Kultura | 2022 06 22

Rockin' Ladies iritsiko da Arabara larunbat honetan kontzertu eta erakusketa banarekin

  • Izen bereko elkarteak antolatutako proiektuaren helburua da ikusaraztea eta kontzientziatzea emakumeak gero eta rol handiagoa duela historikoki genero maskulinoari lotutako agertokietan
  • Kontzertua doakoa izango da Urban Rock Concept aretoan, eta erakusketa Kultura Etxean uztailaren 31ra arte, biak Foru Aldundiaren babesarekin

Gasteiz, 2022ko ekainaren 22a. Rockin’ Ladies proiektuak, izen bereko elkarteak antolatua, Espainian historikoki genero maskulinoari lotutako eszenatokietan, hala nola rockean eta metalean, emakumeak duen gero eta rol handiagoa ikusarazi eta kontzientziatu nahi du, eta iritsi da Arabara, larunbat honetan Urban Rock Concept aretoan kontzertu bat eta uztailaren 31ra arte Kultura Etxean erakusketa bat eskainiz.

Bi jarduera horiek Ana del Valek zuzentzen duen Kultura eta Kirol Sailaren babesa dute; izan ere, esan duenez "aukera aparta da, eta aurkeztu zigutenetik bat egin dugu, ezin hobeto egokitzen delako legegintzaldiaren hasieran hartu genuen konpromisoetako bati, hau da, gure jarduera guztietan genero ikuspegia txertatzeari, berdintasunerantz aurrera egiteko helburu partekatuarekin, eta zalantzarik gabe horretarako baliabide bat da ikusaraztea kontzientzia hartzeko, eta horren adibide dira kontzertu eta erakusketa horiek".

Rockin’ Ladies elkarteak ekitaldi bat proposatzen du, emakumeak historikoki genero maskulinoari lotutako lanbide eta bizimoduetan izan duen zereginari buruzko kontzientzia sortzeko, estereotipoak hautsiz ikusgarritasunaren eta normalizazioaren bidez.

Raquel Garcíaren aburuz, "Rockin’ Ladies-en helburua da agerian uztea Espainian emakume musikari ugari daudela rock eta metal estiloetan, eta merezi duten tokia eta prestigioa erreklamatzea, era berean, estilo horietan musikan aritu nahi duten belaunaldi berrien erreferente izan daitezen".

Raquel García argazkilaria izan zen proiektu horren sortzailea, ohartu baitzen, kontzertu eta jaialdietan urte asko eman ondoren, emakume gutxi agertzen zirela eszenatokietan. Orduan erabaki zuen "gurutzada" horri ekitea, bi urte baino gehiagoz atsedenik gabe lan eginez, Espainiako geografia osoan bidaiatuz, bere objektiboen aurrean dozenaka Rockin’ Ladies (abeslariak, gitarristak, teklatu jotzaileak, baxu jotzaileak, bateria jotzaileak…) jartzeko, saioetan eszenatokien gaineko, eta azpiko, esperientziak kontatzen zituztenak.

Espainia osoan banatutako 200 musikari emakume baino gehiagorekin zuzenean harremanetan jartzea lortu zuen, eta hiri askotan barrena ibiltzen hasi zen. 100 argazki saio inguru egin dira, eta horietan, gainera, betidanik gizonentzat gorde ohi diren musika eta estiloetan emakume izatearen epopeia kontatzen duten esperientzia ugari jaso dira.

Sara Dacunha musika sustatzaile (marketinean eta komunikazioan aditua), Paris Lakryma (bateria jotzailea, baxu jotzailea, antzerkiko aktorea eta trans aktibista) eta Estefanía Garcíaren (abeslari, irakasle, proiektuen optimizatzailea) laguntzarekin, proiektua espero zena baino askoz gehiago hazi zen, eta herrialde osoko emakumeek osatutako lankidetza plataforma bihurtu zen, esperientziak partekatzeko, sinergiak eratzeko, musika sortzeko eta, batez ere, bide beretik jo nahi duten beste emakumeentzako erreferente eta inspirazio iturri izateko.

Egindako lan guztia laburbiltzen da adin eta esperientzia maila guztietako emakume horiek erakusten dizkigun argazki bilduma batean. Bilduma horren helburuak honako hauek dira: emakumeen presentzia hori ikusaraztea musikan; inspirazio iturri izatea eta erreferenteak sortzea, ezinbestekoak baitira neskak musika ikastera eta sortzera anima daitezen; eta emakume musikari horiek harremanetan jartzea, kezkak eta esperientziak partekatu ahal izatearen ondorioz proiektu berriak sortzen direla ikusita.

Rocking’ Ladies Araba

Larunbat honetako ikuskizuna doakoa da, Arabako Foru Aldundiaren 4.000 euroko babesari esker. Emakumeek 15 minutuko tribu-rock dantza egingo dute eta, ondoren, 120 minutuko jam kontzertua Urban Rock Concept aretoan.

Erakusketak 100 argazki inguru ditu. Ignacio Aldecoa kultura etxean ikusi ahal izango da, larunbat honetatik uztailaren 31ra arte, ohiko ordutegian.

Raquel García

Kataluniako argazkilaria da eta 20 urtetik gorako esperientzia dauka. Erretratuetan eta, zehazkiago, argazki musikaletan espezializatuta dago. Hainbat bandaren argazkiak atera ditu, hala nola Redimoni, Foscor, Lux Divina, Moonloop, Empty, Oceans in Motion, Swamping eta Alien Rocking, Exposion banda nazionalenak, besteak beste, eta Blues Pills nazioarteko bandarenak, besteak beste. Musikari profesionalekin ere egin ditu lanak, esaterako hauekin: Zebensui Rodríguez, Suso Valcárcel, José Rosendo, Raphaela Tache edo Alfred Berengena.

Argibide gehiago hemen: www.rockinladies.es.

 

Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua Foru Aldundia

Adierazpenak Ana del Val

Adierazpenak Raquel García

Prentsa oharra

Jaitsi