Foru Aldundia | 2026 05 06

Arabako egoitza pribatuek foru laguntzak eskuratzeko, laguntza kalitatearen adierazleak egiaztatu beharko dituzte

Gorka Urtaran foru diputatuak sektoreko lurraldeko lehenengo hitzarmen kolektiboaren akordioa erraztu duten 10,4 milioi euroko laguntzak azaldu ditu

“Akordio honek egonkortasuna emango dio zainketen sektoreari, eta zuzeneko eragina izango du sistemaren kalitatean eta Arabako gizarte kohesioan”
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 6a. Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Gorka Urtaranek gaur Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran azaldu duenez, lan baldintzak hobetzeko xedez egoitza pribatuetara bideratutako laguntza publikoek berekin dakarte egiaztatu beharra egoiliarrek jasotzen duten laguntzaren kalitatea neurtzeko aukera emango duten adierazle objektiboak.

Laguntza horiek Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen lehenengo hitzarmen kolektiboaren barruan sartzen dira. Hitzarmen hori ELA sindikatu nagusiak eta sektoreko patronalek sinatu zuten joan den apirilean, bi alderdiak hainbat urtez negoziatzen aritu ondoren. Laguntza horiekin, Foru Aldundiak hitzarmena lortzen lagundu du, uste baitu “funtsezko urratsa” dela, bai langileen lan baldintzak duintzeko, “beharrezkoak baitziren”, bai lurraldeko zaintza sistemaren kalitatea hobetzeko.

“Akordio hau lehentasunezkoa zen Arabako Foru Aldundiarentzat; izan ere, egonkortasuna emango dio zainketen sektoreari, eta, gainera, zuzeneko eragina du zainketa sistemaren kalitatean eta lurraldearen gizarte kohesioan”, azpimarratu du.

Erorikoak, lotze fisikoak, larrialdietara bideratzea edo pisua galtzea
Horiek horrela, Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, laguntza hauek “ez dira baldintzarik gabekoak”. Haiek eskuratu ahal izateko, egoitza zentro pribatuek berretsi berri den hitzarmen kolektiboa bete beharko dute, administrazio, lan eta gizarte legeriara egokitu beharko dute, eta, “modu oso nabarmenean”, laguntza kalitatea ebaluatzea ahalbidetuko duten emaitzen adierazleak egiaztatu beharko dituzte. Adierazle horien artean, erorikoen kopurua, euskarri fisikoen erabilera, psikofarmakoen kontsumoa, larrialdietara bideratzea edo egoiliarren pisua galtzea.

Sektoreko lurraldeko lehenengo hitzarmen espezifikoak % 32,5eko soldata igoera metatua aurreikusten du 2028ra arte, urteko lanaldian 100 orduko murrizketa jasotzen du modu progresiboan aplikatuta, eta baimenak hobetzen ditu. Lan osasuna indartzera bideratutako beste neurri batzuk barne hartzen ditu, hala nola ebaluazio psikosozialak eta lan zamarekin eta estresarekin lotutako lan arriskuen prebentzioa indartzea. Hitzarmena sinatzea patronalari eta sindikatuei badagokie ere, foru erakundeak "elkar ulertzea errazteko lan egin du, baliabide ekonomikoak eta lidergo politikoa emanez", adierazi du Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak.

Deialdia batez ere 90 plaza baino gutxiagoko egoitza pribatuei zuzenduta dago; izan ere, handienek, “gaitasun ekonomiko handiagoa duten enpresa taldeetakoak izateaz gain, lan esparru propioak dituzte, jada hobetzen dituztenak lurralde eremuko lehenengo hitzarmen hau onetsi arte indarrean zegoen estatuko hitzarmenaren baldintzak”.


Hitzarmena aplikatzea bideragarria izan dadin, Foru Aldundiak guztira 10,4 milioi euroko aurrekontua bideratu du 2026tik 2028ra bitartean, Elkarrekin Arabarekin lortutako aurrekontu akordioari esker. Zenbateko hori 8/2026 Foru Dekretuak araututako laguntza lerro espezifiko baten bidez bideratzen da, zeinaren deialdia dagoeneko argitaratu baita ALHAOn.

Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik, eta foru diputatuak laguntza horiek eskatzeko baldintzak lehenbailehen betetzera animatu ditu zentroak, egoitza hartzaile guztietara irits daitezen.

“Egoitza pribatuen lehenengo hitzarmen sektoriala lorpen garrantzitsua eta beharrezkoa da, bai langileentzat, bai Araba osoarentzat. Gainera, mugarri bat da, zienak ahalbidetzen baitu gatazka etapa bat ixtea eta zainketa eredu egonkorrago eta bidezkoago baterantz aurrera egitea”, amaitu du Gorka Urtaranek.


 

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi