Ogasuna | 2025 11 04

Foru-ogasunek bat egin dute InBlock-ekin, ETEek finantzaketa azkarragoa eta seguruagoa izateko plataformarekin

Gaur, InBlock plataforma teknologikoa aurkeztu da Bilbon. Plataforma hori Espainiako Factoring Elkarteak garatu du, eta fakturak aurreratzeko prozesua erraztuko du

Hamar finantza-erakundek hartu dute parte InBlock-en garapenean, besteak beste, Kutxabank, Laboral Kutxa eta BBVA, EAEko foru-ogasunen eta ZAEAren laguntzarekin
 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 4a. Gaur goizean InBlock plataformaren aurkezpena egin da Euskadin, Espainiako Factoring Elkarteak bultzatuta Plataforma horrek, Blockchain teknologiaren bidez, fakturak egiaztatu eta baliozkotzen ditu, eta, horrela, enpresa txiki eta ertainentzako (ETE) merkataritza-kredituak finantzatzen lagunduko du. Erakunde erabiltzaileen prozesu operatiboak erraztu eta bizkortu nahi dira; horretarako, bezeroek (ETEak eta konpainia handiak) bidaltzen dizkieten fakturen datuak benetakoak direla egiaztatu ahal dituzte eta iruzurra prebenitzen laguntzen da.

Plataforma azken bi urtean garatu dute hamar finantza-erakundek, besteak beste, Kutxabank, Laboral Kutxa eta BBVA. Gainera, EAEko foru-ogasunek eta ZAEAk (Zerga Administrazioko Estatu Agentzia) lagundu dute lan horretan. Foru-aldundien kasuan, TicketBAI (Araban eta Gipuzkoan),  Batuz (Bizkaian) eta sistemekin lagunduko dute InBlock garatzen. Sistema horiek zerga-kontrola hobetzen dute, enpresa eta profesionalei zerga-betebeharrak betetzea errazten baitzaie. Gainera, fakturazioaren egiazkotasuna bermatu eta iruzurra murrizten dute, kontabilitate- eta zerga-prozesuak digitalizatuz eta automatizatuz.

InBlock Euskadin aurkezteko jardunaldiari hasiera emateko, AEFko presidente Carlos Dalmau jaunak hitz egin du. Ondoren, EYko bazkide Enrique Fernández Albarracínek (proiektuaren aholkulari eta hornitzaile nagusia) hartu du hitza, eta plataformaren funtzionamendua deskribatu du. Jarraian, mahai-inguru bi egin dira: lehenengoan, hiru foru-aldundiek hartu dute parte, eta bigarrenean, Kutxabank, Laboral Kutxa eta BBVA erakundeek. 

InBlock-en funtzionamendua
Egiaztapen bikoitzeko sistema bat da; erregistratutako faktura bakoitza merkatuaren gainerakoarekin baliozkotu eta zerga-administrazioetan egiaztatzen da. Horrela, finantza-erakundeek faktura benetakoa dela egiaztatu dezakete, eta aldez aurretik beste erakunde bati laga zaion berretsi, lagapen-prozesua bizkortu eta ziurtatzeko. 

Aipatzekoa da factoring eragiketa batean bezero diren enpresa bezeroek ez dutela bestelako izapiderik egin behar fakturak lagatzeko prozesuan, hau da, beren erakundearekin lehenago zuten prozesuaren izapide berdinak dira. Nahikoa da enpresa bezeroak, zerga-egoitzan, InBlock-i ahalordea ematea, InBlockek lagatako fakturak kontsultatu eta egiaztatu ditzan.

Plataforma blockchain teknologia erabiliz garatu da, aholkulari nagusietako baten eskutik (EY España), enpresa horrek finantza-sektorerako dituen erregulazio eta aholkularitza teknologikoko taldeen laguntzarekin. Izan ere, merkatuko segurtasun-estandar handienak ezarri ditu, gurutzatzen diren datuen konfidentzialtasuna eta anonimotasuna bermatzeko.


 

Ogasuna Foru Aldundia Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak

Prentsa oharra

Jaitsi