Mantentze-lan Aeromekanikoko Formakuntza Ziklo berrirako izen ematea irekita dago - prentsa
Mantentze-lan Aeromekanikoko Formakuntza Ziklo berrirako izen ematea irekita dago
Turbina Hegazkinen Mantentze-lan Aeromekanikoko Euskadiko Lanbide Heziketako lehen Goi Mailako Gradua Egibide zentroan egingo da. Datorren ikasturtetik aurrera prestatzen diren ikasleak funtsezko faktorea izango dira euskal sektore aeronautikoa garatzeko eta, zehazkiago, Forondako aireportuaren industria-bilakaerarako

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 9a. Turbina Motorreko Hegazkinen Mantentze-lan Aeromekanikoko ziklo berri honen bidez, Euskadiko Lanbide Heziketak eskaintza handitu du. Goi Mailako Gradu hau Arabako hiriburuko Egibide zentroan baino ezingo da egin.
Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak aurkeztu du modulu berria, Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasuneko foru-diputatuarekin batera. Bertan izan dira ere Xabier López de Santiago Egibideko Berrikuntza eta Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Arantxa Ibáñez de Opacua Vital Fundazioko zuzendaria.
Ziklo berri hau Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Egibidek, Vital Fundazioaren laguntzarekin, elkarrekin egindako proiektua da. Helburua da Alemaniako DHL multinazionalak Forondako aireportuan eraikiko duen hegazkinen mantentze- eta konponketa-lanetarako hangar berrian lan egingo duten etorkizuneko profesionalak trebatzea, eta, bidez batez, aeronautikaren sektoreko Arabako eta Euskadiko hainbat enpresak arlo horretan dituzten teknikari kualifikatuen beharrei ere erantzungo die.
Hain zuzen ere, Hezkuntzako sailburuak azpimarratu du Euskadiko Lanbide Heziketaren balio nagusietako bat dela euskal industria- eta enpresa-sarean eragin duten aldaketa ekonomiko eta teknologikoetara egokitzeko eta horiei erantzuteko ahalmena. Horren erakusle da Lanbide Heziketa amaitzen duten ikasleen enplegagarritasun altua, % 90 ingurukoa baita. “Ikasleen gaitasunek industria- eta ekonomia-sarearen beharrei erantzuten diete, eta, oraingo honetan, bultzada berri emango zaio, gainera, euskal aeronautika-sektoreari”, azaldu du Labakak. “Euskadiko Lanbide Heziketan trebatutako ikasleak garapenerako funtsezko faktorea izango dira berriz ere, berrikuntzari esker”, amaitu du.
Forondako industria-garapenerako proiektu estrategikoa
Arabako Foru Aldundia 2022. urtearen hasieran hasi zen azpiegitura estrategiko hori garatzeko DHLrekin elkarlanean; bultzada handia emango dio Gasteizko aireportuaren garapen industrialari. Prozesu horren baitan, proiektuak sortuko dituen lanpostu espezializatu berriak betetzeko langile kualifikatuak izateko beharra identifikatu zen.
Eskaera horri erantzuteko, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Egibiderekin batera, LHko heziketa-ziklo berri hau diseinatu du, eta arlo horretan Araban eta Euskadin egingo den bakarra da.
“Prestakuntza-ziklo berri honek indartu egiten du Egibidek enpresen eta industriaren beharrekin bat datorren prestakuntzaren alde egindako apustua, eta ikasleei lan-aukerak eskaintzen dizkie etorkizuneko sektore estrategikoetan”, nabarmendu du Xabier López de Santiagok, Egibideko Berrikuntza eta Harreman Instituzionaletako zuzendariak. Plana martxan jartzeko, ezinbestekoa da, halaber, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza, prestakuntza-eskaintza hori abiarazteko behar den inbertsio ekonomikoa egiteko.
“DHLko aireontzien mantentze-lanetarako hangarra Forondan instalatzen bada kualifikazio handiko profesionalak beharko ditu. Ziklo hau aukera bat da tokiko talentua proiektu honen eta Arabako industria aeronautikoaren etorkizunerako funtsezkoa den espezialitate batean trebatzeko”, azaldu du Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasuneko diputatuak.
Bestalde, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak adierazi duenez, "txiki-txikitatik gaitasunak hobetzeko eta helduen lehiakortasuna hobetzeko laguntza areagotu dugu gero eta gehiago eskatzen diren txoko berrietan. Lurraldeko ongizate-maila enpleguaren hazkundearekin zuzenean lotuta dago, eta, horretarako, haren premia berriei erantzuten saiatzen gara, hala nola gure enpresetan lan egiteko pertsona kualifikatuak izatea ".
Enplegagarritasun handiko prestakuntza-ziklo berritzailea
Turbinaren Motorreko Hegazkinen Mantentze Aeromekanikoko Goi Mailako Heziketa Zikloa Egibide-Arriagako Campusean egingo da, goizez (8:15-14:15). 2.800 ordu iraungo ditu, hiru ikasturtetan banatuta, eta prestakuntza teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikasleek sektoreko enpresetan egiten dituzten prestakuntza-egonaldiak barne.
Programa honek ikasleak prestatuko ditu turbina-motorreko hegazkinen sistema mekanikoak, hidraulikoak, pneumatikoak, elektrikoak, elektronikoak eta abionikakoak mantentzeko.
Gainera, aeronautikako egiturak eta osagaiak fabrikatzeko eta muntatzeko prozesuetan parte hartzeko trebatuko ditu.
Lanbide-irteeren artean lanpostu hauek daude:
• Oinarriko eta lineako mantentze-lan aeromekanikoko teknikaria.
• Egiturak, sistemak eta osagaiak hangarrean edo tailerrean mantentzeko teknikaria.
• Aeronautikako elementuak eta osagaiak fabrikatu eta muntatzeko teknikaria.
• Ekipo elektriko eta elektronikoen teknikaria eta egiaztatzailea.
• Turbina-motorrak doitzeko teknikaria.
• Turbina-motorren boroskopia industrialean espezialista.
• Saiakera ez-suntsitzaileetako teknikaria.
Gainera, prestakuntza honetan eskainiko da hegazkinen mantentze-lanen ziurtagiria eskuratzeko azterketak prestatzea. Baimen hori Aire Segurtasuneko Europako Agentziak (EASA) igortzen du, eta handitu egiten ditu mantentze-lan aeromekanikoaren sektoreko lan-aukerak eta garapen profesionaleko aukerak.