Alberto H. Tizcarenok irabazi du Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren 55. edizioa - arabapress
Alberto H. Tizcareñok irabazi du Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren 55. edizioa
Mexikoko egileak "En el baldío" ipuinarekin irabazi du saria, "El animal doméstico" ipuinen multzoa osatzen duten kontakizunetako batekin

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 13a. Arabako Foru Aldundiak Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren aurtengo (55. edizioa) epaitza iragarri du. Saria Alberto H. Tizcareño idazle mexikarrari eman zaio, En el baldío kontakizunagatik, zeina El animal doméstico izeneko ipuin multzokoa baita.
Epaimahaiak "laneko unibertsoaren batasuna" nabarmendu du, eta "familia eta komunitateko indarkeria, babesgabetasuna, errua eta zaintzaren forma anbiguoak" esploratu izana. Era berean, hizkuntzaren protagonismoa nabarmendu du, bai haurtzarokoarena, bai herriarena, eta bereziki baloratu du "ahozkotasunaren erabilera trebea eta herri hizketaren erritmoei eta erregistroei adi dagoen prosa".
Obra hau aurtengo edizioan lehiaketara aurkeztutako 366 hautagaitzen artean aukeratu dute. Lehiaketa Arabako Foru Aldundiak deitzen du eta erreferentziazko literatura sarietako bat da.
55. edizio honetako epaimahaia Antonio Altarriba Ordóñez, Sofía Balbuena Melgin, César Sánchez Rodríguez, María Fernanda Trías Patrón eta Carlos Yushimito del Valle jaun-andreek osatu dute.
Sariak 12.000 euroko zuzkidura du, eta, horrez gain, lan irabazlea osatzen duten ipuinen bilduma Fulgencio Pimentel argitaletxeak argitaratzea ere aurreikusten du.
Alberto H. Tizcareño Mexikon jaio zen 1987an eta publizista eta narratzailea da. Bere obraren ezaugarri nagusiak dira egitura berritzaileak eta errealismoaren eta fantastikoaren arteko mugan dabilen tonua. 2023an, Nuevo Leóngo Unibertsitate Autonomoak ematen duen José Alvarado Ipuin Sari Nazionala jaso zuen, bere lehen ipuin liburuagatik, Señoras izenekoagatik. 2024an eleberrigintzan debutatu zuen Casas Caídas lanarekin, zeina Fondo de Cultura Económica / Fondo Editorial Tierra Adentro argitaletxeek argitaratu baitzuen.
Ipuinak eta entseguak argitaratu ditu Mexikoko Nexos, Tierra Adentro eta Luvina aldizkarietan, eta ZUN aldizkarian, Espainian. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Sormen Idazketako Masterrean graduatua da.
2026ko Arabako literatura sariak.
Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren iragarpenarekin, Arabako Foru Aldundiak Kultura eta Kirol Sailaren bidez deitzen dituen literatura sarien aurtengo palmaresa osatu da.
Dagoeneko iragarri zen bezala, 2026an, Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketak Begoña M. Rueda eta Maite López de las Heras saritu ditu, gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetan, hurrenez hurren. Bestalde, Mikel Utrera Puelles izan da euskarazko literatura sorkuntzara bideratutako Ignacio Aldecoa Bekaren irabazlea.

