Kultura | 2022 06 10

PHOTO-ARABA aurkeztu da, Arabako argazki historikoaren ataria

Arabako Agiritegiak garatu du helburu honekin: kultura erakundeak "ezagutza biltegiak" beharrean "ezagutza fabrikak" izan daitezen

Gasteiz, 2022ko ekainaren 10a. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak Photo-Araba (https://photo.araba.eus/) Interneteko ataria aurkeztu du gaur, Arabako Foru Aldundiak gordetzen duen ondare fotografikoa zabaltzeko, Arabako Agiritegiak garatua.

PHOTO-ARABAk, argazkien bidez, Arabako Lurralde Historikoaren azken ehun urteetako bilakaera politikoa, soziala eta ekonomikoa dokumentatzen du: paisaian eta herrietan izandako aldaketak, eta arabarren bizimoduaren eta ohituren eraldaketa.

Ataria abian jarri da hamabost argazki funts eta bildumatako berrogeita hamar mila irudi argitaratuta, besteak beste, hauen bildumak: Baraibar, Varona, Ibarrondo, López de Guereñu, Vicente Lopez, Schommer Koch, L&P Fotógrafos, Apraiz eta Gonzalo Busto.

Photo-Araba etengabe hazten ari den proiektua da, Arabako Agiritegiak irudi bolumen handia daukalako. Lehenengo helburua da 2023 amaitu baino lehen ehun mila irudira heltzea. Atariak prozedura erraza du interesdunek ekarpenak egin ahal izateko, bai informazio gehigarriarekin bai beste irudi batzuekin.

Kultura eta Kirol Sailak lehentasunezkotzat jotzen du ondare grafiko baliotsu hori ezagutaraztea, katalogatzen ari den aldi berean. Ana del Valek gogorarazi duenez, "nahiz eta kultura ondarea kontserbatzea eta babestea administrazio publiko guztien funtsezko zeregina izan, kultura ondasunen kontserbazio hutsera mugatzen den kultura politika ez da nahikoa. Kultura erakundeek ez dute ezagutza biltegi hutsak izan behar, ezagutza fabrikak baizik. Horixe da artxibo, liburutegi eta museoen legitimitate soziala: herritarren aberastasun kulturala handitzen laguntzea, gordetzen duten ondarea ezagutaraziz, hura irekiz eta partekatuz".

Aurkezpenean, Pepe Sainz Varela Agiritegi Zerbitzuko buruak parte hartu du eta Photo-Arabaren funtzionamenduaren ezaugarri tekniko nagusiak azaldu ditu, hala nola ataria garatzeko software librea erabili da, gordailu digital gisa konfiguratuta dago (Euskariana, Hispana eta Europeana biltzaileei lotu ahal izango zaie) eta jabari publikoa sustatzen du; horrela, Arabako Foru Aldundiaren bilduma propioko argazkiak libreki eta doan erabili ahal izango dira.

Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi