Euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute arabako 24 enpresek Eskuara zerbitzuarekin hitzarmena sinatuta - prentsa
Euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute arabako 24 enpresek Eskuara zerbitzuarekin hitzarmena sinatuta
Lanabes egitasmoaren baitan kokatzen da Eskuara zerbitzua, eta Arabako Enpresen XI. Foroan egin dute sinadura ekitaldia. Enpresen foroan ikasleen praktikaldien inguruko mahai ingurua egin dute, eta bertan izan dira Lanabesek banatzen dituen Euskarazko Lanbide Heziketa Duala sarietako bi saridunak.

Arabako enpresetan euskara erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute lurraldeko 24
enpresek Eskuara zerbitzuarekin hitzarmena sinatuta. Lanabes egitasmoaren barruan
kokatzen da zerbitzua, eta gaur goizean egin dute sinadura ekitaldia Arabako Enpresen
XI. Foroan. Honako enpresa hauek sinatu dute hitzarmena Eskuara-rekin: Adigrafik,
Aenkomer, Aiaraldeko Faktoria, Angostoko Kanpinga, Asafes, Ciudad Jardin, Ediren,
Egibide LH, Eraiken LH, Eska Hiunday, Galemys, Gamarra LH, Grafik Sarea, Idarte LH,
Irsearaba, Iza, Laudioalde LH, Mendizabala LH, Metaposta, Mutualia, Sartu Araba,
Sirimiri, Tartekamedia eta Uriarte.
Araban arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa da Lanabes,
eta horren barruan kokatzen da Eskuara zerbitzua: doako aholkularitza ematen diete
enpresei euskararen presentzia areagotzeko. 2023ko irailean aurkeztu zen, eta ordutik
harremanak egiten aritu dira bertako aholkulariak 24 enpresa horiekin, eta zerbitzua
eskaintzen: barne dokumentazioak euskaldundu dizkiete, langileen artean euskara
erabiltzeko dinamikak abiatu, sare sozialetan euskara erabiltzen hasi, hizkuntza irizpideak
zehaztu, ikasleen praktikaldian euskara erabiltzeko neurriak hartu... Proiektua Eusko
Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen du, eta zerbitzua
Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak ematen du.
Erakunde horietako guztietako kideak egon dira foroan. Ekitaldiari harrera egin diote Sonia
Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa
eta Koordinaziorako zuzendariak eta Saray Zarate Fernandez Arabako Foru Aldundiko
Landa, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren saileko foru diputatuak. Eskuara
zerbitzuarekin bat egin duten enpresei aitortza egin die, bestalde, Zarate Fernandezek eta
Iñaki Gurtubai Artetxe Berdintasun, Euskara Eta Gobernantza Saileko foru diputatuak.
Eskuara zerbitzuarekin hitzarmena sinatu duten 24 enpresa horiena izan da goizeko
argazki nagusietako bat, baina enpresa horiez gain, beste hainbat ere bertaratu dira
Gasteizko Europa jauregira. Denetara 40 enpresetako ordezkariak gerturatu dira Arabako
Enpresen XI. Forora. Euskara eta lan mundua uztartzen dituen topagunea da honakoa,
eta bertan praktika onak aurkeztu dituzte: Iza igogailuak enpesako ordezkariak eta
Mutualiakoak ere hitz egin dute. Lehenengoak hasi berriak dira euskararen erabilera
areagotzeko lanketa egiten, eta bigarrenek urte asko daramatzate hizkuntzak kudeatzen.
Biek ala biek nabarmendu dute euskararen erabilera areagotzearen beharra eta premia.
Baina lan mundua euskalduntzeko bidean, ezin ahaztu behar da Lanbide Heziketaren eta
praktiken katebegia. Lanabes egitasmoak Euskarazko Lanbide Heziketa Duala sariak
banatzen ditu, eta Arabako Enpresen XI. Foroan izan da aurtengo saridunetako bat: Ane
Sesmilo Cruz nabarmendu ditu praktikaldia euskaraz egiteak ekarri dizkion onurak, eta
horrek enpresari ematen dion balio erantsia. Izan ere, enpresetan hizkuntza aniztasuna
kudeatzen denean besteengandik bereizteko balio dutela esan du, eta horrez gain, baita
enpresa kokatzen den errealitatearekin egokitzea ere. Praktiketako ikasle sarituarekin
batera igo dira taula gainera Joseba Koldo Gartzia Hontz Extrem-eko enpresaria, bertan
praktikak egin zituen Mikel Nevado eta Xabier Mendiguren Ciudad Jardin ikastetxeko
kidea.
Hitzartze horren ondoren, forora bertaratu diren 40 enpresetako ordezkariak taldetan
banatu dira, eta taula gainean esandakoaren inguruko hausnarketa egin dute.
Praktikaldiak euskaraz egiteko elkarlana sustatuz. Arabako Enpresen Foroa ere hori baita:
lanketarako gune bat.