Gazte Talent eta Gazte Klik Klak gazteentzako lehiaketetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago - arabapress
Gazte Talent’ eta‘ Gazte Klik Klak' gazteentzako lehiaketetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago
‘Gazte Talent’ musika-lehiaketan izena eman nahi duten 14 eta 35 urte bitarteko pertsonek azaroaren 21era arte izango dute aukera
14 eta 25 urte bitarteko gazteek urriaren 26ra arteko epea dute ‘Gazte Klik Klak’ lehiaketara argazkiak, bideo digitalak eta gif-ak aurkezteko

Gasteiz, 2025eko irailaren 17a. Udalak gazteentzat antolatzen dituen lehiaketa entzutetsuenetako bitan parte hartzeko izena emateko epea ireki du: ‘Gazte Klik Klak’ argazkien eta bideo digitaleko lehiaketaren hamabosgarren edizioa eta ‘Gazte Talent’ musika-talde eta bakarlarien lehiaketaren hamaikagarren edizioa. Bi ekimen horiek, Sortzen kultur sorkuntzako programaren barruan sartuta daudenak, Gazteria eta Kultura udal-zerbitzuek bultzatzen dituzte, eta gazteen artean talentu artistikoa eta sormena sustatzea dute helburu. Gainera, Arabako Foru Aldundiaren babesa eta Laboral Kutxaren eta Jimmy Jazz aretoaren laguntza dute. ‘Gazte Klik Klak’ programan parte hartu nahi dutenek, 14 eta 25 urte bitartekoek, urriaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak. Bestalde, ‘Gazte Talent'ek azaroaren 21era arte izango du zabalik izena emateko epea, eszenatoki gainean beren talentua erakutsi nahi duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteentzat.
Bi deialdiei buruzko xehetasunak Jimmy Jazz aretoan egindako prentsaurreko bidez eskaini dituzte. Bertan, Ana López de Uralde Gazteria zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Ana del Val Kultura eta Kirol foru-diputatuak, Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxako komunikazioko arduradunak eta Iker Arroniz Jimmy Jazz aretoaren arduradunak parte hartu dute.
Gazte Klik Klak
‘Gazte Klik Klak’ argazkien eta bideo digitalaren lehiaketa 14 eta 25 urte bitarteko gazte gasteiztarrei zuzenduta dago. Aurtengo edizioan, proiektuek ‘zaporeak’ gaia jorratu beharko dute. ‘Gazte Hitzak’ literatur lehiaketak ere gai hori bera landuko du aurten.
Lanak aurkezteko epea urriaren 26an amaituko da, eta proposamenak formatu bisualetan onartuko dira, hala nola argazki-serieetan, bideoetan eta animatutako gifetan.
Epaimahaiak aukeratutako lanak erakusketa kolektibo baten parte ikusgai izango dira, eta egileek 400 euro jasoko dituzte proiektu bakoitzeko, argazkietako eta ikus-entzunezko materiala erosteko.
Gainera, hautatutako parte-hartzaileek Irati Antia eta Itziar Garaluce sektoreko profesionalek zuzendutako Tetrapack erakusketa kolektiboan parte hartzeko aukera izango dute. 2022-2023ko edizioan lehiaketa irabazi zuen Rafael Hernandezek ere partaidetza berezia izango du, alboko komisario gisa.
Gazte Talent
‘Gazte Talent’ musika-taldeen eta -bakarlarien gazteentzako lehiaketa Araban eta Trebiñun bizi diren, ikasten duten edo lan egiten duten gazteei zuzenduta dago. Lehiaketa musika-taldeen eta -bakarlarien modalitateetan eta 14-24 urte eta 25-35 urte bitarteko kategorietan egingo da. Salbuespen gisa, banda edo taldeen kategorian, taldeko kideen % 25ek 35 eta 40 urte bitarte izan ditzakete.
Parte hartu nahi dutenek beren lanaren grabazioren bat aurkeztu beharko dute. Hura aztertu ondoren, antolakuntzako kideek osatutako hautaketa-batzordeak abenduan Jimmy Jazz aretoan egingo den zuzeneko kontzertuen fasera igaroko diren taldeak eta bakarlariak izendatuko ditu. Zuzeneko emanaldiak jendearentzat irekita egongo dira eta epaimahaia egongo da. Horrez gain, entzuleek ere botoa emateko aukera izango dute.
Finalista izateko aukeratutako talde eta bakarlari guztiek 200 euroko saria jasoko dute zuzeneko emanaldietan parte hartzeagatik. Irabazleek, bestalde, 1.000 euroko saria jasoko dute kategoria bakoitzeko, eta Gazte Plazan, Araba Euskarazen, Andre Maria Zuriaren jaietan Falerina Lorategian eta San Prudentzio festetan jotzeko (trukean ordainsaria jasota) aukera izango dute. Bi accesit egongo dira, bat euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat, eta bestea emakumeen ordezkaritza handiena duenarentzat. Era berean, epaimahaiak talde edo bakarlari bat aukeratuko du, eta Jimmy Jazz aretoan egonaldia egiteko aukera izango du hainbat egunez, kontzeptu teknikoak eta ekoizpen arlokoak sendotu ahal izateko.
Parte hartu nahi duten pertsona eta taldeek azaroaren 21era arte eman dezakete izena helbide elektroniko honetan: gaztetalent@gmail.com. Gaian ‘Gazte Talent 2025’ eta taldearen edo bakarlariaren izena adierazi beharko dira. Bestela, aurrez aurre eman ahal izango da izena Jimmy Jazz aretoko bulegoetan (Aldabe kalea 34, 1 eskuina) 10:00etatik 14:00etara, edo Gazte Informazio Bulegoan (Espainia plaza, 1).

