Foru Aldundia | 2025 12 01

Umbra Light Festival jaialdiak bosgarren edizioa egingo du 2026eko otsailaren 6tik 8ra, "Elkartzen duen argia" lelopean

Erdi Aroko Almendra eta Zabalgunea izango dira berriro ibibidearen protagonista, eta beste auzo batzuetan ere izango dira, hala nola San Martin eta Koroatze auzoetan.

100.000 pertsonak baino gehiagok gozatu zuten ekitaldiaz azken edizioetan, eta hotel okupazioa % 90etik gorakoa izan zen

Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiak eta udalak sustaturik dago
 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 1a.- Umbra Light Festival jaialdiak laugarren edizioa egingo du 2026ko otsailaren 6tik 8ra, Vitoria-Gasteizko plaza, eraikin eta espazio publiko deigarrienak argiz eta artez betetzeko. "Elkartzen duen argia" jaialdiaren leloa eta eskultura, proiekzio eta instalazio guztien lotura izango da oraingo honetan, argi arteak pertsonak, belaunaldiak eta kulturak konektatzeko duen gaitasuna erakusteko helburuarekin.

Arabako hiriburuko Erdi Aroko Almendra eta Zabalgunea izango dira, berriro ere, museo bizi eta iragankor honen protagonistak. Dagoeneko berretsi dira espazio horietako batzuk, hala nola Espainia Plaza, Probintza Plaza, Farelina Lorategia, eta Santa Maria katedrala, baina auzoetan ere egongo da, hala nola Lovainan, San Martinen eta El Anglon. Era berean, Umbra Light Festival jaialdia hiriko beste zenbait gunetara eramateko lanean ari gara, hala nola Koroatze eta Mendizorrotza auzoetara.  

Cristina González diputau nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo saileko foru diputatuak, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, Arantxa Ibáñez de Opacua Vital Fundazioaren zuzendariak eta Nico García Argia 3 kultura elkarteko bozeramaileak 2026ko Umbra Light Festival jaialdiaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur, eta hura prestatzeko lanak azaldu dituzte. 

Cristina Gonzálezek nabarmendu duenez, Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz jaialdiak “bosgarren edizio honetan, urteko aldizkakotasuna duen ekitaldia izanik, sendotzeko eta hazteko etapa berri bat hasiko du, bere arloko erreferente gisa, estatuan eta nazioartean. Otsaileko egunak eta asteburuko hiru eguneko formatua mantenduko ditugu, hiriko ostatuetan, ostalaritzan eta merkataritzan bisitari eta jarduera ekonomiko gehiago sortzen dituelako». 

Gure turismo estrategiaren oinarrietako bat beste probintzia batzuetako bidaiariak erakartzeko gaitasuna duten kalitatezko ekitaldiak bultzatzea da, eta Umbra Light Festival jaialdiak helburu hori betetzen du: azken edizioetan 100.000 pertsona baino gehiago atera ziren Gasteizko kaleetara jaialdiaz gozatzera, ostatuen % 90 baino gehiagoko okupazioarekin, azaldu du.

Gasteizko alkate Maider Etxebarriak nabarmendu du Umbra Light Festival jaialdiak Gasteiz berriz proiektatuko duela "hiri moderno, dinamiko eta jasangarri gisa. Edizio honen leloak, 'Elkartzen duen argia', Gasteizek bizikidetzaren aldeko apustua egiten duen hiri gisa duen nortasuna indartzen lagunduko du, zalantzarik gabe. Argiak elkartu egiten gaitu, lekukotu egiten gaitu eta unibertsala da. Leku beraren ikuspegi ezberdinak eskaintzen ditu, oso hizkera bereziarekin".

Etxebarriak jakinarazi duenez, jaialdiaren ibilbideak beste behin ere Erdi Aroko Almendra eta Zabalgunea izango ditu agertoki nagusi, eta ibilbideari espazio berriak gehituko zaizkio, hala nola Falerinako Lorategia edo Katedral Berriko fatxada; eta nabarmendu du zer-nolako ahalegina egin den Umbra Light eta haren jarduera hiriko beste auzo batzuetara zabaltzen, hala nola Lovaina, San Martin, Koroatze eta Mendizorrotza auzoetara. "Helburua ibilbidea deszentralizatzea eta beste gune batzuetan mugimendua sortzea da".    

Bestalde, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak balioa eman dio ekitaldi desberdin baten berezitasunari, gure eskaintza turistikoa aberasten baitu eta kalitatezko helmuga gisa indartzen baikaitu. Umbra Vitoria-Gasteizko nortasun kulturalaren parte da dagoeneko, hiriari beste modu batera begiratzeko gonbidapena da, eta berritzeko, lankidetzan aritzeko eta gure ateak irekitzeko dugun gaitasuna erakusten die, dugun onena partekatze aldera, argiztatzen den hiri batez gozatu nahi dutenei”. 

Azkenik, Vital Fundazioko zuzendari Arantza Ibáñez de Opacuak adierazi duenez, Vital Fundazioan jakin badakite "kultura ez dela entretenimendua soilik; aitzitik, tokiko merkataritza bultzatzen du, ostalaritza dinamizatzen du, turismoa sustatzen du eta enplegua sortzen du. Gainera, Vital Fundazioarentzat kultura bere jardueraren funtsezko arloa da, gizarte kohesioa indartzen duelako, pentsamendu kritikoa bultzatzen duelako, ongizate emozionala sustatzen duelako eta sormena eta berrikuntza sustatzen dituelako. UMBRA jaialdiak gogorarazten digu kulturaren aldeko apustua egiten duen hiria bere etorkizunaren aldeko apustua egiten duen hiria dela".

"Batzen duen argia" lelopean
Umbra Light Festival jaialdiak Gasteizko kaleak eta plazak hiri agertoki handi bihurtuko ditu hiru gauez, 2026ko otsailaren 6tik 8ra. Argi artearen ibilbidearen ordutegi orokorrak ez du aldaketarik izango 19:00etatik 23:00etara bitartean, baina barruko espazio batzuek, hala nola Europa Biltzar Jauregiak edo Vital Fundazioak Foruen plazan duen areto berriak, ordutegia luzatuko dute egunez ere bisitatu ahal izateko. 
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak bultzatuta, Fundación Vital Fundazioaren laguntzarekin, eta ARGIA 3 Kultur Elkarteak antolatuta, Umbra nazioko eta nazioarteko erreferente bihurtu da dagoeneko argi artearen eta argiztapen jaialdien arlo esperimental, teknologiko eta sozialean. Gainera, hasieratik, euskal hiriburuaren eragile kultural gisa finkatu da, eta hiria beste modu batean bizitzeko eta begiratzeko aukera ematen duen ekitaldi gisa. 
Aurreko edizioetan hainbat kontzeptu landu ondoren, hala nola hirigintza, NBEren Garapen Jasangarriaren Helburuak, enpatia edo bakea, Umbra Light Festival jaialdiak bosgarren edizioa egingo du "Elkartzen duen argia" lelopean, argiak pertsonak, belaunaldiak, auzoak eta kulturak konektatzeko duen gaitasuna erakusteko eta komunitatearen jasangarritasuna eta elkarreragina sustatzeko. Argia itzulpenik behar ez duen hizkuntza unibertsal gisa nabarmentzea ere nahi du.
«Lelo hau aukeratuta, gainera, argi artearen gaitasuna nabarmendu nahi dugu, arabarrei eta bisitariei Gasteizko txokoak eta hiri ondarea beste begirada batekin deskubritzeko aukera emateko. Era berean, argia nabarmendu nahi dugu itxaropenaren, elkartzearen eta ospakizun partekatuaren sinbolo gisa, ideien, emozioen eta kulturen arteko loturaren metafora gisa, oraina eta etorkizuna batuz", azaldu du Argia 3 elkarteko bozeramaile Nico Garcíak.
Lelo hori abiapuntu hartuta, Umbrak nazio eta nazioarteko deialdi bat egin die artistei, eta aurreko edizioetan baino parte hartze handiagoa egongo da, Europako, Amerikako, Asiako eta Ozeaniako hainbat herrialdetatik iristen diren proposamenen bidez. Jaialdiaren ospeak bermatzen du edizio bakoitzean goi-mailako proposamen gehiago egotea; proposamen horiek eraikinetan proiektatzen dira edo proposatutako gaiari lotutako kanpoko eta barruko instalazioetan gauzatzen dira.


Urtebeteko lana
Ezaugarri eta dimentsio horietako jaialdi bat antolatzea oso konplexua denez, ekoizpen fasea ia urtebetekoa izaten da, eta, beraz, Umbra Light Festival jaialdiaren bosgarren edizio hau planifikatzeko, diseinatzeko eta gauzatzeko lanak 2025aren hasieran hasi ziren. Instalazioak eta proiekzioak muntatzeko, 100 profesional baino gehiagoko taldeak parte hartu behar du (zuzendaritza, produkzioa, artistak, teknikariak, prentsa, ekipo grafikoa eta dokumentazioa, etab.).
Orain arte egin diren Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz jaialdiaren lau edizioek etengabe indartu dute Gasteizko hiriaren nazioko eta nazioarteko ospea eta posizionamendua, eragin kultural, sozial, turistiko eta ekonomiko nabarmenarekin, gero eta gehiago bertaratzen den ikusle kopuru handiari eta Arabako hiriburuko eta lurraldeko ostalaritzan eta merkataritzan duen eraginari esker. .
Umbra Light Festival jaialdiak, gainera, jasangarritasuna bultzatzen du kontsumo txikiko instalazioekin eta energiaren erabilera arduratsuarekin, eta, horrela, berrikuntza artistikoaren eta ingurumen konpromisoaren erreferente gisa sendotzen da.
 

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi