16 ayuntamientos y un concejo de Alava contaran con asistencia tecnica para implantar nuevas tasas por el uso del dominio publico - arabapress
16 udalek eta Arabako kontzeju batek laguntza teknikoa izango dute jabari publikoa erabiltzeagatiko tasa berriak ezartzeko
Arabako Foru Aldundiak hainbat udalerriren lankidetza-eskaerei erantzungo die, eta elektrizitatea, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioei aplikatu beharreko tasak arautzeko behar diren azterlan teknikoak eta ekonomikoak egitea finantzatuko du

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 16a. Arabako Foru Aldundiak, Lurralde Oreka eta Lurralde Antolaketa Sailaren bitartez, laguntza teknikoko kontratu bat esleitu du, 16 udaletan eta lurraldeko kontzeju batean ordenantza fiskalak ezartzeko, energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioek tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboagatiko edo aprobetxamendu bereziagatiko tasa arautzeko.
Kontratuan tasa horiek ezartzeko beharrezkoak diren txosten tekniko-ekonomikoak egitea aurreikusten da, toki-ogasunak arautzen dituen araudian eta Auzitegi Gorenak gai horretan ezarritako doktrinan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Azterlan horiek oinarri gisa erabiliko dira toki-erakundeek kasuan kasuko ordenantza fiskalak onartzeko eta, hala badagokio, horiei lotutako instalazioei tasak aplikatzeko.
Kontratazioak hainbat toki-erakundek Arabako Foru Aldundiari bidalitako lankidetza-eskaerei erantzuten die, tasa horiek arautzeko eta abian jartzeko behar diren azterlan tekniko eta ekonomikoak izateko interesa duten udalerriei, hain zuzen ere.
Ordenantzek aukera emango dute araudian jasotako instalazioek tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboari edo aprobetxamendu bereziari dagozkien zergak aplikatzeko baldintzak ezartzeko. Hori ezartzeak diru-sarrerak sortu ahal izango ditu toki-erakundeentzat, azpiegituren ezaugarrien eta kargatu beharreko aprobetxamenduen arabera.
Kontratua Iurislocalia Consultores, S.L.P. enpresari esleitu zaio, 65.824 euroko gehienezko aurrekontuarekin, BEZa barne. Tokiko erakunde bakoitzari dagozkion lanak egiteko ezarritako prezioa 3.200 eurokoa da, gehi BEZa. Lanak egiteko gehieneko epea 2028ko abenduaren 31 izango da.

