220 profesionalek baino gehiagok eta elurra kentzeko 36 kamioik elurra eta izotza kenduko dituzte Arabako errepideetan - arabapress
220 profesionalek baino gehiagok eta elurra kentzeko 36 kamioik elurra eta izotza kenduko dituzte Arabako errepideetan
Neguko Bidezaintza Plana 2026ko apirilaren 15era arte egongo da indarrean
Jon Nogales: "200.000 euro inbertitu ditugu ekipamendua berritzeko, urgarriak eta hortzak zabaltzeko tobera berriak erosita eta hiru estazio meteorologiko berri instalatuta"



Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 14a.- 220 profesionalek baino gehiagok, elurra kentzeko 36 kamioik eta 60 traktore horzdunek osatutako talde batek ibilgailuen zirkulazioa erraztuko du Arabako Errepideen Foru Sareko 1.500 kilometro baino gehiagotan, datozen hilabeteetan elurra eta izotza gertatuz gero. Hamabi (12) gatz eta gatzun biltegik eta erabakiak hartzeko lagungarri diren 15 estazio meteorologikok osatzen dute operatibo hori.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak 200.000 euro inguruko inbertsioa nabarmendu du gaur 2025/2026 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu duenean. Inbertsio hori da ekipo materialak pixkanaka berritzen eta modernizatzen jarraitzeko, gatza eta gatzuna zabaltzeko lau tobera berri, elurra kentzeko hortz bat eta hiru estazio meteorologiko eskuratuta.
Nogalesek jakinarazi duenez, estazio meteorologiko berriak dagoeneko instalatuta daude Urduñako mendateko (A-2625) eta Las Chozas gaineko (A-624) puntu estrategiko banatan, Aiaraldeko Kuadrillan; hirugarrena, berriz, Aiurdin gainean dago, eta orain arte erabilitakoaren ordez jarri da, zeina ia 30 urtez martxan egon ondoren zaharkituta geratu baitzen. Estazio meteorologikoen sarea guztira 15 ekipok osatzen dute, joan den denboraldian baino bi gehiagok.
"Sarea handitu eta modernizatzeari esker, informazio gehiago eta hobea izango dugu eguraldiari eta galtzadaren egoerari buruz, eta, horrela, eraginkorragoak eta efizienteagoak izango gara operatiboen plangintzan" azaldu du.
Foru diputatuak adierazi duenez, “Neguko Bidezaintza Plana funtsezkoa da hilabete hotzenetan gure errepideetan segurtasuna bermatzeko, prebentziozko tratamenduak aplikatuz eta galtzada garbituz, baina, era berean, gidarien laguntza ere behar dugu: haien zuhurtzia. Eta zuhurrak izateak esan nahi du autoa hartu aurretik errepideen egoeraren berri izan behar dugula, eta gure gidatzeko modua beti egokitu behar dugula baldintza meteorologikoetara”.
Izan ere, “guztiok jakin behar dugu neguko operatiborik onenak ere mugak dituela fenomeno meteorologiko larri bat gertatzen bada, hala nola elur prezipitazio handia denbora tarte txiki batean. Arduratsuak izan behar gara... Inork ezin du espero berdin bizitzea egun eguzkitsu batean eta zenbait orduko elurtearen ondoren”.
araba.eus web atariak, "errepideak eta mugikortasuna" atalean, Arabako errepideen eta mendateen egoerari buruzko informazio eguneratua emango du, bai eta Arabako Errepideak Kontrolatzeko Zentroak ere, 945 21 72 72 telefono zenbakiaren bidez.
Bost hilabete
Neguko Bidezaintza Plana (2025/2026) azaroaren 15ean, larunbata, jarriko da indarrean formalki, eta bost hilabete iraungo ditu, 2026ko apirilaren 15era arte. Hala ere, aldi horretatik kanpo izozteak edo elurteak gertatzen badira, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak beti eta une oro jarduten du pertsonen eta salgaien trafikoa bermatzeko Arabako errepideetan.
"Programa honen helburua da herritarren eta enpresen mugikortasuna eta eguneroko jarduera ahalbidetzea elurra eta izotza agertzen direnean: langileak eta ikasleak beren ikastokietara eta lantokietara joan ahal izatea; herritarrak oinarrizko zerbitzuetara joatea, hala nola osasun zerbitzuetara, eta salgaien eta ondasunen garraioak eta banaketak hornidura bermatzea. Programa gauzatzeko, giza ahalegin eta ahalegin ekonomiko handia egin behar da, eta kanpaina bakoitzean milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin”, adierazi du Jon Nogalesek.
2025/2026ko Neguko Bidezaintza Planari atxikitako giza taldean 220 profesional baino gehiago aritzen dira lanean, arduradun, koordinatzaile, gidari eta laguntzaile, eta mekanikari. "Azpimarratu nahi dut zer konpromiso eta profesionaltasun duten, eguneko 24 orduetan hainbat jardunaldi jarraitutan aktibo dauden operatiboetan. Funtsezkoak dira foru zerbitzuen parte hartzea eta lankidetza, hala nola Ingurumen Kalitatearena, Laborategi Orokorrarena eta Ibilgailuen Zerbitzuarena bere mekanikariekin".
Eta honako hau erantsi du: "Kuadrillekiko koordinazioa, aurten ere, funtsezkoa izango da, zerbitzu publiko hori bigarren mailako errepideetara eta lurralde historikoko eskualde guztietara iritsi dadin."
Baliabide materialei dagokienez, elurra kentzeko 36 kamioi daude erabilgarri, gehienak asfaltoaren gainean gatza eta/edo gatzuna botatzeko tobera batez hornituak, 60 traktore elurra kentzeko hortzez hornituak, eta laguntzeko beste ibilgailu batzuk. Gatza eta gatzuna izango dira errepidean izotza sortzea prebenitzeko eta urtzea azkartzeko erabiliko diren urgarriak, foru arduradunaren esanetan: “Aspaldidanik, gatzunaren erabilera lehenesten ari gara ingurumen arrazoiengatik eta elurraren eta izotzaren aurka duen eraginkortasunagatik, eta horrela jarraituko dugu".
Gaur egun, izotzaren kontra errepideetan erabiltzen den urgarriaren herena baino gehiago gatzuna da" adierazi du.
2.840 tona gatz eta 570.000 litro gatzun biltegiratzeko gaitasuna du programak: urgarri horietako gehienak Gasteizen eta Agurainen dauden biltegietan gordetzen dira, baina, gainera, zortzi gatz silo daude lurralde osoan banatuta, lana errazteko (Araia, Dallo, Altube, Egileta, Leza, Murga eta Espejo).
Operatiboaren osagarri, aipatutako 15 estazio meteorologikoak daude, lurralde historikoko puntu estrategikoetan banatuta, eta baliabide materialak eta giza baliabideak aktibatzeari eta hedatzeari buruzko erabakiak hartzen laguntzen dute.
Neguko Bidezaintza Plana abiarazteko, Euskal Metereologia Agentziaren (Euskalmet) iragarpenei begiratzen zaie, eta bi lan mota egiten dira: prebentzio lana, izozteak iragartzen baditu edozein kotatan edo elurteak 700-1.000 metrotan, eta larrialdi egoera, elurra iragartzen badu 700 metrotik behera, aurreikusitako lodiera edozein dela ere.
Iragarpen horiek, profesionalen landa informazioa eta Foru Aldundiaren hamahiru estazio meteorologikoek ematen duten informazioa kontuan hartuta, giza baliabideak eta baliabide materialak hedatzen dira. Estazioek, airearen tenperaturaz, haizearen indarraz eta norakoaz, eta prezipitazioez ohiko datuak emateaz gainera, bestelako datu oso baliagarriak ematen dituzte, hala nola asfaltoaren tenperatura edo izotzak eta elurrak asfaltoaren gainean duten lodiera.
Lehentasunak
Neguko Bidezaintza Planak ezartzen ditu elurteetarako lehentasunak, sareko errepide guztietan modu berean jardutea ezinezkoa denean: 1 lehentasuneko errepideetan, bermatu nahi izaten da zirkulazioa posible izatea eguneko 24 orduetan; 2 lehentasunekoetan, zirkulazioa 08:00ak eta 18:00ak bitartean posible izan dadin bermatu nahi izaten da, betiere 1. lehentasunari erantzun bazaio; eta 3 lehentasuneko tarteetan, helburua horixe bera izaten da, betiere 2. lehentasunari erantzun bazaio.
1 lehentasunaren barruan sartzen dira: A-1; AP-1; AP-68, N-102, Gasteiztik Ariñizko lotuneraino; N-104, Gasteiz A-1ekin lotzen duena; N-124, Gasteiz Arabako Errioxarekin lotzen duena; N-240, Gasteiztik Barazarko mendaterantz doana; N-622, Gasteiz AP68 errepidearekin lotzen duena; N-624 eta Forondako Aireportuko sarbidea; A-132, Nafarroarekiko mugaraino; A-2120, Zambrana eta Miranda de Ebro bitartean, eta A-2134. Errepide horiek guztiek 428 kilometro egiten dute guztira.
2. lehentasuneko errepide zatiek 139 kilometro egiten dituzte, eta Opakua eta Gasteizko mendateak sartzen dira; 3. lehentasuneko errepide zatiek, berriz, ia 1.100 kilometro egiten dituzte. Azken horietako lanez kuadrillak arduratzen dira batez ere, Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenen bidez

