Arabak eta Vitoria-Gasteizek beren turismo eskaintza aurkeztu diete Bartzelonako bidaia agentziei eta komunikabide espezializatuei Almudena Ciden eskutik - arabapress
Arabak eta Vitoria-Gasteizek beren turismo eskaintza aurkeztu diete Bartzelonako bidaia agentziei eta komunikabide espezializatuei Almudena Ciden eskutik
Lurraldearen natura, ondarea eta enogastronomia nabarmendu ditu gimnasta ohi, aktore eta aurkezleak
Sustapen kanpaina Madrilen eta Tolosan (Frantzia) aurkeztu zen uda aurretik eta orain Kataluniara heldu da



Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 20a.- Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak gaur aurkeztu dute Bartzelonan Arabaren eta Vitoria-Gasteizen turismo eskaintza, 50tik gora bidaia agentzia, bidaia antolatzaile eta komunikabide espezializaturen aurrean. Aurkezpenaren protagonista Almudena Cid gimnasta ohi, aktore eta aurkezlea izan da eta Araba benetako nortasuna duen helmuga gisa aurkeztu du, natura oparoa, ondare aberatsa eta maila goreneko enogastronomia berezkoak dituelako.
Almudena Cidek FITUR azokaren azken edizioan lurraldearen eta hiriburuaren "enbaxadore" aitortza jaso zuen eta adierazi du "harro" dagoela lan horiek egin ahal izateagatik. "Munduan zehar egin ditudan bidaiek nire lurra hobeto baloratzen lagundu didate. Etxetik gertukoa estimatzen ikasi dut: lasaitasuna, natura, pagadi magikoak, herriak eta eskualdeak ezagutzeko aukera ematen duten zaporeak eta beste inon ez bezalako Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Almendraren ondarea».
Bartzelonako ekitaldia Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak elkarlanean garatzen ari diren turismo sustapen estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategiaren helburua Araba kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarri gisa sendotzea da eta turismoa lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzeko motor gisa indartzea. Kanpainak, Madril eta Tolosatik igaro ondoren, Europako beste merkatu estrategiko batzuetara ere zabalduko ditu aurkezpenak, besteak beste Belgikara eta Italiara.
Ekitaldiaren hasieran, Felipe García Enplegu, Merkataritza eta Turismo zuzendariak eta María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak Arabaren eta Vitoria-Gasteizen erakargarritasun nagusiak aurkeztu dizkiete bertaratutako profesional eta kazetariei. Honakoak nabarmendu dituzte, besteak beste: Arabako Errioxa, Gatz Harana, natura parkeak, Erdi Aroko hiribilduak, Nerbioiko ur jauzia, Santa Maria Katedrala, Erdi Aroko Almendra eta Eraztun Berdea.
«Bidaiatzeko modu lasaiaz gozatzeko eta turismo desberdin, jasangarri eta arduratsua egiteko agertoki ezin hobea gara», azaldu dute.
Ekitaldiaren bigarren zatian bidaia agentzia eta bidaia antolatzaileekin egin da lan zuzena eta eskatu zaie Arabako eta Vitoria-Gasteizko produktuak beren bezeroen eskura jartzen dituzten katalogoetan sar ditzaten.
Profesionalentzako atala
Duela gutxi Araban izan den Kataluniako turismo arloko profesional batek bere esperientziaren berri eman die sektoreko gainerako ordezkariei. Haren esanetan, Arabaren indargune nagusiak dira publiko zabalaren artean oraindik ezezagun samarra den helmuga erakargarria izatea, benetakotasuna eta masifikaziorik eza, Bartzelona eta Vitoria-Gasteizen arteko hegaldi zuzena, ostatuen oso prezio lehiakorrak eta Arabaz nahiz inguruko lurraldeez gozatzeko kokapen estrategikoa.
Jarraian, Arabako Foru Aldundiak 2025ean bultzatu zuen plataforma digitala aurkeztu zaie Kataluniako bidaia agentziei eta bidaia antolatzaileei, bidaia paketeak merkaturatzeko balio duena. Espainiako eta atzerriko hogei bat agentziak erabiltzen dute dagoeneko tresna hori eta profesionalentzako atari bat osatzen du azken bezeroentzako argibideak eta baliabideekin, pakete turistikoak merkaturatu ditzaten lagungarri gisa.
Aurkezpenari amaiera emateko Almudena Cidek hitz hunkigarriak bota ditu. «Munduan zehar bidaiatu izanak nire lurra gehiago estimatzeko ikaspena eman dit. Arabak gertuko zein urruneko bisitariei hainbat gauza eskaintzen dizkigu: erosotasuna, lasaitasuna, naturarekiko harreman estua, pagadi ikusgarriak etxeko atarian eta zaporeen bidez herriak eta eskualdeak ezagutzeko aukera ematen duen gastronomia».
Aktore eta aurkezleak Araban barrena egiteko ibilbidea proposatu du: iparraldean Gorbeiako mendigunean hasi eta hegoaldera Arabako Errioxaraino eta Gatz Haraneraino, Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Almendran geldialdi berezia egin ostean. «Erdi Aroko Almendrak aukera ematen du hiriaren historia osoa ezagutzeko oso denbora laburrean eta espazio mugatuan. Hiri gutxik eskaintzen dute halako esperientziarik; agian Florentzian paseatzeak eragiten dit antzeko sentsazioa», adierazi du.
Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoek Arabako Errioxako ardoak eta Aiaraldeko txakolinak dastatzeko aukera izan dute.
Katalunia da Arabara bidaiari gehien bidaltzen dituen hirugarren autonomia erkidegoa, Euskadiren eta Madrilen ondoren, eta urteko sarreren eta gaualdien ehuneko 12 sortzen ditu. 2025ean 49.000 kataluniarrek bisitatu zuten Araba, eta ia 106.000 gaualdi kontratatu zituzten lurraldeko hoteletan, landa ostatuetan, landetxeetan eta apartamentu turistikoetan. Batez beste, bi gau baino gehiagoko egonaldiak egin zituen bidaiari bakoitzak.

