Gizarte zerbitzuak | 2022 06 20

Ramiro González: “Indesa enplegu zentro bereziaren eta Arabako industria-sarearen arteko aliantza sendotu nahi dugu”

Arabako enpresekin egindako topaketa baliagarria izan da Indesaren industria-eremuari balioa emateko eta ezagutzera emateko; izan ere, hainbat erakundetarako lan osagarriak egiten ditu duela zenbait hamarkadatik

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 20a. Indesa 2010 SL enplegu zentro bereziak, gaur goizean, bere industria-eremuak lurraldeko enpresekin egiten dituen lan osagarrien berri eman dio Arabako enpresen ordezkaritza bati, haren eraketaren 30. urteurrena ospatzen den urtean. Ildo horretan, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak nabarmendu du zentro horrek desgaitasuna duten Arabako pertsonei enplegu aukerak eskainiz egiten duen lana, eta handitzen jarraitzeko asmoa adierazi du: “Indesaren eta Arabako industria-sarearen arteko aliantza sendotu nahi dugu”.

Hala adierazi du Arabako Ganberan egindako “Indesa 2010 al servicio de la industria alavesa / Indesa 2010 Arabako industriaren zerbitzura” izeneko jardunaldian, bertan zirelarik Gregorio Rojo presidentea, Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatua eta José Luis Alonso Quilchano Indesa 2010eko zuzendari kudeatzailea.

“Foru Aldundian – esan du diputatu orokorrak – nahi dugu ekitaldi hau baliagarria izan dadin industriarekin lankidetzan aritzeko ildo berriak irekitzen jarraitzeko, lan aukerak areagotzeko eta desgaitasuna duten Arabako pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa eskaintzen jarraitzeko, haien erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko asmoz”, azpimarratu du.

Indesaren industria-eremuak hiru lantegi ditu, Gasteiz, Laudio eta Oionen artean banatuta (Lortu, Lantze eta Kimu, hurrenez hurren). Lantegi horietako jarduera nagusia blisterra, muntaia mekanikoak, muntaia elektronikoak eta manipulatuak fabrikatzea da, eta 150 langile inguru ditu, gehienak desgaituak. Honako industria-sektore hauetarako egiten ditu lan osagarriak: etxeko tresneria, aisia eta dekorazioa, burdindegia, kosmetika eta farmazia, automobilgintza, elektronika eta logistika.

Hona hemen Indesak egiten dituen lanen hartzaile diren enpresa batzuk: Fournier, Lacor Logística, Ibili, LifeStyle, Área Global Área, Alza, Pferd, Cuncial, Dom, Arregui, Rob-Jor, QM Quimunsa, Laboratorios Ximari, RPK, Buruplast, Grupo Bultzaki, Baumann, Original USB, Vitruve, Daisalux, Cegasa, Arteche, Fortaleza, Ayerbe, Embalajes Echeberria, Garobel eta Lascaray. Azken enpresa honek, hain zuzen, Indesarekin azken 30 urteetan lanean izandako esperientzia kontatu du jardunaldian.

Bere hitzaldian, Ramiro Gonzálezek gogorarazi du Indesak Araba osorako ematen duen balio erantsia eta balioa eman dio nagusiki industriala den lurraldean, Araban, egiten duen lanari, bai eta lurraldearen “kohesio sozialean egiten duen” lankidetzari ere.

Haren egitekoa, hasieran bezalaxe, desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu aukerak eskaintzea da. Hartan hainbat administraziok parte hartzen dutenez –Arabako Foru Aldundiak gehienbat–, horrek izaera berezia ematen dio. Gaineratu du Indesan lan egiten duten hamar pertsonatik bederatzik desgaitasunen bat dutela, eta horien artean erdiak adimen desgaitasuna dutela.

Gizarte zerbitzuak

Prentsa oharra

Jaitsi