Foru Aldundia | 2024 11 28

Ramiro Gonzalezek nabarmendu du Iñaki Gurtubai diputatu berria “erabat identifikatuta” dagoela Foru Gobernuaren balioekin

  • Arabako diputatu nagusiak kargu hartzean azpimarratu duenez, "pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, elkarrizketa eta akordioa, eta arazoei aurre egitea" dira foru arduradun berriaren ibilbidea gidatzen duten printzipioak
  • Gurtubaik bere gain hartu du, besteak beste, Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza barne hartzen dituen zorro "anitza, zeharkako arloak eta oso garrantzitsuak dituena"

Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 28a. Iñaki Gurtubaik Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu kargua hartu du gaur Arabako Foru Aldundiaren Jauregi-etxean. Ramiro González Arabako diputatu nagusia buru izan duen ekitaldian, Iñaki Gurtubai izendatu dute ofizialki orain arte foru diputatu izan den Jone Berriozabalen ordez, zeina EAJ-PNVren Araba Buru Batzarreko presidente hautatu baitzuten.

Foru Gobernuari ongietorria eman eta arrakastarik handiena opa ostean, Ramiro Gonzalezek foru diputatu berriari esan dio "arlo anitza" kudeatuko duela, "arlo transbertsalak eta oso garrantzitsuak" izango dituena. Iñaki Gurtubairen hitzetan, "bere ibilbide profesional eta instituzionalean erakutsi du erabat identifikatuta dagoela Foru Gobernu honek mantentzen dituen balio eta printzipioekin".

Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Foru Aldundiaren helburu nagusia "arabar guztien bizitza hobetzea da". Bigarrenik, elkarrizketa, akordioa eta lankidetza azpimarratu ditu. "Gobernu honek entzun egiten du, gizarteari arreta ematen dio, lagundu egiten du, gainerako erakundeekin hitz egiten du, eta bere funtsezko printzipioa adosteko borondatea da beti". Eta, hirugarren printzipio gisa, Foru Gobernuaren arazoei aurre egiteko gaitasuna azpimarratu du, "ez baititu arazoak saihesten, eta ez du espero gaiak berez konpontzea. Arazoei erabakitasunez aurre egiten zaie, betiere lehenbailehen eta ahalik eta ondoen konpontzen saiatuz". "Iñaki Gurtubaik urte hauetan guztietan erakutsi du printzipio horiekin erabat identifikatuta sentitzen dela", esan du Ramiro Gonzalezek.

Ekitaldian izan dira Foru Gobernuko gainerako kideak, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea eta batzarkide taldeetako bozeramaileak. Euskara saileko arduradun berriak ohiko formula erabili du, euskaraz: "Hitz ematen dut defendatuko ditudala Arabako foruak, erabilera onak eta ohiturak, autogobernuaren eta askatasunaren zeinua, justizia areagotuz/Hitz ematen dut arabako foruak, ohitura eta usadio onak gordeko ditudala; autogobernu eta askatasunaren seinale baitira, justizia handitzeko".

Iñaki Gurtubairen ibilbidea

Iñaki Gurtubai oso ezaguna da Arabako politikan, eta Gasteizko Udaletik datorren foru zorroa bere gain hartzen du. Azken udal hauteskundeetatik hirugarren alkateorde eta Segurtasun zinegotzi delegatu eta Tuvisa Udal Sozietate Publikoko presidente izan da. Abokatua da lanbidez, eta mende laurdena darama euskal administrazioan hainbat kargu betetzen: Eusko Jaurlaritzatik, Gasteizko Udaletik eta Arabako Foru Aldunditik igaro da, eta orain hara itzuliko da.

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi