Kultura | 2026 05 05

Amarika Aretoak ‘Barrura’ erakusketa, Tetrapack 2026 sormen-prozesuaren emaitza, hartuko du

Maiatzaren 7an, ostegunean, 19:00etan, inauguratuko da, eta ekainaren 7ra arte bisitatu ahal izango da

Gazte Klik Klak 2025eko irabazleek egin duten sormen-prozesu kolektiboaren emaitza da erakusketa: Sua Canga, Nora Lafuente, Louisette Cristine Plazaola eta Jone Carbajosa
 

Gasteiz, 2025eko maiatzaren 5a. Datorren ostegunean, maiatzaren 7an, 19:00etan, ‘Barrura’ erakusketa inauguratuko da Amarika Aretoan. Erakusketa Tetrapack 2026 sormen-prozesuaren barruan sartuta dago eta Sua Cangak, Nora Lafuentek, Louisette Cristine Plazaolak eta Jone Carbajosak hartu dute bertan parte, Gazte Klik Klak 2025 argazki eta ikus-entzunezkoen ekoizpeneko lehiaketan irabazle izan ondoren. Proiektu kolektibo hori ekainaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Tetrapacken helburua da artista amateur gazteek hiriko tokiko sektore artistikoan sartzeko aukera izatea, sektoreko profesionalen eskutik. Oraingoan, Itziar Garaluce eta Irati Antia artistek komisariatu dute sorkuntza- eta ekoizpen-prozesua, eta Rafael Hernándezen laguntza jaso du alboko komisario gisa.

Erakusketaren egile gazteek identitatea eta intimitatea bezalako gaiak aztertu dituzte, normalean ikusezinak diren errealitateei begiratuz. Beren irudien bidez, gizarte-presioaz, leihoa muga gisa erabiltzeaz, adierazten ez diren barne-kargez edo gazteen ihesbideez hausnartu dute artistek. Emaitza alderdi pribaturantz ataria zeharkatzera gonbidatzen duen erakusketa da, normalean ikusezin geratzen dena edo ikusleen ikusmenetik kanpo geratzen dena behatzeko. Lau lanek osatzen dute: Cangaren ‘Mi ventana (que no es una ventana)', Lafuenteren ‘Debe de ser que soy yo’, Plazaolaren ‘La respiración de lo invisible’ eta Carbajosaren ‘Pétalo'.

Tetrapack talde-sorkuntzako tutoretzapeko prozesuaz gain, argazki- eta ikus-entzunezko materialerako 400 euroko txartela oparitu diete gazteei.

Lehiaketa Vitoria-Gasteizko Udaleko Kultura eta Gazteria Zerbitzuek antolatutako Sortzen gazteen sorkuntzarako programaren barruan sartuta dago. Gainera, Laboral Kutxaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du.

Artistak
Sua Canga Sucunza (Gasteiz, 2000) Sorkuntza eta Diseinuan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultatean, eta gaur egun diseinu grafikoko ikasketak egiten ari da Euskadiko Arte eta Diseinu Goi Eskolan (IDarte). Bere lana ikus-entzunezkoen, argazkigintzaren eta diseinuaren arteko espazio hibridoan kokatzen da, eta bertatik lan puntualak garatu ditu partikularrentzat, enpresentzat eta komunikazio-agentzia batentzat, diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile gisa jardunez. 
Egunerokotasunari, alderdi kostunbristari eta itxuraz hutsala denari lotutako sentsibilitate estetikotik abiatuta eraikitzen da haren ikuspegia, eta elementu horiek ez ditu txikiagotzat hartzen, baizik eta intimotasuna argi eta garbi adierazten den espazio gisa, oharkabean igaro ohi denari balioa emanez. 

Nora Lafuente Calabaza (Igorre, 2007) oraindik prestakuntza jasotzen ari den argazkilari gaztea da, eta nortasuna eta narratiba garaikideak aztertzen ditu. Gaur egun, argazkigintzako ikasketak egiten ari da, eta bere lehen erakusketa aurkeztuko du. Hain zuzen ere, hauxe izango da bere ibilbide profesionalaren hasiera. 

Bere interes nagusia erretratu intimo eta dokumentala da (askotan autobiografikoa), eta horren bidez kezka komunei eta garrantzi pertsonal eta soziala duten gaiei buruz hitz egiten du. Alderdi gizatiarra, hurbilekoa eta erreala lantzen du, interpelatzea helburu duen eszenaratzearekin.

Christina Plazaola Provanza (Antananarivo, 2004) trebatzen ari den argazkilari gaztea da. Bere lana gizarteari buruzko hausnarketa kritikoa egitera bideratuta dago, eta, aldi berean, pertsonek denboraren poderioz uzten dituzten arrastoen edertasuna balioesten du. Gaur egun, argazkigintzako ikasketak egiten ari da, eta hau da bere lehen erakusketa. Horren bidez, bere ibilbide profesionalari hasiera emango dio. 
Bere lana erretratuan eta argazkigintza kontzeptualean oinarritzen da nagusiki, diziplina horien bidez kezka, egoera eta errealitate pertsonalak naiz kolektiboak, askotan ezkutuan egoten direnak edo beharrezko arreta jasotzen ez dutenak, ikusarazi nahi baititu. Bere lana gizatasunean eta itxurei ihes egiten dioten horretan zentratzen da, ikusleekin lotura zuzena ezarriz.

Jone Carbajosa Silva argazkilari gazteak (Barakaldo, 2006) batxilergo artistikoa eta argazkigintzako goi-mailako zikloa ikasi ditu. Esperimentazioa eta bat-batekotasuna dira bere ezaugarri nagusiak, eta argazkigintzaz baliatzen da gogoeta egiteko. Horrela, egungo gai sozialak lantzen eta zalantzan jartzen ditu, baita hainbat ikuspuntu sor ditzaketen gai interesgarriak ere.

Bideo, rap eta graffiti bidezko esperimentazio-moduetan ere mugitzen da, besteak beste. Underground mundu horretan bere lekua hartuz, aldarrikapenerako eta hausnarketarako oihu gisa erabiltzen duen estilo propioa lortu du.

Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi