Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze paisaien ibilbideak eskualdeko iragan industrialaren balioa nabarmentzen du - arabapress
Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze paisaien ibilbideak eskualdeko iragan industrialaren balioa nabarmentzen du
Foru Aldundiak oinezkoen eta bizikleten erabilerarako egokitu duen 39 kilometroko ibilbidea da, eta meatze paisaien eta haien testuinguru geologiko eta naturalaren ikuspegi zabal eta erakargarria eskaintzen du


Gasteiz, 2025eko uztailaren 30a.- Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio ibilbidea errealitatea da jada, Foru Aldundiaren egokitzapen lanak amaitu ondoren. Gaur goizean, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Saray Zárate eta Cristina González foru diputatuek, tokiko agintariekin batera, oinezkoek eta bizikletek erabiltzeko diseinatutako ibilbide ikusgarri honen zati batzuk zeharkatu dituzte.
Ibilbideak 39 kilometro ditu, eta aparteko natura ondarearen, haren testuinguru geologikoaren eta zonako iragan industrialaren ikuspegi zabala eta erakargarria eskaintzen du. Pasealeku bat da, zeinak lotzen baititu Antoñanako Vasco-Navarroren interpretazio zentroa eta Korresko Izki Parke Naturala eta asfalto naturalen etorkizuneko interpretazio zentroa barne hartuko duen Atauriko trenbide zaharraren geltoki zaharra.
Egindako esku hartzearen ondorioz, San Ildefonso herrixka eta A-4124 errepidea lotzeko trazadura berreskuratu da, Vasco-Navarro Trenbidearen Interpretazio Zentroaren eta Bujanda bidearen arteko tartea egokitu eta sendotu da, eta San Ildefonso herrixka eta Korresen dagoen Izki Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa lotzeko azken zatia egokitu da.
Jarduketa horiei esker, bizikletaz ibiltzeko 14,9 kilometroko ibilbide zirkular bat taxutu ahal izan da, familian egiteko oso erosoa eta hiru interpretazio zentroak lotzen dituena, "Asfaltoen triangelua" izenekoa. Hartara, bisitariek eskualdeko funtsezko hiru balioren ikuspegi orokorra lortuko dute: asfalto naturalen ustiapen historikoa, Izkiko Parke Naturala eta Vasco-Navarroren Bide Berdea.
Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, "ibilbide berri hau beste urrats bat da aukerak garatzeko Arabako Mendialdean. Funtsezkoa da sinergiak sortzea baliabide naturalen aprobetxamenduaren eta eskualdeko garapen ekonomiko eta ekoturistikoaren artean, modu jasangarrian. Baldintza ezin hobeak daude asfalto naturalen meatze paisaien ibilbidea abiapuntua izan dadin Mendialdeari beste bultzada bat emateko, horrela Vasco-Navarro Trenbidearen Bide Berdearen ondoko eskaintza osatuz".
Bestalde, Javier Hurtado sailburuak adierazi duenez, "Helmugako turismo jasangarritasuneko planek Europako funtsetatik 80 milioi baino gehiago txertatu dituzte Euskadin, askotariko eskualde eta udalerrietako 34 proiekturentzat. Horren adibide da Arabako Mendialderako Plan hau, zeinak 2,1 milioi euroko zuzkidura baitu, eta dagoeneko ikusi, sentitu eta gozatu ditzakegun jarduerak biltzen baititu. Funts horiei eta erakundeen lankidetzari esker, turismo industrialeko produktu bat eduki ahal izango dugu Arabako Mendialderako, Arabako ondare eta turismo erakargarriak eta haien memoria eta ondare industriala sustatzeko".
"Triangelu" horretan, Mendialdeko industria iraganeko beste bitxi batzuk ezagut daitezke, hala nola XIX. mendeko San Ildefonso meatze herrixka, non urte hauetan hainbat indusketa arkeologiko egin baitira, edo lurpean sartu eta foru erakundeak bisitatzeko egokitutako meatze ustiategi den Luzia meategia esploratzeko aukera ere badago.
Ingurumena itxuraberritzea
Era berean, meatze paisaien interpretazio ibilbidetik hurbil dauden zona degradatuen ingurumena eta paisaia itxuraberritzeko lanak egin dira. Zehazki, Atauriko meatze ingurunea garbitu eta bideak hobetu dira, eta, horretarako, antzinako meatze ustiapeneko agregakinak eta legarra (birziklatu eta berrerabili egin da) erabili dira.
Meatze ustiapeneko zona bat itxuraberritzeaz gain, begiratoki bat ere eraiki da, Atauriko meategietako paisaia zona bikainenetako baterako sarbidea emateko eta ikuspegia hobetzeko. Zurezko azpiegitura itxi bat da, bi aldeetan eskudel bat duena erabiltzaileak 2x4 metroko begiratokira eramateko. Lurraren gainean biratzen den begiratokia da, hainbat euskarri ainguratuta dituena.
Asfalto Naturaleko Meatze Paisaien eta Vasco-Navarro Trenbide Zaharreko Bide Berdearen Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren esparruan dago jarduketa hori, eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak (Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsak) finantzatu du 2,1 milioi eurorekin.
Asfalto naturalen meatze paisaiak eta Vasco-Nafarro Bide Berdea izeneko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planak ibilbide hau zerbitzuan jartzea eta Atauriko trenbide zaharraren geltokia birgaitzea aurreikusten du. Azken hori bigarren egikaritze fasean dago jada, eta museografia lanak eta lotutako ekipamendua garatzen ari dira.

