Kirola | 2025 01 30

Arabako 49 kirolari , erakunde eta enpresa sarituko dituzte Gure Kirola Sarien IV. edizioan

2024an kirolariek eta erakundeek, enpresa laguntzaileek eta etorkizun handia duten kirolariek erdietsitako lorpenak eta merezimenduak aitortuko dituzte

Bestalde, aitortza egingo zaie etorkizun handiko 33 kirolariri eta kirola bultzatzen laguntzen duten enpresei Kirolaraba Fundazioaren bidez

Ekitaldia Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak antolatu dute, eta otsailaren 6an egingo da, Europa Biltzar Jauregian

Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 30a.  Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak (Kirolaraba Fundazioaren bidez) ‘Gure Kirola Sariak ekimenaren laugarren edizioa antolatu dute. Aitortza egiteko eta omentzeko ekitaldi horretan, 2024an zehar Gasteizko eta Arabako kirol arloan merezimendu handiak lortu dituzten pertsonak eta elkarteak aitortuko dituzte. Gainera, Kirolaraba Fundazioak kirola bultzatzen lagundu duten enpresak eta etorkizun handia duten kirolariak sarituko ditu.

Guztira, iaz izandako kirol-arrakastak direla eta, 49 pertsona eta elkarte sarituko dituzte. Zehazki, 44 kirolari, 2 klub, emakumezko 2 entrenatzaile, gizonezko 2 entrenatzaile eta epaile bat izango dira. Era berean, etorkizun handiko 33 gaztek eta 9 enpresak aitortza jasoko dute emandako laguntza dela eta Kirolaraba Fundazioaren bidez.

Gala otsailaren 6an, ostegunean, izango da, 19:00etan, Europa Biltzar Jauregiko Almudena Cid aretoan. Sarituen zerrenda erantsi da.

“Sari hauen laugarren edizioaren bidez, bertako kirolarien ahalegina eta sakrifizioa aitortu eta balioa emango diogu, eta Udalak kirolarekin duen konpromisoa islatzen du. Hain zuzen ere, kirola Gasteizen ezaugarrietako bat da”, zehaztu du Ana López de Uralde Kirol zinegotziak, eta “oso harro” agertu da “gure hiria munduan zehar ordezkatzen duten eta diziplina askotan erreferente eta haurrentzako eredugarri diren ospe handiko kirolariak eta etorkizun handiko kirolariak ditugulako”. Horrez gain, eskerrak eman ditu “klubek, federazioek, entrenatzaileek eta boluntarioek egindako lanagatik, Arabako kirolak arrakastak lortzen jarraitzea ahalbidetzen baitute”.

Bestalde, Ana del Val Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak adierazi duenez, “ekitaldi honek aurreko urtean Arabako kirol arloko lorpen esanguratsuenak bateratu eta aitortu nahi ditu, gure kirolariekiko dugun konpromisoa erakutsiz eta frogatuz. Izan ere, horri guztiari esker, kirolean izandako emaitza bikain horiek lortu dituzte. Bistakoa denez, Araba kirol-tradizio handiko probintzia da. Bertan, kirola bizimodu gisa bizi duten eta eskakizun maila handian lehiatzen duten munduko txoko guztietan gure lurra harrotasunez ordezkatzen duten pertsonak ditugu. Horregatik, bidezkoa da merezi duten bezala omentzea eta lortutako arrakastak beren lurraldean ikusgai jartzea”.

Kirola Foru Aldundia

Ana del Val eta Ana López de Uralderen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi

Aintzatespenen zerrenda

Jaitsi