Kultura | 2026 07 16

Arabak Mantible zubiaren arkua zaharberritzen amaitu du, eta, hala, Erdi Aroko erreferentziazko ondare gisa duen balioa indartuko du

Esku hartzeak Arabako aldean dagoen egitura finkatu du, eta XI. mendean sortu zela berretsi du, eztabaida historiografikoan hainbat urte eman ondoren

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 16a. Arabako Foru Aldundiak, Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuaren bidez, Ebro ibaiaren Arabako aldean dagoen Mantible zubiaren arkua zaharberritzeko lanak amaitu ditu. Jarduketa horri esker, haren egiturazko egonkortasuna bermatu ahal izan da, bai eta enklabe berezi horren ezagutza historikoan aurrera egin ere.

Mantible zubia, zeina Assako meandroan (Lantziego) kokatua baitago, Ebro inguruko ondare elementu nabarmenetako bat da, eta historikoki Araba eta Errioxa lotzen ditu. Gaur egun, bi arku kontserbatzen dira: bata ezkerraldean, Arabako Laserna zonan (Laguardia), eta bestea eskuinaldean, El Cortijon (Logroño).

1983an, monumentu historiko izendatu zuten. Zubia 164 metro luze eta 5 metro zabal izatera iritsi zen, erdi puntuko zazpi arkuk eutsita. Inguruko hareharri karetsuz eraiki zuten, zuzenean ibilguaren oinarri harritsuaren gainean.

Haren Erdi Aroko jatorria berrestea

Arabako Foru Aldundiak, Logroñoko Udalarekin lankidetzan, azken urteotan egin dituen azterlanei esker, zubiaren jatorria argitu ahal izan du, zeina erromatarrei egotzi izan baitzaie.

Arkitekturaren arkeologia nahiz teknika zientifikoen bidez egindako analisiak oinarri –hala nola lumineszentzia optikoki estimulatua (OSL) eta erradiokarbonoa (C14)–, eraikuntzaren hasiera XI. mendean kokatzen da. Kronologia horrek penintsularen iparraldean komunikazio bide berriak garatzearekin lotzen du zubia, Donejakue Bidea finkatzeak eta garaiko lurralde berrantolaketak markatutako testuinguruan.

Era berean, azterlanek agerian utzi dute azpiegitura konplexua dela, eraikuntza fase desberdinetan eraikia, eta eraldatze, hondatze eta berreraikitze prozesuen mende egona denboran zehar.

Kontserbazioa bermatzeko esku hartzea

Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak egindako lanak Arabako arkuaren egitura finkatzean oinarritu dira, 3. eta 4. pilei dagokienez, haien narriadura saihesteko eta iraupena ziurtatzeko.

Jarduketan honako hauek sartu dira:
Garbiketa eta saneamendua: eskuz kentzea harlangaitza hondatzen zuten landaredia eta sustraiak.
Egitura finkatzea: 4 pilaren barrualdea indartzea harlangaitza birjarriz, arkuaren pisua orekatzeko eta haren egonkortasuna hobetzeko.
Harlandua eta harlangaitza: Jatorrizkoaren antzeko hareharria/kareharria erabiliko da, mailakatuta jarria, argi eta garbi bereizteko zaharberritutako zatiak jatorrizko multzotik.
Iragazgaiztea: arkuaren goiko aldean kareorezko geruzak eta material tradizionalak aplikatzea, ura behar bezala husten dela ziurtatzeko eta iragazketak saihesteko.

Esku hartze hau ondarea kontserbatzeko irizpideak errespetatuz garatu da, zaharberritutako zatiak bereiziz eta multzoaren irakurketa historikoa bermatuz.

Erakundeen arteko lankidetza eta jarduketaren ibilbidea

Mantible zubia berreskuratzea Arabako Foru Aldundiaren eta Logroñoko Udalaren artean 2021ean hasitako erakunde arteko lankidetzaren emaitza da. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren ingurumen eta arkeologia txostenen eta baimenen prozesu konplexu baten ondoren, Arabako aldeko obrak 2025eko irailean hasi ziren.

Esku hartzea 2025eko abenduan amaitu zen, eta 2026ko otsailean jaso eta likidatu da; guztira, 238.164,14 euroko inbertsioa egin du foru erakundeak.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak nabarmendu duenez, "esku hartze honi esker, gure ondarearen elementu paregabe bat kontserbatzeaz gain, hura hobeto ezagutu eta testuinguru historiko errealean kokatu dezakegu.  Mantible zubia adibide bat da jakiteko nola ondareak laguntzen digun gure iragana ulertzen eta lurralde gisa dugun nortasuna indartzen".
 

Kultura Foru Aldundia

Ana del Val adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi