Kultura | 2026 01 13

123.500 lagunek baino gehiagok bisitatu zituzten Foru Sareko museoak 2025ean

Datu horrek egonkortasuna sendotzen du, azken urteetako maximo historikoen ondoren, eta museo sarea erreferentziazko kultura baliabide gisa berresten du.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 13a. Guztira 123.538 pertsonak bisitatu zituzten 2025ean Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak kudeaturiko museoak eta aztarnategiak, hau da, BIBAT museoa, Arabako Arte Ederren Museoa, Natura Zientzien Museoa, Arma Museoa, Amarika Aretoa eta Iruña Veleia eta La Hoya aztarnategiak. 

Zifra honek 2025 urtea pandemiaren osteko normaltasunerako itzuleraren goranzko joeran dagoela erakusten du. Bisitarien kopurua 2023koaren eta 2024koaren antzekoa da, urte horietan 125.000 bisita baino gehiago izan baitziren sare osoan.

Aurreko urteekin alderatuta, bilakaerak argi eta garbi erakusten du 2021az geroztiko joera ona.  2019an, pandemiaren aurreko azken ekitaldian, sarean 129.827 bisita jaso ziren; 2025ean, berriz, 123.000 pertsonatik gorako kopurua finkatu da, eta etengabe egin du aurrera 2021etik.

2025ean, abuztua izan zen berriz ere bisita gehien izan ziren hilabetea, hain zuzen, 15.739 bisita; ondoren, apirila (11.956) eta uztaila (12.709). Gainera, martxoan, maiatzean eta urrian 10.000 pertsonen mugatik gorakoa izan da bisita kopurua, eta horrek berretsi egiten du jendeak oporraldietatik harago ere interesa duela. .

Museoka, BIBAT izan zen, berriz ere, bisitatuena, 55.257 pertsonarekin, hau da, bisitari guztien % 45 inguru. Horren atzetik, Arabako Arte Ederren Museoa (22.924 bisitari), Arma Museoa (15.774 bisitari) eta Natura Zientzien Museoa (15.697 bisita) izan dira bisitatuenak. 

Amarika Aretoak 6.670 bisitari izan zituen. Aztarnategi arkeologikoek, berriz, 7.216 bisita izan zituzten, zehazki, La Hoya izan zen bisitari gehien jaso zituena (4.436) eta 2780 bisitari izan zituen Iruña Veleiak.

Museoetara egindako bisiten bilakaera azken urteetan

Museoek 2019tik hona izan duten bilakaera aztertuta, susperraldi sendo eta iraunkorra izan dutela berretsi da.

BIBAT Museoak joera egonkorra du 2021az geroztik, urteko 50.000 bisiten gainetik, eta 2025ean 55.257 bisitari izan ditu, pandemiaren ondoz ondoko erregistroen oso gainetik, eta sarearen barruan duen eginkizun nagusia sendotu du.

Arabako Arte Ederren Museoak 22.924 bisita jaso zituen 2025ean; beraz, aurreko ekitaldiko datuak hobetu zituen eta 2019koen antzeko zifretan kokatu zen. 2020an erregistratutako jaitsieraren ondoren, museoak etengabeko susperraldia izan du, bereziki esanguratsua 2022tik.

Natura Zientzien Museoari dagokionez, 2025ean erregistratutako 15.697 bisita kopuruak azken urteetako bilakaera egonkorra islatzen du, pandemiaren aurreko mailen antzera mantendu baita, eta jendeak erakusketa eta dibulgazio eskaintzarekin duen interesari eusten diola berretsi du.

Arma Museoak 15.774 bisitarirekin itxi zuen urtea, 2021ean hasitako susperraldia sendotuz eta 2020aren aurreko urteetako egonkortasun tarte berean mantenduz.

Bestalde, Amarika Aretoak 6.670 bisita izan zituen, eta, beraz, 2022tik izandako hazkundea finkatu du eta 2019koak baino balio handiagoetan mantendu da, foru sarearen barruko erakusketa gune osagarri gisa duen zereginarekin bat etorriz. 

Aztarnategi arkeologikoei dagokienez, La Hoyak jarraitzen du izaten bisitari gehien jaso dituen lekua (4.436 pertsona 2025ean); Iruña Veleiak, berriz, 2.780 bisita izan zituen, eta bi guneak egonkor mantendu dira azken ekitaldietan.

Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuaren arabera, "zifra horiek Museoen Foru Sarearen osasun ona berresten dute, bai eta oso publiko desberdinen interesari erantzuten dien espazio kultural hurbil, anitz eta erakargarri gisa sendotzen ari dela ere".

"Kalitatezko programazio askotarikoaren alde egiten jarraitzen dugu, aldi baterako erakusketen alde, hezkuntza jardueren alde eta tokiko publikoarentzat zein bisitatzen gaituztenentzat pentsatutako proposamenen alde, eta datuek erakusten digute ahalegin horrek oso erantzun ona duela", gaineratu du.

Del Valek adierazi duenez, 2025rako aurreikusitako jarduerek "ohiko ildoari jarraituko diote, aldi baterako erakusketetan ekoizpen propioak lehenetsiz". Ikastetxeetarako bisita eta tailer programak abian jartzen jarraituko da, bisita kolektibo doako eta tematikoak eskainiko dira, eta jarduera osagarriekin jarraituko da museoetan (solasaldiak, hitzaldiak, proiekzioak). 

Kultura eta Kirol Sailak ildo horretan jarraituko du lanean, erakusketa eskaintza eta jarduera osagarriak indartuz eta foru museoak espazio bizi, irisgarri eta herritarrekin konektatu gisa finkatuz», amaitu du Ana del Valek.  

Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi