Gatz Haranak kalitate zigilu bat aurkeztu du SIPAM markaren inguruan - prentsa
Gatz Haranak kalitate zigilu bat aurkeztu du SIPAM markaren inguruan
- Haren xedea da ondarea babestea eta ondarearen garapen sozioekonomikoa sustatzea, baliabide turistikoen garapen jasangarriaren bidez, eta Añanako Gatz Haranaren eragin eremuko ondasunen eta/edo zerbitzuen ekoizleak atxiki ahal izango zaizkio
- Kalitate bereizgarria duten lekuetako biodibertsitateari, paisaiari, nekazaritza eta basogintza jardunbideei eta kultura ondareari eta ondare antropologikoari lotutako esperientzia paregabeetan oinarritutako turismo eskaintza alternatiboa diseinatzea ekarriko du

Gesaltza Añana, 2023ko urtarrilaren 26a. Añanako Gatz Harana Fundazioak kalitate zigilu berri bat aurkeztu du gaur SIPAM (NBE-FAOren Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema Garrantzitsua) markaren inguruan. Haren helburua da ondarea babestea eta ondarearen garapen sozioekonomikoa sustatzea, baliabide turistikoen garapen jasangarriaren bidez.
Kalitate bereizgarri horrek Estatuan eta Europan aitorpena izango du (SIPAM eta GIAHS markak, hurrenez hurren), eta SIPAM lekuetako biodibertsitateari, paisaiari, nekazaritza eta basogintza jardunbideei eta kultura ondareari eta ondare antropologikoari lotutako esperientzia paregabeetan oinarritutako turismo eskaintza alternatiboa diseinatzea ekarriko du berekin.
Añanako Gatz Haraneko SIPAMen eragin eremuan eskuratzen eta/edo ematen diren ondasun eta zerbitzuen ekoizleak atxiki ahal izango zaizkio marka berriari, eta kalitatearekin eta jasangarritasunarekin (ingurumen, ekonomia eta gizarte jasangarritasuna) konprometituta dauden eskualdeko funtsezko hogei bat eragileri baino gehiagori ezagutzera eman zaie, “emaitzak transferitzeko lantegi” baten bidez. Lantegi horretan, Gatz Haranerako Bisita Birtual bat ere egin da.
Ekitaldian izan dira Añanako Gatz Harana Fundazioko zuzendari kudeatzaile Pablo de Oraá Oleaga eta Gesaltza Añanako alkate eta senatari Juan Carlos Medina, bai eta beste hauek ere: Arabako Foru Aldundiko turismo arduradunak, Gaubeako alkate Gorka Salazar, Añanako Landa Garapenerako Elkarteko (LGE) kudeatzaile Esther Durana, Arabako Merkataritza Ganberako Turismo Lehiakortasuneko teknikari Lucía Bergareche, Gaubeako eta Añanako turismo bulegoetako arduradunak, ostalariak, turismo negozioen jabeak, artisauak eta Añanako eskualdean lan egiten duten profesional independenteak.
Añanako Gatz Harana Fundazioko zuzendari kudeatzaile Pablo de Oraá Oleagak gogorarazi du Añanako Gatz Harana izan zela Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) aitortutako Europako lehen SIPAMa.
Bereizgarri hori 2017an eman zioten Añanako Gatz Haranari, eta gaur egun 5 SIPAM daude Espainian. Guztira, FAOk nekazaritza ondareko 72 sistema aitortu ditu gaur arte 23 herrialdetan.
Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema Garrantzitsuak (SIPAM) esan nahi du paisaia natural ikaragarriak daudela, baina ez hori bakarrik: landa eremuetan bizibideak sortzen dituzten nekazaritza jarduerak daudela ere bai, aldi berean biodibertsitatea, ekosistema erresilienteak eta tradizioa eta berrikuntza modu paregabean konbinatzen dituztenak.
Bestalde, Añanako Gatz Harana Fundazioko VALSIPAM proiektuaren arduradunak, Alberto Platak, azpimarratu du SIPAM figuraren inguruko kalitate zigilu bat abian jartzea funtsezkoa dela zenbait mehatxuri aurre egiteko, hala nola klima aldaketa, globalizazioa, produktu lehiakorragoak egotea eta despopulazioa.
VALSIPAM proiektua
2020an, VALSIPAM proiektua jarri zen abian Europan, SIPAM lurraldeen eta Europako nekazaritza eremu bakar eta berezien sare bat sortzeko helburuarekin (SUDOE eremua), kudeaketa eta balorizazio metodoak hobetzeko.
Europako ekimen horri esker, zeinaren ibilbidea datorren otsailean amaituko baita, SIPAM marka bat sortu da penintsulako sistema babestu bakoitzerako, eta hari atxikitzen zaizkion ekoizle, erakunde eta pertsonek estatuan eta nazioartean aitortutako marka bat baliatu ahal izango dute munduko nekazaritza ondarearen sistema garrantzitsu horien dinamizazio sozial eta ekonomikorako.
Marka erabiltzeko lizentziarako irizpideak
Markari atxikitzeko, Añanako Gatz Haraneko SIPAMen eragin eremuan egon beharko da, eta FAOk sustatzen dituen balioekin bat egiteko konpromisoa hartu beharko da, hala nola tokiko lehengaiak erabiltzea, nekazaritza tradizioa errespetatzea, jasangarritasun irizpideekin lan egitea eta kalitate figura aitorturen bat izatea. Eskaera bakoitza batzorde nazional batek gainbegiratuko du, gero onets dadin, eta konpromiso horiek betetzen direla zainduko du.
Zerbitzuak ematen dituztenek edo kalitate bereiziko produktuak egiten dituztenek, ezein kalitate figurari atxikita ez badaude, kalitate arauaren proposamena aurkeztu beharko diote markaren kudeatzaileari, atxikitzeko eskaerarekin batera.
Zertarako sortu da marka?
SIPAM eta GIAHS markak sortu eta erregistratzearen bidez SIPAMetan ekoitzitako nekazaritzako elikagaien produktuak, ondasunak eta zerbitzuak bereizi nahi dira, eta lehendik dauden beste marka batzuekin osagarriak izango dira.
Gatz Haranaren kasuan, marka hori erabiltzea proposatzen da sortutako esperientzia paketeak bereizteko, lurraldearekin lotuz, eta, hartara, merkaturatzea errazteko.
Zehazki, 6 esperientzia eskaintzen dira Gatz Haranaren eta eskualdearen inguruan: gatz lantegi batean parte hartzea, modu ludiko eta dibertigarrian gatza ekoizten ikasteko; landetxe batean ostatu hartzea, eta nork bere zeramikazko gatzontzia egiten ikastea; eta beste esperientzia “paregabe” batzuk, hala nola “egun batez artzain” izatea, edo basoko bainuen ongizate esperientzia batez gozatzea bertako gidari batekin, Añanako gatz haranean murgiltze sentsorialaren bidez.
Diseinatutako esperientzien artean, inguruko jatetxeetan tokiko gastronomia Añanako gatzarekin eta bertako produktuekin uztartuta dastatzeko proposamenak daude, bai eta naturan ibilaldiak egitekoak ere.
Añanako Gatz Haranean gaur aurkeztutako kalitate ereduaren gakoak tokiko eragileekiko lankidetza eta espazio turistikoen kudeaketa jasangarria dira.