz, 2024ko apirilaren 30a. Maroñoko urtegiaren urbazterreko ingurunea egokitzeko eta lehengoratzeko obrak amaitu dira esku hartze bi puntuetan. Alde batetik, inguruan bide berde berri bat jarri da martxan, eta, bestetik, begiratokia eta Letobarri parkera sartzeko oinezkoentzako bidea hobetu dira.
Bi ekintza horiek Aiaraldeko Berehalako Jarduketa Planeko jarduketen parte dira, A8 proiektu eragilearen esparruan (Ingurumena eta mugikortasun jasangarria), eta Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituzte, 2022ko amaieran lankidetza hitzarmen bat sinatu baitzuten.
Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru diputatuaren iritziz, "ingurumen egokia izaten eta klima aldaketaren aurka borrokatzen laguntzeko bi erakundeen programa eta neurrietan gauzatu diren aldez aurreko politikei esker lortu da akordio hau. Hitzarmen horren oinarrian dago baliabide natural guztien erabilera arrazionala zaintzea, arabarren bizi kalitatea babestu eta hobetzeko, eta ingurumena defendatu eta lehengoratzeko", gaineratu du.
Urtegiaren hegoaldean hondakinak eta isurketak kendu dira, eta saneamendu tratamendua egin da. Horretarako, urbazterrak egokitu eta lehengoratu dira, gainazal osoa garbituz, inausiz eta sastrakak kenduz. Gainera, urbazterreko landaredia eta bertako zuhaixkak lehengoratu eta sartu dira, ur ertzetako zerrendetako iragazki berde izan daitezen. Babes itxitura perimetral batek esku hartzea osatu du.
Era berean, begiratokiko obrak izan dira lurzorua saneatzea, behaketa puntua eraginkorragoa izan dadin eta bisitariak oso maiz joaten diren zenbait gunetan. Oinezkoentzako bidean, bide zorua zaharberritu eta baranda eta pasabidea jarri dituzte.
Bidezidorraren inguruan, bestalde, garbiketa eta sastrakak kentzeko lanak egin dira, bai eta Letobarri parkeko landareztatutako inguruneari jarraipena eman ere, bertako espezieen landaketekin. Egindako esku hartzearen helburua da ingurune horren guztiaren paisaia baldintzak hobetzea.
Ekintza horiek "hobekuntza garrantzitsuak izango dira, eta elementu baliotsu berriak gehituko dituzte Maroño inguruak jada Aiaraldeko atsedenleku eta aisialdi gisa duen erakargarritasuna areagotzeko", nabarmendu du Amaia Barredok.
Lan horiek 241.694,64 euroko inbertsioa ekarri dute.
Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planak sustatu nahi ditu motorizatu gabeko mugikortasun jasangarria (oinezkoena eta bizikletena), eta udalerrien arteko eta lurralde historikoen arteko konektagarritasuna. Beraz, plan horrek mugikortasun jasangarriaren arloan jasotzen dituen jarduketen helburua da eskualdeari konektagarritasun handiagoa ematea eta eskualdeak duen natura ondarea babestea.