Magoen gurtza Kexaako XVI mendeko taula margotua - arabapress
‘Magoen gurtza’, Kexaako XVI. mendeko taula margotua
Museoan ikusgai daude Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuak berriki zaharberritutako bi artelan

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 10a. Lehenengoa XV. mendeko San Joan Bataiatzailearen tailla da, 2010etik museoaren bildumaren barne dagoena. Artelana zaharberritze-tailerretara eraman zen, pintura-geruzaren arazoak esku hartzeko eta kontserbazio egokia bermatzeko. Ondoren, tailla Gasteizko Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoko Kexaako Altxorra aretora itzuli da.
Era berean, XVI. mendeko taula gaineko pintura bat aurkeztu da lehen aldiz. Epifaniaren taula, urteetan, Kexaako San Juan Bautista komentuko monasterioko goi-korura sartzeko atearen gainean egon zen jarrita. Artelana Arabako Foru Aldundiak erosi zuen 2022ko abenduan, eta, ondoren, Zaharberritze Zerbitzuak zaharberritu du. Zaharberritze-lanetan hainbat azterlan egin dira, eta horiek gauzatze-teknika ezagutzen lagundu dute, baita berriki egindakoaren aurreko esku-hartzeak identifikatzen ere. Esku-hartzeari esker, pintura-geruza egonkortu eta sendotu da, berrpintura ugari ezabatu dira eta kontserbazioa eta irakurketa egokia erraztu dira. Gaur egun, museoaren bildumaren parte da, Arabako Foru Aldundiaren gordailu gisa.
Kalitate estilistiko handiko pintura da, eta, Raquel Sáenz Pascual arte-historialariaren arabera, XVI. mendeko Toledoko pintura-fokuarekin erlaziona daiteke.
Eszenak Magoen Adorazioa edo Epifania irudikatzen du. Lehen planoan, Birjina agertzen da, Jesus Haurra magalean duen idulki baten gainean eserita, Meltxor erregeak, belauniko, umearen oina eskuetan duela. Bigarren plano batean, San Jose, Birjinaren atzean, eta beste bi Errege Magoak daude.
Konposizioaren ezaugarri nagusiak irudien baretasuna eta giro estatikoa dira, non pertsonaiek protagonismo osoa hartzen duten ia zirriborratu gabeko paisaiaren aurrean. Aberastasun kromatikoa nabarmentzen da, kolore biziak, distiratsuak eta askotarikoak dituena; baita argiaren tratamendua ere, bolumenak modelatzeko eta pertsonaien irudiak definitzeko funtsezko eginkizuna betetzen baitu.
Kexaako Altxorra aretoak, orain, museoak kontserbatzen dituen Kexaako Monumentu Multzotik datozen gainerako artelanei eransten die pintura hau: San Joan Bataiatzailearen eta Marinelen Kristoaren taillak, zilar urreztatutako Kopoia eta Adatsaren Ama Birjinaren erlikitegia.
Kexaako Monumentu Multzoa zaharberritzeko eta balioztatzeko lanek aurrera jarraitzen duten bitartean, Arabako Foru Aldundiak doako bisita gidatuak eskaintzen ditu Aiarako Etxearen historia ezagutzeko. Ibilbideari esker, erlikiak zaindu zituzten moja domingotarren familiari eta komunitateari lotutako espazioak ezagutu ahal izango ditugu, baita Ayala kantzilerraren eta haren emazte Leonor de Guzmanen hilobia ere.

