Enplegu sustapena | 2025 04 24

Hasi da Arabako hiru enplegu anezka berritan izena emateko epea eta ekainean izango dira

Bi Gasteizen izango dira, eta hirugarrena Laudion

Gasteiz, 2025eko apirilaren 24a.- Arabako Foru Aldundiak, Santa María la Real fundazioak eta Iberdrola España fundazioak hiru enplegu anezka jarriko dituzte martxan ekainean, Gasteizen (2) eta Laudion, langabezian dauden laurogei arabarri laneratzen laguntzeko. Interesdunek honako webgune honen bidez eman dezakete izena doako programa horretan: https://hubsempleabilidad.com/inscribete

Horrela, hiru erakundeek langabeziaren aurkako borrokan laguntzen jarraitzen dute, enplegu anezken programak aurreko edizioetan lortutako emaitza onak ikusita. Lana aktiboki bilatzeko talde hauetan 470 arabarrek baino gehiagok parte hartu dute 2016tik, eta haietatik % 60 inguruk besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, euren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak lortu dituzte lan praktiken bidez.

Proiektuak Europako Gizarte Funtsa Plus izenekoaren (EGF+) baterako finantzaketa du, Gizarteratzeko, Haur Bermerako eta Pobreziaren aurka Borrokatzeko Estatuko Programaren (CCI 2021ES05SFPR003) kargura, bai eta Gasteizko Udalaren eta Laudioko Udalaren lankidetza ere.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak azaldu du programak berritze garrantzitsu bati ekin diola bederatzigarren edizio honetan, "lan merkatuaren azken joeretara egokitzeko": anezken funtzionamendu aldia bost hilabete eta erdira luzatu dute, partaide berriak sartzeko malgutasun handiagoa izateko, eta arreta berezia emango diete egoera ahulenean dauden kolektiboei.

"Gure lehentasuna, oraindik ere, kalitatezko enplegua sortzea da, eta erabateko enplegu teknikoa lortzeko helbururantz aurrera egitea, eta enplegu anezkak tresna baliotsu eta eraginkorrak dira, urtez urte emaitza onak izan baitituzte eta helburu hori lortzen laguntzen baitute", gaineratu du.

Arabako Enplegagarritasun huba 2024ko azaroan jarri zuten martxan, hiru enplegu anezkarekin, eta, harrezkero, langabezian zeuden 72 arabarrek parte hartu dute Gasteizko eta Laudioko taldeetan, eta emaitzak positiboak izan dira: pertsona horien erdiak baino gehiagok, 37 pertsonak zehazki, lan egoera hobetu dute, enplegua aurkitu dutelako, prestakuntza handitu dutelako edo profesionaltasun ziurtagiri bat lortu dutelako.

Gainerako taldekideak enplegu bila ari dira, elkarrizketak egiten eta beren intereseko enpresekin harremanak hasten.

Hasi da izena emateko epea

Hub horretan beste hiru enplegu anezka jarriko dituzte martxan ekainean. Horietako bi Gasteizen izango dira, eta formatu erdipresentzialekoak izango dira:

- Enplegu anezka Aktiboa. Langabezian dauden pertsonen talde heterogeneo batek osatuko du, helburu komun batekin: lan bilaketa eguneratzea eta bideratzea.

- Aireratzen enplegu anezka. Egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonentzako da. Lan merkatuan sartzeko eta gizarte inklusiorako arreta espezializatua jasoko dute.

Gainera, Arabako enplegagarritasun zentroak hirugarren anezka bat izango du, hain zuzen, Enplegu anezka Nomada izeneko anezka ibiltaria, eta oraingoan Laudion izango du egoitza. Hirugarren talde horrek anezka Aktiboaren ezaugarriak izango ditu, eta, beraz, mota guztietako langabeek parte hartu ahal izango dute, eta formatua erdipresentziala izango da.

Hiru anezkak azarora arte egongo dira martxan, teknikari espezializatuek gidatuta eta koordinatuta, eta orientazio pertsonalizatua emango diete langabezian dauden arabarrei. Partekatutako helburua da parte hartzen duten emakumeak eta gizonak pertsonalki eta profesionalki aktibatzea, haien enplegagarritasuna hobetuz zeharkako gaitasunen, enpresek eskatutako trebetasunen, digitalizazioaren eta gaitasun berdeen bidez.

Enplegu bilaketa aktiboko talde horietan parte hartzen duten pertsonek lan bitartekaritzako eta ezagutza praktikoen inguruko laguntza ere jasoko dute, langabezia edo lan ziurgabetasun egoeretan osasun mentala eta estresa behar bezala kudeatzeko. Gainera, taldean lan egingo dute, lan elkarrizketak arrakastaz gainditzen, egungo tresna digitalak erabiltzen eta beren helburu profesionalera bideratzen ikasteko.

Horrez gain, parte hartzen duten pertsonek aukera izango dute eskaera handia duten sektoreetan prestakuntza teknikoak egiteko: energia berriztagarrien arloko enpleguetarako instalazio fotovoltaikoen inguruko prestakuntza; logistika, txartel ofizialak eskuratuta; administrazio kudeaketa, edo merkataritza sektorearekin lotutako prestakuntza, besteak beste.

Langabezian dauden 18 urtetik gorako arabarrek har dezakete parte enplegu anezka berrietan, edozein dela ere haien lanbide sektorea edo hezkuntza maila. Interesdunek gaurtik ekainaren 16ra arte eman dezakete izena https://hubsempleabilidad.com/inscribete/ web atarian, linean eskuragarri dagoen formularioaren bidez. Bestela, zuzenean jar daitezke harremanetan taldeen ardura duen talde teknikoarekin.

Enplegu anezkak hasi arte enplegu bilaketan eguneratu ahal izateko, programak deskargatu daitekeen material bat prestatu du, aholku praktikoak dituena eta langabezian dauden pertsonen eskura dagoena atal honetan: https://hubsempleabilidad.com/descargas/

Proiektu honek "Enplegu eta ekintzailetza solidarioko anezkak" programaren filosofiari jarraitzen dio. Hamar urtetik gorako esperientzia du, eta, orain, presentzia handiagoa du lurraldeetan, proiektu honen bidez. Oinarrizko printzipio hauei eusten diete: elkartasuna, talde ikuspegitik; aniztasuna partaideen profilen artean; pertsonak balio gisa eta ez zama gisa, eta ikusgarritasuna, langabeziaren estigma kentzeko.

Arabako HUB zentroa:

ANEZKA AKTIBOA ETA AIRERATZEN ANEZKA

CETIC - Informazio eta Komunikazio Teknologien Ikastegia

Castro Urdiales kalea 12

01006 Gasteiz

ANEZKA NOMADA

Arza-Laudio Hazi eraikina

Irukurutzeta z.g.

01400 Laudio

Talde teknikoarekin harremanetan jartzeko datuak:

Damaris Alonso. Helbide elektronikoa: dalonso@santamarialareal.org Telefonoa: 621152988

Enplegu sustapena Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi