Euskara | 2023 02 02

Euskararen erabilera ikasgelan, kalean eta etxean sustatzen lagunduko du gurasoentzako gida batek

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak egunerokoan aholkuak, gomendioak eta baliabideak biltzen dituen argitalpen bat argitaratu dute 

15.000 ale banatuko dira ikastetxeetan, eta materiala eskuragarri dago online deskargatzeko ere

Gasteiz, 2023ko otsailaren 2a. Gasteizko familiek baliabide berri bat dute 10 urtetik beherako haurren artean euskararen erabilera sustatzeko. Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak gida bat argitaratu dute, ikasgelan, kalean eta etxean euskararen presentzia areagotzeko aholkuak, baliabideak eta jardunbide egokiak biltzen dituena. Otsailean 15.000 ale banatuko dira (horietatik 10.500 Arabako hiriburuan) ikastetxeetako ikasleen artean (Haur eta Lehen Hezkuntza). Gainera, materiala online deskargatu eta kontsultatzeko moduan dago.

Gaur goizean, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik eta Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugartek ‘Gurasoentzako Gida’ ekimenaren edukien berri eman dute. “Gasteiz eta Araba euskalduntzea eta euskaldunen datuak etengabe hobetzea hainbat faktoreren ondorio dira. Horren adibide da hezkuntzaren esparruan egiten ari den ahalegina, baina ezin dugu ahaztu familien lana eta beste sektore batzuena, hala nola kultura, aisialdia eta kirola. Eta, hain zuzen ere, gida honen bidez lortu nahi duguna da seme-alaben euskararen erabileran lagundu nahi duten gurasoei laguntza eskaintzea, seme-alabei hizkuntza bat ez ezik, euskarak eskaintzen digun kultura eta bizitzeko modu bat transmititu nahi baitiete”, adierazi du zinegotziak. 

“Arabako biztanleri gehiena Vitoria-Gasteizen erroldatuta badago ere, ezin ditzakegu alde batera utzi Lurraldeko gainontzeko eskualde eta bailaretan dauden ikastetxeak, urterik urte ikasle berriak hartzen dituztenak.  Horregatik, ikastetxe horiek eta bertara heltzen diren haur guztiak aintzat hartu nahi ditugu ere. Eta ez da administrazioak berariaz antzemandako behar bat. Behin baino gehiagotan zenbait guraso taldek planteatutako behar bat erantzuteko eta azaldutako proposamen bat egia bihurtzeko asmoz argitaratu gida da”, azaldu du Lexuri Ugartek.

Izan ere, ikasgelatik kanpo euskara erabiltzea funtsezkoa da Gasteizen eta Araban herritarren euskalduntzearekin jarraitzeko. Eta helburu horretan laguntzeko asmoz sortu da gida hau. Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da, eta aholkuak eta gomendioak ematen ditu, zalantzak argitzen ditu, erronkak eta jardunbide egokiak biltzen ditu eta familientzako beste baliabide batzuk eskaintzen ditu. Argitalpena interesgarria izan daiteke, gurasoentzat ez ezik, baita beste senide batzuentzat eta zaintzaileentzat.
 
Gidak egunerokoan euskara erabiltzera, euskarazko abestiekin jolastera, beste familiekiko elkarrizketetan euskara erabiltzera, hizkuntzaren presentzia etxean zaintzera (jolasteko orduan, ipuinen bidez, euskarazko irratia entzunez) eta familiek aurkitu ohi dituzten hainbat arazori irtenbideak eskaintzera gonbidatzen du.

Materiala egiteko, familien eta guraso-elkarteen ekarpenak jaso dira, baita GEU Elkartearen, Ebeteren eta Euskarabaren aholkularitza profesional eta teknikoa ere. 

Euskara Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi