Gasteizek Kyokushin Karateko Munduko 2. Kopa hartuko du, 20 herrialdetako 500 bat lehiakiderekin - arabapress
Gasteizek Kyokushin Karateko Munduko 2. Kopa hartuko du, 20 herrialdetako 500 bat lehiakiderekin
Mendizorrotzako pabiloian nazioarteko hitzordu handi bat izango da ekainaren 5ean eta 6an, kategoria guztietako kirolariak bilduko baitira


Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 2a.Gasteiz karatearen nazioarteko epizentroa izango da asteburu honetan, Kyokushin World Federationeko (KWF) Munduko 2. Kopa izango baita, ekainaren 5ean eta 6an, Mendizorrotzako pabiloian.
Ekitaldia gaur goizean aurkeztu da Vitoria-Gasteizko Udaleko prentsa aretoan, eta bertan izan dira Ana López de Uralde Kirol zinegotzia, Ana del Val Kiroleko foru diputatua, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria. Horiekin batera, Yin Yang klubeko arduradunak egon dira: José Luis Lezkano, Naroa Lezkano eta F. Javier Lezkano.
Ekitaldiak 20 herrialdetako 460 lehiakide bilduko ditu, baita 90 arbitro, 120 tekniko eta 70 pertsonaz osatutako antolakuntza talde zabal bat ere, eta arte martzialen nazioarteko egutegiko hitzordu garratzitsu gisa finkatuko da. Horrez gain, haurren kyokushin erakustaldietan 150 haurrek parte hartuko dute, eta horrek prestakuntza eta dibulgazio kutsua emango dio lehiaketari.
Lehiaketa ekainaren 5ean, ostirala, 9:00etan hasiko da, kata modalitatearekin, haur, gazte, junior, senior eta master kategorietan. 11:00etatik aurrera, beheko kategorietako kumitea hasiko da. Kategoria horien finalak arratsaldean jokatuko dira, 15:30etik aurrera, hainbat erakustaldirekin batera, besteak beste, haurren kyokushin erakustaldi bat, Shihan Naroa Lezkanok zuzendua, bai eta hausketa erakustaldi berezi bat ere, Shihan Luis María Doradoren eskutik.
Inaugurazio ekitaldi ofiziala 12:30ean izango da, eta bertan izango dira toki, foru eta autonomia eremuko ordezkariak. Jardunaldia amaitzeko, irabazleei garaikurrak emango zaizkie.
Ekainaren 6ko jardunaldia (larunbata) 09:00etan hasiko da, 21 urtez azpiko, senior eta master kategorietako kumite lehiaketekin, eta finalerdiko fasera arte egingo dira.
15:00etatik aurrera, parte hartzen duten ordezkaritzak aitortzeko ekitaldi bat egingo da, eta, bertan, aipamen berezia egingo zaie Óscar Calvo Yin Yang Klubaren sortzaileari eta Antonio Piñero Kyokushin World Federation (KWF) elkarteko presidenteari, izandako ibilbideagatik eta diziplina hori garatzen egindako ekarpenagatik.
Arratsaldean, Yin Yang Klubeko ikasleen kyokushin erakustaldia egingo da, Shihan Naroa Lezkanok zuzenduta. Erakustaldi horren amaieran, beisboleko bateak hausteko erakustaldiak egingo dira, Haro Klubeko Senpai Alberto Cimavillaren eskutik.
16:30ean hasiko dira 21 urtez azpiko, senior eta master kategorien finalak, bai emakumeenak, bai gizonenak, eta EITBk zuzenean emango ditu.
Lehiaketak amaitu ondoren, bigarren egun horretan sailkatutako pertsonei garaikurrak emango zaizkie.
Ekitaldiaren amaiera gisa, 22:00etan, agur afari tradizionala edo "Sayonara Party" ospatuko da, partaideak eta antolatzaileak giro lasaian bilduko dituena.
Igandean ordezkaritzak jatorrizko herrialdeetara itzuliko dira, baina horietako asko hainbat egunez egongo dira Euskadin, eta horrek ekitaldiaren turismo inpaktua ere indartuko du.
Nazioarteko hitzordu horrek indartu egiten du Gasteiz maila eta proiekzio handiko kirol ekitaldiak hartzeko gai den hiri gisa duen posizionamendua, eta nabarmendu egiten du karateak lurraldean duen tradizio sendoaren balioa. Yin Yang gimnasioa hiriko erreferente historikoa da, eta hainbat hamarkada daramatza kyokushin sustatzen errespetuan, jarraitutasunean eta norbera hobetzeko grinan oinarritutako filosofian oinarrituta.
Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuaren hitzetan, "horrelako nazioarteko hitzordu bat hartzea albiste handia da Arabarako, ez bakarrik biltzen den kirol mailagatik, baita kirola herritarrengana hurbiltzeko eta errespetua, diziplina, ahalegina eta antzeko printzipioen balioa nabarmentzeko aukera ere badelako. Gainera, garrantzitsua da Yin Yang eta halako kluben lanaren aitortza egitea, hamarkadak baitaramatzate diziplina hori konpromisotik eta hurbiltasunetik bultzatzen».
Ana López de Uralde zinegotziak nabarmendu du Munduko Kopa hemen egitea "aukera bikaina" dela Vitoria-Gasteizentzat "nazioarteko kirol ekitaldi handien antolaketa arloan hiri erreferentearen irudia proiektatzeko". López de Uraldek, gainera, txapelketa honek hiriko jarduera turistikoan eta ekonomikoan izango duen eragin handia azpimarratu du: "hainbat herrialdetako kirolariak, talde teknikoak, senideak eta bisitariak etorriko dira, eta Vitoria-Gasteizko eskaintza kulturala, gastronomikoa eta komertziala ezagutu eta gozatu ahal izango dute". Zinegotziak gaineratu duenez, horrelako hitzorduek "ekarpen handia egiten dute hiria kirola, turismoa eta bizi kalitatea uztartzeko gai den helmuga erakargarri eta dinamiko gisa kokatzeko ".
“Kyokushina arte martzial bat baino askoz gehiago da: esfortzuaren, apaltasunaren eta hazkunde pertsonalaren eskola bat da. Ekitaldi honek gure gizartean errotuta dauden balioak islatzen ditu, hala nola errespetua, norberak bere burua gainditzea eta komunitate zentzua. Euskadi Globalek nazioarteko lehiaketen aldeko apustua egiten du, gure herria mundura irekitzeko eta bikaintasunaren irudia zabaltzeko. Maila honetako ekitaldi bat hartzea harrotasunerako arrazoia da, baita komunitateen arteko loturak sendotzeko aukera bat ere. Eusko Jaurlaritzatik Euskadi kalitatezko kirol ekitaldien antolaketan erreferente gisa kokatzen duten ekimenak bultzatzen jarraituko dugu.”- Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria ziurtatu du.
Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navasentzat, “Gasteizen Karate Kyokushineko II. Mundu Kopa egitea aukera bikaina da Euskadi mundu-mailako kirol-ekitaldi handiak hartzeko helmuga gisa nazioartean proiektatzeko”.
Ildo horretan, zuzendariak adierazi duenez, “txapelketa horrek herrialde askotako kirolariak, talde teknikoak eta zaleak bilduko ditu, eta jarduera ekonomikoa eta mugimendu turistikoa sortuko ditu gure hirian eta lurralde osoan. Gainera, kirolari, bizikidetzari eta karateak bereizgarri dituen balioei (hala nola ahaleginari, diziplinari eta errespetuari) lotutako turismo-ereduaren alde egin dugun apustua indartzen du”.
Munduko Kopa hemen egitea, gainera, Arabako karaterako une bereziki garrantzitsu batean iritsi da, tokiko kirolariek nazioartean izan duten arrakasten ostean, eta karate diziplina herritarrengana hurbiltzeko eta oinarriko kirola bultzatzen jarraitzeko aukera bat da.
Bi egunez, Mendizorrotzak goi mailako lehiaketez gain, karatearen balioen inguruko giro irekia eta partaidetzakoa izango du, eta hiria topagune bihurtuko da hainbat herrialdetatik etorritako kirolari, talde eta zaleentzat.

