Ortzaik De Profundis aurkeztuko du Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, Gazarako larrialdiko laguntza humanitariorako funtsak biltzeko - arabapress
Ortzaik De Profundis aurkeztuko du Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, Gazarako larrialdiko laguntza humanitariorako funtsak biltzeko
Emanaldia azaroaren 26an izango da; borondatezko ekarpena eginda sartu ahal izango da, eta biltzen den diru guztia aipatutako helburura bideratuko da, UNRWAren bidez.


Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 14a Azaroaren 26an, 20:00etan, Oscar Wilderen De Profundis testu hunkigarriaren emanaldi berezi bat izango da Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, idazlearen heriotzaren 125. urteurrena dela eta. Iker Ortiz de Zárate protagonista izango duen emanaldi hau aukera paregabea izango da kalitate artistiko handiko muntaketaz gozatzeko, eta, gainera, elkartasun ekitaldia ere izango da.
Ortzaik antolatutako emanaldiak Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren eta Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) laguntza du. Ekitaldiaren helburua da larrialdiko laguntza humanitariorako funtsak biltzea Gazarako, UNRWAren bidez. Borondatezko ekarpena eginda sartu ahal izango da eta biltzen den diru guztia aipatutako helburura bideratuko da. Gainera, zero lerro bat gaituko da aldez aurretik lagundu nahi dutenentzat.
Eszenaratze berri honetan, Oscar Wildek Readingeko espetxean idatzi zuen testua berreskuratu du Iker Ortiz de Zaratek. De Profundis obra sakona da, minetik eta gogoetatik idatzia, non Wildek bere bizitza eta Lord Alfred Douglas bikotekide ohiarekiko harremana aztertzen baititu. Ortzairen lana 2010ean estreinatu zen, eta orain indarrez itzuliko da, eszenatoki xume eta hunkigarri batera, non antzezlea eta Wilderen ahotsa izango baitira protagonista bakarrak. Estreinatu zenetik, harrera bikaina izan du bai publikoaren aldetik, bai nazioarteko kritikaren aldetik.
Ignacio Aldecoa Kultura Etxean azaroaren 26an izango den saio solidarioaz gain, azaroaren 17tik aurrera, Ortzai laborategi eszenikoan ere egingo dira antzezpenak.
UNRWAk 1.000 instalazio baino gehiago kudeatzen ditu Sirian, Libanon, Jordanian eta Palestinan, eta hezkuntza, osasun arreta eta laguntza humanitarioa ematen die 5,9 milioi errefuxiatu palestinar baino gehiagori. Emanaldian biltzen den guztia Gazan egiten duen lan humanitariora bideratuko da, eskualdea aurrekaririk gabeko krisi batean baitago.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak gonbidapena egiten die herritarrei, azaroaren 26an, asteazkena, 20:00etan, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean izango den emanaldira hurbiltzeko.

