Foru Aldundia | 2026 02 04

Lurraldeko Ibilbide Berdeen Sareak bere erabilera sendotu du, urtean 650.000 pertsona baino gehiagorekin

Sareak 1.000 kilometro baino gehiago ditu gaituta, eta Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea da erabiliena

Foru erakundea Nerbioiko parke linealeko Saratxo-Urduña tarterako aukerak eta proiektua aztertzen ari da
 

 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 4a. Arabako Ibilbide Berdeen Sareak 1.000 kilometro bide baino gehiago ditu zerbitzuan, eta urtean 650.000 pertsona baino gehiagok erabiltzen dute batez beste; martxotik urrira bitarteko hilabeteetan izaten dira zifra handienak.  Egun, sareak 9 kontagailu ditu, azpiegitura horien erabilerari buruzko balorazioa egin ahal izateko. 

Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak datu horiek eman ditu gaur goizean Arabako Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran.

Ibilbide horiek lurraldea egituratzen dute, eta hainbat espazio natural lotzen dituzte elkarren artean, bai eta hiri eremuak eta lantokiak ere. «Foru Aldundiaren politiken funtsezko pieza bat da, Arabako herritarrei ongizatea eta aisialdi osasungarria ekarriko dizkien giza garapen jasangarria 2050erako lortzeko. Horrez gain, tokiko azpiegitura eraldatzen duen tresna da, lurralde jasangarriagoa eta erresilienteagoa lortzeko», azpimarratu du Saray Zaratek. 

Lurraldeko bide erabilienak Vasco-Navarro trenbidekoak eta Nerbioiko Parke Linealekoak dira, eta, gainera, herrigune garrantzitsuetatik hurbilen dauden tarteekin bat egiten dute; Vasco-Navarroren kasuan, Gasteiztik hurbil daudenekin, eta Nerbioiko Parke Linealaren kasuan, Laudiotik eta Amurriotik gertu daudenekin.

«Zifra horiek erakusten dute sareak onura funtzionalak, lurraldekoak eta ekonomikoak dakartzala argi eta garbi, lurralde kohesioa eta konektibitate estrategikoa sustatzen baititu landa ingurunea eta hiri ingurunea lotzeko, eskualdea egituratu eta antolatu nahian», gogorarazi du foru diputatuak.

2026an, Nerbioiko parke linealean egiteke dauden tarteak amaitzeko esku hartzeetan aurrera egiten jarraituko da. Ildo horretatik, Zaratek azaldu duenez, "eraiki berri den Refor-Saratxo tartea Arabako Foru Aldundiak A-625 errepidearen ondoan eraikitako bidearekin lotzeko proiektua lantzen hasi gara. Tarte laburra da, industrializatutako eremu batetik igarotzen dena, eta txirrindulari eta oinezko bihurtu nahi dugu». 

Era berean, zehaztu duenez, «Saratxo-Urduña tarterako aukerak aztertzen eta proiektuan ere ari gara lanean. Tarte hori oso konplexua da teknika eta eraikuntza aldetik,   desnibel handiak eta ibaiaren ondoko pasabide estuak baititu».  

Zadorraren ibilbide berdeari dagokionez, aurten ibilbide hori osatzeko lanak egingo dira. Ibilbide hori «intereseko ekintzatzat hartzen da, ingurumen aldetik zein mugikortasun jasangarria sustatzeko ekintza gisa, zazpi herritako guneak (Vitoria-Gasteiz, Krispiña, Margarita, Trespuentes, Billoda, Langraiz Oka eta Argantzon) eta industrialde bat (Jundiz) lotzen baititu, batetik bestera bizikletaz joateko moduan». 


 

Foru Aldundia Ingurumena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi