Arabako barnealdeko hondartzetako udako denboraldia bihar hasiko da eta berritasun nagusia izango da Landako aparkalekua ekainaren laugarren astean irekiko dela gainera doakoa izango da aurtengo denboraldian - arabapress
Arabako barnealdeko hondartzetako udako denboraldia bihar hasiko da, eta berritasun nagusia izango da Landako aparkalekua ekainaren laugarren astean irekiko dela; gainera, doakoa izango da aurtengo denboraldian
Landako aparkalekuak 288 plaza ditu: 253 ibilgailu arruntentzat, 25 autokarabanentzat eta 8 mugikortasun urriko pertsonentzat
Bandera urdinaren igoera-ekitaldia gaur goizean egin da Landako hondartzan, Durana Txirrindulari Elkartearen eskutik


Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 12a. Bandera urdina beste urte batez izango da ikusgai, eta dagoeneko hamaika urtez jarraian, Garaio parkeko Salurriaga eta Moskurio hondartzetan eta Landako hondartzan, bihar hasiko den eta abuztuaren 30era arte luzatuko den udako denboraldi osoan.
Bandera urdinaren igoera-ekitaldia gaur goizean egin da Landako hondartzan, Durana Txirrindulari Elkartearen eskutik. Ekitaldian izan dira Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatua, Saray Zárate, eta Arratzua-Ubarrundiako alkatea, Blanca Antépara.
Saray Záratek adierazi duenez, “Bandera Urdina igotzea Arabako Foru Aldundiak barnealdeko hondartzen etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoaren aitortza da, bai zerbitzuen kalitateari dagokionez, bai natura-ingurunearen kudeaketa arduratsuari dagokionez”. Era berean, nabarmendu duenez, “bereizgarri horrek kalitate, segurtasun eta jasangarritasun irizpide zorrotzak betetzen direla egiaztatzen du, urteetan egindako plangintza eta lanaren emaitza gisa. Gune hauek herritarren gozamena eta ingurumenaren kontserbazioa uztartzeko eredu dira”.
Aurtengo hondartza-denboraldiko berritasun nagusia Landako aparkaleku disuasorio berria izango da. Aparkalekua 9.826 metro koadroko lursail batean dago, A-3014 errepidearen ondoan. Bertan 288 aparkaleku plaza egokitu dira: 25 autokarabanentzat, 253 ibilgailu arruntentzat eta 8 mugikortasun urriko pertsonentzat.
Azpiegitura berria hil honetako laugarren astetik aurrera jarriko da erabiltzaileen eskura, eta doakoa izango da denboraldi osoan. “Ordainketa ezarri aurretik, beharrezkoa da azpiegitura honen erabiltzaile-kopurua eta batez besteko egonaldi-denborak aztertzea, benetako datuak eskuratu eta datorren urtetik aurrera aplikatuko diren prezio publikoak zehaztu eta onartu ahal izateko. Azpimarratu nahi dut diru-bilketa hori administrazio batzarraren mesedetan izango dela”, azaldu du foru diputatuak.
Azpiegitura berri horrekin Landako Foru Parkeko aparkalekuen antolaketa berrituko da. “Helburua da urtegiko eremu babestutik gertuen dauden aparkalekuen gaineko presioa murriztea eta, aldi berean, ingurune horretan aparkatzeko eta trafikoa antolatzeko gune egoki bat eskaintzea, bide-segurtasuna eta ingurumenaren jasangarritasuna bermatuta”, adierazi du Záratek.
Hondartzei zerbitzua emateaz gain, aparkalekua zuzenean lotuta dago urtegiaren inguruko oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidearekin.
Bainu denboraldian, bainulariei, oinezkoei eta txirrindulariei segurtasuna eta laguntza bermatzeko, sorospen eta erreskate zerbitzuko lau postu egongo dira zabalik. Zerbitzua 8 lagunek emango dute lanegunetan eta 11 lagunek asteburuetan, 12:00etatik 20:00etara. Halaber, bisitariei arreta emateko eta interpretaziorako zentroa zabalik egongo da, baita bizikleten alokairu-zerbitzua ere.
Bestalde, Ullibarri Ganboako urtegiko barnealdeko hondartzei lotutako Helmugako Turismo Jasangarritasun Planaren barruan, Garaio parkeko baserria modu jasangarrian birgaitzeko eta Zadorrako urtegien interpretazio zentro bihurtzeko proiektua idatzi da. Era berean, baserriaren birgaitzearen lehen faseko obrak gauzatu dira; fase horretan eraikina hustu, hormak sendotu eta energia berriztagarriko sistemak instalatu dira.
Saray Záratek azpimarratu du “Aldundiak barnealdeko hondartzak hobetzeko egin duen apustu irmoa; izan ere, 3 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dira baliabide propioak eta Next Generation Europako funtsak uztartuta. Inbertsio horiek aukera estrategikoa dira eta ingurunea errespetatzen duen garapen ekonomiko jasangarriaren ardatz garrantzitsua osatzen dute”.
Iaz, Arabako barnealdeko hondartzek 192.831 bisitari jaso zituzten bainu-denboraldian. Era berean, denboraldi honetan ingurumen-hezkuntzako eta natura-interpretazioko hainbat jarduera antolatu dira. Besteak beste, bisita gidatuak egingo dira Landa eta Santiagolarrako hezegunearen artean; murgil handiaren ibilbidea; edo Garaiotik Mendixurrera bizikletaz egiteko ibilaldia. Horrez gain, hainbat tailer ere eskainiko dira, hala nola gymkhana berdea, Garaion orientatzen ikasteko tailerra edo Garaio parkeko enigmak eta uraren sekretuak ezagutzeko ihes-gela bat.
Kerik gabeko hondartzak
Bestalde, Garaio parkeko Salurriaga hondartza, aurreko urteetan bezala, Tabakorik Gabeko Hondartzen Sareari atxikita dago. Horren bidez, osasungarriagoak diren eta biodibertsitatea hobeto babesten duten espazio publikoak sustatzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatutako ekimena da, eta Euskadiko hainbat hondartzatan garatzen da. Helburua tabakorik gabeko guneak sortzea eta sendotzea da, eta kerik gabeko espazioak sustatzen jarraitzea posible dela erakustea.

