Indesa enplegu zentro bereziaren kanpaina batek desgaitasuna duten pertsonek bizi proiektu bat izateko duten eskubidea aldarrikatuko du - arabapress
Indesa enplegu zentro bereziaren kanpaina batek desgaitasuna duten pertsonek bizi proiektu bat izateko duten eskubidea aldarrikatuko du
Ekaitz, Rosalina, Aaron, Zuriñe eta Alazne enpresan ari dira lanean, eta Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako kanpainaren protagonistak dira



Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 1a. Hilaren 3an izango den Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, Indesa enplegu zentro bereziak kanpaina bat abiarazi du, dibertsitate funtzionala duten pertsonek bizi proiektu propio bat izateko duten eskubidea aldarrikatzeko, bai eta laneratzea hori lortzeko funtsezko tresna dela erreibindikatzeko ere.
Indesako enplegatuak dira kanpainaren protagonista, zeinak erakusten baitu zer sektoretan lan egiten duten, eta arreta jartzen du haien bizi proiektuetan eta gizarte inklusioa lortzeko moduan: enplegua ez ezik, bizi proiektu bat ere badute, gainerako pertsonek bezala. Ekaitz Olea futboleko atezaina da, baita lorezaina ere; Rosalina Afonso gimnasiora joaten da egunero, eta garbitzaile egiten du lan; Aaron Luna youtuberra da, eta sukaldari egiten du lan; Alazne Mantxa artista da eta Zuriñe Yerrok jostea du zaletasun, eta Indesako langileak dira biak.
Ekaitzen, Rosalinaren, Aaronen, Zuriñeren eta Alazneren istorioak dira kanpainaren muina. Enplegu duin bati esker, pertsona horiek autonomia eta ongizatea eta beren bizi proiektua izatea lortu dute, eta, hala, frogatzen dute laneratzeak benetako aldaketa dakarkiela pertsonei eta haien familiei.
Indesa enplegu zentro berezia erreferentea da Araban, eta, langile kopuruari dagokionez, lurraldeko hirugarren enpresa. Arabako Foru Aldundiak sustatzen du, eta ez du irabazteko xederik. Mila langile baino gehiago ditu, eta horietako % 90ek dibertsitate funtzionala du. Bertako profesionalek hainbat tokitan egiten dute lan: gizarte etxeak garbitzen dituzte; lorategietako mantentze lanak egiten dituzte; egoitzetarako eta eguneko zentroetarako janaria prestatzen dute; garbitegi zerbitzua ematen diete ospitaleei; Forondako aireportuko kafetegiko zerbitzuaz arduratzen dira, eta tokiko industrietarako lan osagarriak egiten dituzte. Enpresaren eredua prestakuntza eta laguntza ematean eta ibilbide pertsonalizatuak sortzean oinarritzen da, pertsona bakoitza hazi ahal izan dadin eta komunitatean bete-betean parte hartu dezan bermatzeko.
Kanpainaren aurkezpenean, Gorka Urtaranek nabarmendu du helburua kontzientziatzea eta aukera berdintasuna sustatzea dela, eta % 90ean desgaitasuna duten pertsonez osatuta dagoen Indesako plantillaren irudi sozial positiboa eskaintzen duela, eta gizarteari egiten dion ekarpena aintzatetsi eta balioesten duela.
Inklusioa ikusi, aintzatetsi eta ospatu
Ander Eguidazuk azaldu duenez, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako kanpainak begiradak aldatzea eta aniztasuna aitortzea ditu helburu, eta agerian uztea pertsona guztiek dutela bizi proiektu propio bat izateko eskubidea; alegia, enplegua, soldata eta aukerak izateko eskubidea.
Indesako zuzendari kudeatzaileak azaldu du kanpaina hainbat formatutan zabalduko dutela, eta arreta berezia jarriko dutela espazio publikoetan eta Indesako lantokietan. Hala, 'Paregabea naiz' leloa duten eskumuturreko laranjak banatuko dituzte, batasun eta harrotasun sinbolo gisa, eta egoitza bakoitzean argazki kolektiboak egingo dituzte asteazkenean, hilak 3, aniztasuna eta konpromiso partekatua erakusteko. Horrez gain, barne kanpaina bat egingo dute, langileak inplikatzeko eta ekintzak ezagutzera emateko.
Gainera, Indesak kalera eramango du kanpaina, informazio karpa baten bidez, hilaren 3an, Urrezko Zeledonen Plazan. Bertan, herritarrek testigantzen berri izan, baliabideak aurkitu eta keinu kolektiboarekin bat egin ahal izango dute: ispiluaren aurreko argazki bat, eskumuturreko laranja jantzita, sare sozialetan partekatzeko #ParegabeaNaiz traolarekin.
Gorka Urtaranek Indesak Arabari ematen dion aberastasuna nabarmendu du, baita ekonomiaren arloan ere. Izan ere, enplegu zentro bereziak 49,5 milioi euro sortu zituen iaz Arabarako balio sozial integratuan, eta kopuru horrek erakusten du eragin positiboa duela familiengan, administrazioetan, bezeroengan eta ingurune sozioekonomikoan.
“Gure jarduna oinarrizko printzipio batetik abiatzen da: desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun unibertsalerako eskubidea betetzea; izan ere, desgaitasuna duten pertsonen berdintasuna, bizitza independentea, inklusioa eta parte hartze sozial erabatekoa bermatzen duen eskubidea da”, laburbildu du Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak.

