Gizarte Zerbitzuak | 2025 07 03

Goizalde foru egoitzak 25 urte bete ditu desgaitasun fisiko larria duten pertsonen arretaren erreferente gisa

Ramiro González Arabako diputatu nagusia buru izan da urteurreneko ekitaldian, eta zentroko erabiltzaileek eta langileek parte hartu dute

Gasteiz, 2025eko uztailaren 3a. Goizalde Arreta Osorako Zentroa Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen zerbitzu bat da, egoitza arreta eta eguneko arreta uztartzen dituena. 25. urteurrena bete berri du, eta erreferentea da desgaitasun fisiko larria duten pertsonen arretan. Gaur arratsaldean ospatu du Arabako hiriburuko Frai Francisco Vitoria pasealekuan dagoen egoitza zentroaren inguruko komunitate osoak.

Urteurrenaren oroitzapen ekitaldian parte hartu dute erabiltzaileek, senideek, zentroko profesionalek, desgaitasuna duten pertsonen elkarteek eta erakunde kudeatzailearen, AyG Asistencial entitatearen, Arabako Foru Aldundiaren, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen eta lurraldeko beste erakunde batzuen ordezkariek.

Ramiro González Arabako diputatu nagusia izan da ekitaldiaren buru, Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatua alboan zuela, eta erabiltzaileen bizi istorioak gogora ekarri dituzte, bai eta zentroaren ibilbidea ere, zeina bideratuta baitago desgaitasun fisiko larria duten pertsonen bizi kalitatea hobetzera eta haien autonomia pertsonala indartzera.

Behin betiko egonaldian 26 pertsona eta egonaldi laburreko plaza bat hartzeko gaitasuna du, eta, horrez gain, eguneko zentroan 6 plaza ere baditu. Goizaldek une zailak gainditu ditu, hala nola 2007an guztiz suntsitu zuen sutea edo COVIDaren pandemia. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak gogorarazi duenez, zentroa, ezbeharraren ondoren berreraiki eta gero, suspertu egin zen. Ez da ahaztu behar Estatuan desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzen artean izan zuen eginkizun aitzindaria, 2017an loturak kendu zituen lehena izan baitzen.

Ramiro Gonzalezek zorionak eman dizkie egoitzako erabiltzaileei, senideei eta langileei 25 urte hauetako lanagatik, eta egoiliarren eskubideak ardatz nagusitzat dituen zentroaren arreta eta antolaketa ereduagatik. 

Arabako diputatu nagusiak gogorarazi du desgaitasuna duten pertsonei arreta ematea dela Arabako Foru Aldundiaren lehentasun nagusietako bat azken urteotan, hainbat baliabide ireki baitira. Ildo horretan, nabarmendu du gaur egun ez dagoela itxaron zerrendarik desgaitasun fisiko larria duten pertsonentzako egoitza plaza lortzeko, Goizaldek ematen duen arretari eta kolektibo horrentzako Arabarren egoitzan modulu bat ireki izanari esker. 


 

Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Diputatu nagusia

Prentsa oharra

Jaitsi