Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru diputatua | 2023 01 23

Umbra Light Festival Vitoria-Gasteiz otsailaren 9tik 11ra bitartean itzuliko da, instalazio gehiagorekin eta ibilbide berriekin

  • Handituko da artista eta instalazio kopurua, eta hirian zehar zabalduko da, edukiera handiagoko espazioak hartuz
  • 12 lan estreinatuko ditu, ibilbideko sorkuntzen % 50
  • Añanako gatzarekin edo bonbilla-hodeiekin egindako instalazioek gonbidatzen dute klima-aldaketari edo gizarte-aldaketa zorabiagarriei buruz hausnartzera


Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 23a. Umbra Light Festival jaialdiak argiz eta artez beteko ditu Vitoria-Gasteizko kaleak, plazak eta eraikin enblematikoak otsailaren 9tik 11ra bitartean, "Enpatia" lelopean elkarrekin lotutako 23 instalazioz osaturiko ibilbide baten bidez. Argi-artearen jaialdia hazi eta hedatuko da bere hirugarren edizioan, artista eta emanaldi gehiagorekin, hiriaren kanpoko eta barruko espazioetan kokaturik.

Umbra Light Festival-en zuzendariek, Carlos Torrijosek eta Rafael Gallegok, ibilbidea eta berritasun nagusiak aurkeztu dituzte gaur Montehermoso Kulturunean egindako ekitaldi batean, Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Maider Etxebarria alkateorde eta Sustapen Ekonomiko eta Turismoko zinegotzia eta Jesús García de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea bertan izan direla.

Umbra Light Festival jaialdia ARGIA 3 kultura-elkarteak antolatua da, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta bultzadarekin, eta bi ediziotan bakarrik – 2019ko otsaila eta 2021eko azaroa –estatuko eta nazioarteko erreferentzia-puntu bihurtu da argi-artearen eta argiztapen jaialdien munduko eremu esperimental, teknologiko eta sozialean.

Edizio honen leloa "Enpatia" da, hau da, pertsona batek, bestea berdintzat hartuta, besteen pentsamenduak eta emozioak hautemateko duen gaitasuna, eta hartaz baliatzea ezinbestekoa da mundu solidarioago, bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko. Antolatzaileek artistei eskatu diete kontzeptu hori bultza dezatela eta ikusleak gonbida ditzatela gogoeta egitera norbera inplikatzeak gizarte orekatuagoa lortzeko duen garrantziaz.

Umbra Light Festival jaialdia hiriko erdigune historikoan eta hartako beste alde garrantzitsu batzuetan egingo da, hainbat ibilbidetan egituratuta. Zehazki, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, jaialdia hego-ekialderantz hedatuko da aurten, Prado parkeraino; mendebalderantz, Europa Biltzar Jauregiraino; eta ekialderantz, Santa Barbara plazaraino.

Zenbait barne-espazio erantsi dira, hala nola Vital Fundazioaren erakusketa-gunea eta Europa Biltzar Jauregia, eta beste barne-espazio batzuk berreskuratu dira, hala nola Santa Maria katedraleko kripta eta Montehermoso Kulturuneko ur biltegia. Atari zabaleko espazioak bilatu dira, esaterako Prado Parkea eta Santa Barbara Plaza, ikusle gehiago etortzea errazteko, erosotasunari lehentasuna emanda.

Berri gehiago

Vitoria-Gasteizko Umbra Light Festival jaialdiaren hirugarren edizioak 23 instalazio eta performance izango ditu, orain arteko artista eta argi-emanaldi kopururik handiena. Bertako, Espainiako eta nazioarteko (Kanada, Australia, Europako…) sortzaileen presentziak indartzen du jaialdiaren eskaintza erakargarria  aniztasun, ikuspuntu eta zirrara aldetik.

Gainera, jaialdian 12 instalazio lehenengo aldiz estreinatuko dira, aukeratutako obren erdia baino gehiago, argiztapen artistikoaren munduan etorkizuneko joerak markatzearen aldeko apustuan.

Ikusgai izango diren instalazioen artean Kymatic egongo dago, Done Mikel elizako atarian. Gheada Bilboko ikus-entzunezko estudioaren sorkuntza hori eraikitzeko, Añanako Gatz Haraneko gatza erabiliko da, eta ikusleek zientzia zinetikoa esperimentatu ahal izango dute (soinu-uhinak ikusi ale xeheko zenbait materialek sortutako patroi geometrikoetatik abiatuta), tresna interaktiboen bidez.

Beste obra aipagarri bat Cloud da, Fray Francisco de Vitoria pasealekuan kokatua: bonbilla-hodei batek ikusleekin elkarrekintzan dihardu, bere gainazalean “tximistargiak” sortuz. Instalazio gehienetan dagoen goi-goiko teknologiaren barnean, hau guztiz analogikoa eta interaktiboa da, eta horrek bitxitasun teknologiko bihurtzen du. Caitlind Brown eta Wayne Garrett kanadarrek gauzatu zuten Art Experiment 2013rako, Garage Museum of Contemporary Art delakoaren enkarguz.

Santa Barbara plazan, Lucid Creates talde britainiarraren Exponential lana nabarmentzen da, bere oroitarazte-ahalmenagatik. Exponentialek COVID-19agatiko konfinamenduan pertsona askok sentitu zuten nahasmen eta kaos sentimendua adierazten du. Ispiluzko kubo baten gisa egituratuta, argiaren, soinuaren eta islaren erabilerak egundoko sentipena sortzen du, eta bultzatu egiten du klima-aldaketaren desafioei aurre egiteko eta hondamendi ekologiko handiagoak ekiditearren elkarrekin jokatzeko premiaz.

Ordutegiak

Vitoria-Gasteizko Umbra Light Festival jaialdiko instalazioak otsailaren 9an (osteguna), 10ean (ostirala) eta 11n (larunbata) ikusi ahal izango dira, 19:00etatik 22:00etara, eta ordutegi bereziak izango dira kasu hauetan:

  • 00 instalazioa, Andre Maria Zuriaren plazan kokatua. Musikarien eta perkusioaren performance. Ordu oro hogei minutuko emanaldia egingo dute, ordutegi hauekin: 19.30 - 19.50 / 20.30 - 20.50 / 21.30 - 21.50 / 22.30 - 22.50 

  • Vital Fundazioaren erakusketa-gunea. Zabalik egongo da ostiralean, hilak 10, eta larunbatean, hilak 11, goizeko 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 23:00etara arte; eta igandean, hilak 12, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, edizio honetako berritasun gisa, gune honetan kokatutako hiru instalazioak otsailaren 26ra arte ikusi ahal izango dira ohiko ordutegian.

  • Montehermoso Kulturuneko ur biltegian kokatutako instalazioa ikusteko ordutegia luzatu egingo da ostiralean, hilak 10, eta larunbatean, hilak 11: 17:00etatik 22:00etara arte.

  • Santa Maria katedraleko kripta. Katedraleko instalazioa bisitatzeko ordutegia luzatu egingo da ostiralean, hilak 10, eta larunbatean, hilak 11: 17:00etatik 22:00etara arte.

  • Europa Biltzar Jauregiko instalazioa ostegunean, ostiralean eta larunbatean egongo da ikusgai, 19:00etatik 23:00etara.

  • Kalejira 19:00etatik 23:00etara arte ibiliko da Gasteizko kaleetan.

Aurreko edizioak

Vitoria-Gasteizko Umbra Light Festival jaialdia bertakoen eta bisitarien erakargarri bihurtu da, hiru egunez ideien eta sormenaren aire zabaleko museo batez gozatzen baitute. 2019an 84.000 bisitari izan zituen, eta 2021ean kopurua 107.000 izan zen. Berdin gertatu zen hotel-okupazioarekin: 2019an % 78ra iritsi zen eta 2021ean % 95era.

Lehenengo edizioaren leloa honako hau izan zen: "Argiaren urbanismoak, hiri paisaia berriak", eta hiriko eguneroko paisaiaren begirada desberdin eta harrigarriak erakutsi zitzaizkien ikusleei. Bigarren edizioaren programazioak nabarmendu zituen gizakiak ingurumenean duen eragina eta etorkizun jasangarria garatzeko era, NBEk 2030 Agendan ezarritako garapen jasangarriko helburuak (GJH) hedatuz. 2023ko edizioan, jasangarritasuna bilatu eta sustatzea berriz ere jaialdiaren zuzendaritzak ezarritako gidalerro bat da.

Umbra Light Festival jaialdiak 2022an, Europako 20 argiztapen jaialdi baino gehiagorekin batera, ILO Sustainability Manifesto agiria sinatu zuen, Nazioarteko Argiztapen Jaialdien Elkarteak (ILO) argiztapen jaialdien iraunkortasuna sustatzeko idatzia.

Eremu horretan, ahalegin handiagoak egin dira edizio honetan:

  • Instalazioen ia % 100 LED argi-iturriekin eginda daude. Horri esker, kontsumoa % 50 baino gehiago murriztu da.

  • Erabilitako energia guztia “garbia” da. Artelan batek ere ez du erabiltzen erregaiz dabilen argindar-sorgailurik. Gure artelan batzuk berriz kargatzen diren bateria elektrikoz eta eguzki-plakek sortutako argindarrez elikatzen dira.

  • Erabiltzen diren material guztiak (papera, banderatxoak, bonbillak, kableak, alokatzeko ekipamendua…) birziklatzeko modukoak dira.

  • Digitalizazioa areagotu egin dugu: lineako mapa-gida berri bat eskaintzen dugu, eta programa web-etik eskuratu eta deskargatu daiteke.

 

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru diputatua Turismoa Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi

Programa

Jaitsi