Turismoa | 2026 11 13

Arabak eta Vitoria-Gasteizek beren erakargarri turistikoak erakutsiko dituzte Valladolideko INTUR azokan

Egur naturalez egindako stand berri zabalagoa eta erakargarriagoa estreinatu dute

Mar Dabán foru diputatuak eta María Nanclares zinegotziak lan bilerak egingo dituzte destinoa sustatzeko
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 13a.- Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak hiriko eta lurraldeko erakargarri turistikoak erakutsiko dituzte gaurtik igandera bitartean Valladolideko Barnealdeko Turismoko Nazioarteko Azokan (INTUR). Hauek dira proposamenetako batzuk: ardorik eta gastronomiarik onenaz gozatzea Ardoaraban, probintzia ezagutzea parke naturalen eta Erdi Aroko hiribildu eta gotorlekuen bidez eta Gabonetarako planak.

Bi erakundeek stand berri bat estreinatu dute azoka honetan, zabalagoa eta erakargarriagoa, helmugako turismo baliabide nagusietako batzuen formatu handiko irudiak dituena: Erdi Aroko Almendra, Eraztun Berdea, Gatz Harana, Arabako Errioxa, barnealdeko hondartzak eta beste eremu natural batzuk, etab. Izei egur naturalez egindako stand bat da, baso arduratsuen FSC zigiluarekin ziurtatua, eta haren egiturak zuhaitzak eta landaredia gogorarazten ditu.

Mar Dabán Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak honako hau adierazi du: “INTURera goaz Valladolideko eta Gaztela eta Leongo bidaiariei Araba eta Vitoria-Gasteiz ezagutarazteko, gure lurraldera bisitari ugari erakartzen dituzten probintzia eta autonomia erkidegoa direlako. Guztira Gaztela eta Leongo 21.000 pertsonak bisitatu gaituzte urtarriletik irailera bitartean, eta 45.000 gau kontratatu dituzte gure hoteletan, landetxeetan eta apartamentu turistikoetan”.

“Beraz, merkatu igorle garrantzitsua da gure turismo enpresentzat, eta modu erregularrean gaude bertan gure sustapen estrategiaren barruan”, gaineratu du. 

María Nanclares Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotziak honako hau nabarmendu du: “foru aldundiak eta udalak lankidetzan dihardugu gure lurraldea erreferentziazko helmuga izan dadin esperientzietan, lasaitasunean eta benetakotasunean oinarritutako kalitatezko eskaintza bilatzen dutenentzat. Baditugu hori lortzeko erakargarriak: ondarea, enoturismoa, gastronomia, natura, jaialdiak...”.
 
“Valladolid probintzia, gainera, merkatu estrategikoa da, gertutasunagatik eta errepide eta tren bidezko komunikazio bikaina duelako, eta 500.000 biztanletik gorako eremua delako”, erantsi du.

Dabánek eta Naclaresek lan bilerak izango dituzte gaur sektoreko enpresekin, helmugaren sustapena indartzeko eta turismoa Vitoria-Gasteizko eta Arabako enpleguaren eta aberastasunaren eragile gisa sendotzeko. 

Azken hartzaileak

Natura, kultura eta enogastronomia dira INTURen ardatzak, eta Arabak eta Vitoria-Gasteizek hiru arlo horietako proposamen erakargarriak biltzen dituen eskaintza aurkeztuko dute azokan: Arabako ardo eta pintxorik onenak dituen eta abenduaren 4tik 8ra bitartean antolatzen den Ardoaraba, programa kultural erakargarria eta Vitoria-Gasteiz eta lurralde historikoa presarik gabe, benetako esperientzien bidez ezagutzeko planak (Erdi Aroko Almendra, Arabako erromanikoa, Santa Maria katedrala...).

Arabak eta Vitoria-Gasteizek Valladoliden egingo den Barnealdeko Turismoko Nazioarteko Azokara daramaten eskaintzaren osagai garrantzitsuetako bat turismo berde, jasangarri eta irisgarria da, eta proposamen hauek eskainiko dituzte, besteak beste: 

Arabako Errioxa eta Aiara lurraldeko hiribildu harresituen bidez lotzen dituzten “Arabako Erdi Aroko ibilbideak”; asteburuetan eta zubietan Arabako eskualde guztietako baliabide nagusiak ezagutzeko eta gozatzeko ibilbide bikainak diren “Araban galtzeko ibilbideak”; lurraldea benetako esperientzia paregabeen bidez ezagutzeko “TOP esperientziak Araban”, eta familia turismorako proposamenak.

Bizikletazale, motorzale eta autokarabanazaleentzako eskaintzak ere badira, bai eta Alavabuseko lineen bidez Araba garraio publikoz ezagutzeko gida, turismo irisgarriari buruzko gida eta Mina Lucía eta Gatz Arana bezalako baliabideak ere.

Standa bisitatzen dutenek, gainera, Vitoria-Gasteizko natura, ondare eta enogastronomiako eskaintza osoa ezagutu ahal izango dute, eta informazioa jaso Ardoarabari eta abendurako programatutako jarduerei buruz; besteak beste, Florida parkean jartzen diren jaiotza monumentalari eta izotz pistari buruz eta Ama Birgina Zuriaren plazako noriari buruz. 

Valladolideko Barnealdeko Turismoko Nazioarteko XXIX. Azokak mila helmuga inguru eskainiko dituzten 127 erakusketari bilduko ditu. INTUR jardunaldi profesionala izateaz gain, natura, kultura eta enogastronomia bila dabiltzan azken bidaiarientzako azoka da: 36.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten iazko edizioan; alegia, 2024ko edizioan baino % 3 bisitari gehiago izan ziren. 

Foru Aldundia eta Udala, aurten ere, INTURen egongo dira stand propioarekin, Valladolid merkatu garrantzitsua delako Arabako turismorako, hurbiltasun geografikoagatik, errepide eta trenbide bidez Vitoria-Gasteizekin konexio bikaina duelako, ardoaren kultura partekatzen dugulako eta eremu populatua delako: Valladolid hiriak 300.000 biztanle baino gehiago ditu, eta probintziak milioi erditik gora. 
 

Turismoa Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Mar Dabánen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi