Foru Aldundia | 2025 12 01

Jardunaldi batek giza eskubideen defendatzaileek arrisku testuinguruetan egiten duten lana aldarrikatuko du

Adituak eta nazioarteko ekintzaileak Bibat museoan bilduko dira datorren ostegunean, EHUk eta Arabako Foru Aldundiak antolatutako ekimenean

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 1a. Hilaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izango dela eta, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak eta Arabako Foru Aldundiak ‘Giza eskubideen defendatzaileak garai zailetan’ jardunaldia antolatu dute datorren ostegunean, hilaren 4an. Adituen ahotsak eta lekukotzak bilduko dituen topaketaren helburua da gero eta konplexuagoa den testuinguru globaleko arriskuei eta babes estrategiei buruz eztabaidatzea.

Unibertsitate publikoaren eta Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailaren ekimenaren xedea da giza eskubideak arrisku testuinguruetan defendatzen dituztenen lana ikusaraztea, egungo erronkei buruz hausnartzea eta pertsona horiek babesteko mekanismo eraginkorrak sustatzea. Gatazkek, jazarpenek eta eskubideen arloko atzerapausoek markatutako une historiko honetan, jardunaldi honek giza eskubideei buruzko elkarrizketa bultzatzeko gunea izan nahi du.

Topaketan nazioarteko erreferenteek eta giza eskubideetan adituak diren pertsonek hartuko dute parte, hala nola Haydée Castillok, gaur egun erbesteratuta dagoen aktibista feministak, zeinak ‘Giza eskubideen defendatzaile izatea gaur egun’ gaia izango baitu hizpide. Haydée Castillo Somozaren diktaduraren aurka borrokatu zen, ikasle eta emakume mugimenduen parte izan zen, eta somozismoa eraitsi ondoren antolatutako beste gune askotan ere parte hartu zuen.

Bestalde, Amnistia Internazionala erakundearen Defendatzaileen eta Arriskuan dauden Pertsonen Programako Sofia García Aranak ‘Babesten duena babestuz: erakundeek giza eskubideen defendatzaileen babesean duten rola’ hitzaldia emango du. Azkenik, Felipe Gómez-Isa Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko katedradunak eta Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko ikertzaileak ‘Defendatzaileak babesteko Nazioarteko Zuzenbidearen tresnak’ jorratuko dituzte.

Jardunaldia hilaren 4an, osteguna, izango da, 17:00etatik aurrera, Vitoria-Gasteizko Bibat Museoan. Izena emateko, nahikoa da mezu elektroniko bat bidaltzea katedraddhh@ehu.eus helbidera, eta mezuan norberaren datuak adieraztea.

Giza eskubideen alde lanean ari diren pertsonak babesteko mekanismoa
Arabako Foru Aldundiak Eragiteko eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko Arabako mekanismoa jarri du abian aurten. Tresna berri bat da, Arabako lankidetzarekin lotutako esku hartzeen esparruan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak modu baketsuan babestea eta gauzatzea banaka edo taldean sustatzen duten pertsonen eraginarekin eta babesarekin lotutako ekintzak babesteko. Orain arte, mekanismo horrek laguntza eman die jatorrizko herrialdeetan errepresaliatuak izan diren Guatemalako, Ginea Konakryko, Kongoko Errepublika Demokratikoko eta El Salvadorreko giza eskubideen defendatzaileei.
 

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi